Jose Maria Iparragirre gogoan

Bizkaie! 2020-08-12 10:03   Kulturea

Gaur, abuztuaren 12an, 200 urte dira Urretxuko bardoa jaio zala.

Jose Maria Iparragirreren argazkia | Ikusi handiago | Argazki originala

Jose Maria Iparragirre (Urretxu, 1820-Itsaso, 1881) jaio zanetik 200 urte bete dira gaur, abuztuak 12. Musikagile, kantari eta bertsolari trebea izan zan, eta euskal kulturearen mitoetako bat dala be ez da larregi esatea. Harenak dira euskaldun askoren gogoan ondo sartutako abesti asko, esate baterako, Gernikako Arbola.

XIX. mendeak Euskal Herrira ekarri zituan aldaketa sakonen lekuko izan zan Iparragirre. Kasu askotan, lekuko baino, protagonista: Gazte-gazterik Lehenengo Gerra Karlistan ibili zan soldadu, zauritu egin eben eta erbestean amaitu eban abentura ha. Frantzian, Alpeetan eta Ingalaterran urte gorabeheratsu batzuk pasau eta gero, Bilbora joan zan, eta han abestu eban lehenengoz Gernikako Arbola jentaurrean, 1853an.

Hurrengo urteak izan ziran Iparragirreren bizitzako arrakastatsuenak, alde artistiko zein personalean. Haren kantuak jentearen bihotzetara heltzeko erraztasuna euken, orduko euskal gizartean sua biztuten asmau eban. Poztasunak ez eban luzaro iraun, baina. Agintariak ez egozan pozik Iparragirrek eragiten zituan sentimenduakaz, eta berehala hasi zan kartzelaldiak eta erbesteraldiak probetan.

Hemengoaz kantsauta, eta bizimodu oparoagoa topauko ebalakoan, Argentinara eta Uruguaira joan zan artzain, 1858an, baina han be estuasuna ezagutu eban gehienbat. 1877an Euskal Herrira bueltau zanean, kantuan, bertsotan eta musikagintzan segidu eban, baina eskean be ibili behar izan eban Iparragirre zaharrak. 1881ean hil zan.

Pobre hil zan, bai, baina horrek ez dau esan nahi herriak ahaztu egin ebanik. Euskaldunek belaunaldiz belaunaldi gorde ditue Iparragirreren kantuak. XIX. mendean bizi izan zan arren, haren argazkiak egon badagoz, baita marraztutako erretratuak be. Gaur egun, Iparragirreren koadro edo eskulturak dagoz Gernikako kaleetan eta Batzar Etxean, Urretxun... Makina bat herrik dabe Iparragirre izeneko kale edo plazaren bat.

Gernikako Arbola da bere sorkuntzarik aitagarriena, euskaldunen ereserki bihurtua ia-ia. Beste kantu batzuk be bizi-bizirik heldu dira gaur egunera, Agur Euskal Herria eta Nere amak baleki, adibidez. Ganera, Xenpelarren Iparragirre abila dela bertso-sorteak be lagundu dau Iparragirreren figurea mito bihurtzen.

Urretxun ez eze, Euskal Herri osoan gogoratu dabe, beraz, jaiotzearen bigarren mendeurrena. Udabarrian Bilboko Loraldiak egin nahi izan eutsan omenaldi dotorea, Iparragirre, bihotzeko Jose Mari ikuskizunaren bidez, pandemiak asmoa bertan behera itxi eban arren.

Jaioterrian urte osoko egitaraua atondu dabe. Gaur, abuztuak 12, osasun arloko prebentzino-neurriek itxi daben neurrian behintzat, omenaldi berezia egin deutse Urretxun agintari, musikari, jantzari eta lora-eskaintza eta guzti. Gorka Hermosak Iparragirre ardatz dauen Urretxutik mundura konposizino musikala aurkeztu dau ekitaldian, eta herriari emon deutso lana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu