'Gernikako arbola' Euskal Herriko ereserkia?

Bizkaie! 2020-08-13 08:40   Musikea

Horren aldeko manifestua aurkeztu dabe hainbat musikarik.

Manifestuaren alde Tasiok egindako marrazkia | Ikusi handiago | Argazki originala

Jose Maria Iparragirrek sortutako Gernikako arbola kantua Euskal Herriaren ereserkia izan daitela eskatu dabe dozenaka musikarik, pentsakera guztietako euskaldunak batzen dituan abestia dalako, oso ezaguna izateaz gan. Politikariek batu ez daben herria kulturearen eta musikearen bidez batu nahi dabe. Manifestua plazaratu dabe Iparragirreren jaiotzearen 200. urteurrenaren egunean.

Gontzal Mendibil kantugile eta abeslari bizkaitarrak emon dau ekimenaren nondik norakoen barri, manifestua sinatu daben 80 bat sortzaileen izenean. Gogoratu dauenez, EAEk badauka ereserkia, Nafarroako Foru Erkidegoak be bai, baina Euskal Herri osoa kontuan hartuko dauenik ez dago. Zazpiak Bat leloa danek onartzen dabe, baina idea hori adierazoko dauen ereserkia zein izango dan ez dago erabagita.

Hutsune hori beteteko Gernikako arbola hautagairik aproposena dala uste dabe sinatzaileek. Hasieratik jenteak gustuko izan baeban be, eta euskaldun guztiak batzen dituan arren, gaur egun baztertuta dagoala dinoe. XIX. mendean sortu zanetik, kolore guztietako euskaldunek kantau ei dabe: karlistek, liberalek, ezkerrekoek, eskumakoek, abertzaleek...

Dei egin deutse gizarteari Gernikako arbola berreskuratu eta jagokon lekua emoteko. Heldu da garaia betidanik alkartu gaituen ereserki bat kantetako, gure herrialdeko jokera politiko guztiak ados jarten gaitualako, dinoe manifestuan.

Irakurri manifestua osorik hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu