XXI. mendean hegemonia lortzeko lehia (I)
2019-12-26 11:56 BidaideKrisi ekonomikoak gainbehera politikoa eragin leikela jaubetuta, Pekin bildurretan dago.
Mendebaldeak ez dau ondo hartu Txinaren indarraldia. Herrialdeak mundura zabaltzeko hautua egin ebanean, indar kapitalistek txalotu egin zituen erreformak onurak etorriko ziralakoan. Dirua irabazteko eskulan merkea erabili eta gero lehertu egin eben barruko merkataritzea. Baina Txinak antzera jokatu eta mundu mailako eredu izaten hasi danean, edozein amarru egiteko prest dagoz, kritiketan edo salatzen izan dabenari eutsi behar bajako be. He Kexin, Shanghaiko Fudan unibersidade entzutetsuko Kanpo Hartu-emonetarako graduondoko ikasleak adierazo dauanez, Presidente aukeratu baino lehen be mirespena sentiduten neban Donald Trumpen aurrean, Ameriketako Estadu Batuen alde jokatuko ebalakoan baina ez nekian Txinaren pentzutan egingo ebala. Mendebaldeko beste herrialde batzuei mesede egin deutsen nagusitasun horri eusteko erasoaldia ez da bidezkoa, itxurakeria hutsa da zehaztu dau gazteak.
He Kexin-en eretxiz, Gerra Hotzaren antzeko testuinguruan, mundu mailan hiru bide zabaldu dira: arlo ekonomikoan, Trumpek gogor erasotu dau merkataritzea eta eraginak mundu zabalean igarri dira; teknologiaren munduan, barriz, Washington-ek 5G sarea zabaltzeko liderra dan Huawei-ren kontra egin dau, aitatu enpreseak Pekini mesede egiteko espioitza kasurik agertu ez arren; azken buruan, politika arloan, AEBak Hong Kongen izandako gobernuaren kontrako protestatan sartu dira Hong Kongeko demokrazia eta giza eskubideen Legea proponiduta; Senaduren eta Kongresuaren oneretxia eta trumpen sinadurea baino ez dira falta.
Ipar amerikarren lagun diran Japonia eta Australiak babestuta, erasoaldia sano gogorra izan da Txinan. Lau hamarkadatan urteko % 10eko hazkundearen eta mundu mailan zidarrezko dominea jaso ostean, Txinan beheraldia igarri da eta Barruko Produktu Gordina 1992tik txikiena da egun. Gobernuaren aurreikuspenak beteten badira eta urteko azken txanpan ekonomiak aurreko hiruhilebeteko datuei (% 6,2 ko igoerea) eusten badeutso % 6 eta eta % 6,5 artekoa izango da munduko herrialde populatuenaren hazkundea 2019. urtean. Datu ona da garapen bidean edo aurreratuak diran herrialde askok gura leukiena. Txinak, barriz, gehiago gura dau herritarrek eskatutako lanpostu kopurua sortu ahal izateko.
Ongizate ekonomikoa oso ona da, Alderdi Komunistearen legebidezkotasunaren zutabea. Horregaitik, krisi ekonomikoak gainbehera politikoa eragin leikela jaubetuta, Pekin bildurretan dago. Alderdi bakarreko sisteman ez dago herrialde demokratikoetako alternatibarik eta holakoetan herritarrek hauteskundeak izaten ditue gustoko politikoak aukeratzeko. Txinan gauzak txarto badoaz, herritarrak liderren indarra kolokan jarten hasi daitekez eta hori oso arriskutsua da 70 urtetan arlo politikoa kenduta gainerako arloetan malguago jokatu dauen herrialdean. Hori guztia kontuan hartuta Merkataritzako Gorabeherak misil indartsuak dira herrialdearen kontra azaldu dau izenik aitatu gura ez dauen Txinako negozio eskola bateko finantza irakasle batek. Jarrerak eta giroa bero-bero dagoz eta holakorik ez da komenidu zehaztu dau.
Txinako gobernua prest dago Trumpek ekarri dauen tensino giroari aurre egiteko eta alde biak badakie faseka konpondu beharreko arazoa dana, korapiloa askatzeko denpora asko beharko dala eta Txinako kanpo-merkataritzea dala kaltetuena. Urtarriletik urrira % 2,4koa izan zan hazkundea baina lehenengo hiruhilekoko datuak nabarmen hobeak. Urrian % 0,9 gitxiago izan ziran esportazinoak eta inportazinoak, barriz, % 6,5 gitxiago.
Bihar-etziko aurreikuspenak ez dira onak. Barruko merkatuak tirabira horreek guztiak igarri ditu eta esportazinoen pentsuko produktuetan handia da beherakadea. Enpresa askok alde egin dabe eta oso arriskutsua da hori esportazinoak motor ekonomiko eta lanpostuak sortzeko indar diralako. Zerbitzuen ekonomiara salto egiteko prozesua ez da amaitu nabarmendu dau Finantza irakasleak. Lurralde eta konpainiek sarri puztu egiten ditue estadistika ofizialak aurretik zehaztutako helburu eta amesak nabarmenduz.
Bien bitartean, Trumpek bidezkotu egiten dau Txinako ia produktu gehienak zergapetzea, indar bien merkataritzako hartu-emonetako asimetria zehaztuz. AEBek gauza asko erosten deutsoz Txinari eta gitxiago, ostera, alderantziz eta horrek merkataritza superabita dakar. Trumpen eretxiz, zerga berezien asmoa da produkzino nazionala sustatu eta Txina presionetea produktu amerikar gehiago erosi daizan eta, azken orduko datuen arabera, Txinako agintariak prest dagoz horretarako.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!