Gorka Belaskoren marrazkiak Zallako erakusleihoetan

Bizkaie! 2020-06-18 11:49   Kulturea

Konfinamenduan egindako obrak herritar guztiei erakustea da asmoa.

Gorka Belaskoren koadernoko marrazkietako bat (argazkia: Gorka Belasko) | Ikusi handiago | Argazki originala

Marraztea da Gorka Belaskoren pasinoetako bat, eta Covid-19aren ondoriozko konfinamenduak horretarako aukerea zabaldu eutsan: Erosketak egiten urten, eta segurtasun arrazoiakaitik itxaron beharreko ilaretan marrazten hasi zan, inguruan ikusten eban mundua papelera eroateko asmoz. Marrazkietako batzuk sare sozialetan ikusi ahal izan dira, baina, orain, Zallako herritar guztiek gozetako moduan ipiniko ditue, herriko lau dendatako erakusleihoetan.

Hilaren 26an hasiko dan erakusketea Arte Bizkarra Kulturgintzeak antolatu dau, Mikel Belaskoren 60 marrazki ardatz dirala. Ulanga arraindegia, Juantxu harategia, Enkarfruta eta Josuren despentsa komertzioen leihoetan ipiniko ditue, eta kalera begira egongo diranez, herritarrek eguneko 24 orduetan disfrutau ahal izango ditue.

Dendetan erositakoak marrazkiei esker beste bizitza bat hartzen dauela dino autoreak: Arrainak, frutak, okelak eta ogiak modelo bikain bihurtu dira Belaskorentzat. Dendan dagozanetik mahaira heldu bitarteko prozesua batu dau marrazki bidez, bizipozez betetako ikutu koloretsua emonda.

Erakusketa fresko eta gordina da, aurrez aurretik preparau bakoa, eta dendetan erakusteko be ez dabe aldaketarik egingo, koadernotik leihoan esegiteko euskarrira dagozan moduan pasauko ditue. Ikusleak ulertu behar dau ez dirala artelanak, kronika grafiko baten isladea baino.

Erakusketeak beste helburu bat be badauka, konfinamenduaren kronika grafikoa egiteaz gan. Hain zuzen be, hurreko elikagaiak saltzen dituen denda txikien alde egin nahi dau Gorka Belaskok, osasun krisiagaitik momentu txarrean dagoz eta. Zallako dendariek atsegin handiz hartu dabe erakusketea euren erakusleihoetan ipinteko proposamena.

Gorka Belasko artzentalestarra artistea eta irakaslea da, marrazketa artistikoa erakusten dau Barakaldoko Beurko institutuan. Era berean, sukaldaritzeagaz lotura estua dau, alderdi akademiko zein artistikotik jorratu dau gaia, Zallako erakusketea lekuko. Enkarterriko ekimen kultural asko bultzatu ditu, eta liburu zein aldizkarietan agertu dira bere marrazkiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu