Gorka Belasko: 'Marrazki batzuk koloredunak dira, askorentzat sorpresea izan da'
2020-06-29 08:02 BarriketanMarrazkilari eta irakaslea.
Zallako lau dendatako erakusleihoak artez blai dagoz egunotan, Gorka Belasko marrazkilariaren ekimen bitxi bati esker: Osasun larrialdiagaitik ezarritako itxialdian, denden kanpoaldean egin behar ziran ilara luzeetan egoan bitartean, ikusten ebana marrazteari ekin eutsan bere koadernoan. Arrainak, ortuariak, okelea, frutak... eroan zituan orri zurira, eta, ondoren etxean sukaldean preparau eta geroko marrazkiak be sortu zituan.
Itxialdiko kronika grafikotzat jo dauen horretako 60 marrazki ipini ditu Belaskok Zallako lau denda horreetan, hau da, Ulanga arraindegian, Juantxu harategian, Enkarfrutan eta Josuren despentsan. Bide batez, denda txikiak babestearen aldeko deia zabaldu nahi dau. Marrazketa artistikoko irakaslea da Belasko Barakaldoko Beurko institutuan. Era berean, sukaldaritzeagaz lotura estua dau, alderdi akademiko zein artistikotik jorratu dau gaia. Enkarterriko ekimen kultural asko bultzatu ditu, eta liburu zein aldizkarietan agertu dira bere marrazkiak.
1.- Zure marrazkiek koadernotik erakusleihoetara egin dabe salto. Zelan sortu jatzu horretarako aukerea?
Itxialdian, ohiko saltoki txikietan egin dodaz erosketak, eta ilarak egozanez, marrazten hasi nintzan, denporea pasetako. Marrazketa irakaslea naz Barakaldoko Beurko institutuan, eta ikasleakaz egiteko ariketa legez be ikusten neban konfinamenduko marrazkiena. Behin itxialdia amaituta, pentsau neban idea ona izango zala marrazkiak koadernoetatik ateratzea, kalera eroan eta kronika grafiko lez aurkeztea. Jenteak jakinmina eukan, ilaran marrazten neban bitartean batzuek galdetzen eusten ia zer egiten nenbilen.
2.- Harrituta geratuko ziran ilarako jentea eta dendariak.
Askotan alkarrizketak eragiten zituan, berbetan hasten ginan marrazkien inguruan, jenteak galdetzen eban non jarten nebazan ikusgai. Batzuk sare sozialetan zabaldu nebazan. Esan behar da proiektu hau ez dala aurrez pentsautakoa izan, egunez egun joan naz sortzen eta egokitzen. Ganera, marrazteko denporea mugatua da, hau da, ilaran nengoan artean amaitu behar neban, eta hori nabaritu egiten da marrazki batzuetan.
3.- Inprobisazinoaren emoitzea da, beraz?
Zuzen-zuzeneko lana da, momentuan topau dodanagaz osotua. Ilarea mobidu egiten da, horregaz jokatu behar dozu, beti dago inprosazinoa. Etxean egindako marrazkietan pentsau leiteke trankilago ibili nintzala, baina ez. Jatekoa preparau eta bizkor-bizkor marraztu behar neban, hotzitu baino lehen! Hamar minutuan egin behar izaten neban marrazkia.
4.- Arraina, frutak, plater gozoak... Gai horretara mugatu da zure sorkuntzea itxialdian?
Ez, ez. Itxialdiko bizitzea erosketak egin edo sukaldean ibiltea baino gehiago izan da. Esate baterako, Zallan eguenero egiten dogu Zaldibarko auzia argitu deien eskatzeko alkarretaratzea [desagertuetako bat Zallan bizi zan], eta horren inguruan marrazten hasi nintzan. Badaukat gogoa serie hori amaitu eta aurkezteko, ia laster Joakin eta Alberto topetan dituen. Dana dala, erakusleihoetako erakusketarako marrazkiak aukeratzerakoan, denda bakotxean erositakoak baino ez doguz kontuan hartu, eta dendearen arabera sailkatu. Hortaz, lau moltsotan banatu doguz: Ulanga arraindegian, esaterako, hango ilaretako marrazkiak, edo han erositako arrainenak, ipini doguz; Juantxu harategian bardin, txuletak eta halakoak. Josuren despentsan, txitxirioak, indabak, ogia... Azkenik, Enkarfrutan, gehienbat frutak eta barazkiak.
5.- Artelantzat baino gehiago, kronika grafikotzat dozuz marrazkiak. Zergaitik dinozu hori?
Nik beti azpimarratzen dot koadernoan egiten dodana ez dala artea, kronika grafikoa baino, marrazkiek nire begien aurrean egon dan errealidadea erakusten dabelako. Askotariko errealidadea da, batzuetan aldarrikatzailea, beste batzuetan egunerokoari lotua. Institutuko ikasleak be gogoan izaten dodaz, beti esaten deutset koadernokoa ez dala artea, eta horrek presinoa kentzen deutse. Kontua da errealidadea begiratu eta jasotea. Gero, emoitzea interesgarria izango da, edo ez. Baina, seguru, egiten dogun bitartean zeozer ikasi doguna. Marrazkia akatsez josita egon leiteke, bana kontakizun baten parte da. Ganera, koadernoak beti emoten deutsu bigarren aukera bat: Egiten zabizana ez bajatzu gustetan, orria pasau eta barriro hasi zaitekez.
Ikasleei esaten deutset koadernoa beti aldean eroateko, eskuan josita egongo balitz legez, edozein momentutan erabili ahal izateko. Semeak behin esan eban aita ez da inoiz aspertzen, ze ilara baten itxaron behar dodan bakotxean, koadernoa atera eta aurrean dodana marrazten hasten naz.
6.- Erakusketako marrazki batzuk koloretsuak dira, beste batzuk, ostera, zuri-baltzezkoak.
Beti esaten dot nire estiloaren jatorria nire gabezietan dagoala. Kolorea, hain zuzen be, ez da inoiz izan nire indargunea. Normalean zuri-baltza erabili izan dot, baina, jakina, ikasleei ezin deutset erakutsi nik gustuko dodana, eurentzat baliozkoa izango dana baino. Kaleratu dodazan liburuetan eta sasoi baten Enkarberriak aldizkarirako egin nebazan marrazkietan zuri-baltza erabilten neban testuagaz batera, kolorearen faltarik ez neban igarten. Institutuan marrazketea erakusten hasi nazenean hasi naz kolorea lantzen. Hori bai, koloreagaz dodan burruka horretan, ahalegintzea eta ekitea erabagi dot. Erakusketako marrazki askotan koloreak dagoz, eta ezagutzen naben askorentzat sorpresea izan da.
7.- Sukaldaritzea da zure beste pasinoetako bat, erakusketan agirian geratzen da hori. Inspirazino-iturria da zuretzat sukaldean ibiltea?
Olgetan ibilteko beste modu bat da niretzat. Momentu baten interes bizia izan neban gai honetan, euskal sukaldaritza barria tesirako gaitzat hartzea be pentsau neban. Ondoren, ziabogea egin neban, eskuragarriagoa dan sukaldaritza klase batera jota. Itxialdian astia izan dodanez, ahalegindu naz beste errezeta batzuk egiten, amari bere errezetak galdetzen... Jokoa emoten deust sukaldaritzeak, kultureagaz dauen loturea ahaztu barik. Gaur egungo sukaldaritzearen inguruko ikuskizunetik urruntzen naz, nahiago dot hurreko produktuak bilatu, atzean daben jakituria ezagutu, aurreko belaunaldiek egindakoa eguneratu... eta beti etxean egin ahal izateko zeozer izan daitela.
8.- Denda txikien aldeko aldarria zabaltzea da erakusketearen helburuetako bat. Covid-19a kolpe handia izan da Zallako dendarientzat?
Leku guztietan dagoan egoerea sufriduten dabe. Beharbada, saltoki handiak indartzeko politikak egon dira urteotan, eta horrek jentearen ohiturak aldatu ditu. Horri gehitu behar jako Covid-19ak eragin dauen guztia. Nik beti ikusi dot denda txikiek herriko kultur eta kirol ekintzak babestu izan dituela, eta oraindino egiten dabe, merkatalgune handiak baino hurragokoak diralako. Hortaz, erakusketa hau eurentzako babes moduan aurkeztu dot, baina badakit sostengurik eraginkorrena denda txikietan erostea dala.
9.- Eskualdearen garapenagaz lotura estua dau merkataritza txikiak. Enkarterriren biziraupenerako bidea zein izan leiteke?
Niri zera jatort burura, Enkarterrirako egiten diran planak eta orain dala 30 urte aurkeztu ziranak oso antzekoak dirala. Enkarberriak aldizkarian ibilten nintzanean gogoan dot zelako gauzak esaten ziran eskualdea bizibarritzeko, eta gaur egungo agintarien diskursoa bardintsua da. Aurretik egindakoa barriro eginda leku berera helduko gara, plan estrategiko ugari aurkezten dira, baina ez dabe funtzionau. Ez daukagu proiektu industrial sendorik, eskualdeari jaten emongo deutsan iturririk. Zalla Bilboko auzo bihurtu dabe, jentea lo egitera dator hona, baina gabeziak eragin ditu estrategia horrek.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!