Erromantizismoa ardatz Euskadiko Orkestrearen 2020-2021 denporaldian

Bizkaie! 2020-06-05 13:53   Musikea

Programazinoa eta aretoak egokitu behar izan ditue pandemiagaitik.

Etxea ez da leku fisiko jakin bat, personakan dago etxea, Robert Treviño Euskadiko Orkestrako zuzendariak adierazo dauenez. Horregaitik, danok batzen gaituen leku bihurtzeko asmoagaz berrekin deutso bere jarduereari Orkestreak: Kontzertu bat ez da ekitaldi bat bakarrik, kulturea, pasinoa, artea, entretenimendua eta zaletasuna biziteko aukerea be bada, dino Treviñok.

Euskadiko Orkestrearen irudi barria eta 2020-21 denporaldia idea horren ganean eregi ditue, Covid-19aren osteko sasoiko gizartean lekua bilatzeko. Halandabe, alderdi praktikoago batetik be begiratu behar izan deutse pandemiaren ondorioei: Aretoen edukierea % 50 txikituko dabe, eta 2020-21eko programazinoa egokituta dator.

Lehen abonu-programa biak holan egingo dira: lehenengoa, Schubert izenekoa, saio bikotxean eskainiko dabe arratsaldean (18:00 eta 20:15), bakotxean publikoaren erdia sartu daiten. Bigarrenean (Wagner) uri bakotxaren araberakoak izango dira hartutako neurriak, baina formula nagusia izango da kontzertu-egun bat gehiago emotea egitarauari. Abuztuaren amaieran, aretoetako segurtasun neurriak zehatzago pentsauko ditue, momentuko egoerearen arabera.

Schubert eta Wagner tartean egonda, jakina, Erromantizismoa izango da denporaldiaren ardatza. Franz Schubert austriarraren sinfonia guztiak eskainiko ditue, eta Robert Schumann alemaniarrak be lekua izango dau egitarauan. Richard Wagnerrek Erromantizismoa zelan irauli eban ezagutzeko modua be egongo da.

Horrezaz gan, epe luzeko egitasmoakaz segiduko dabe. Horreen artean dagoz Gustav Mahlerren sinfonien zikloa, Bartok eta Rachmaninov hainbat ziklotan eta musika-obren trukea. Azken horren barruan, Gary Carpenterren Ghost Songs ekarriko dau Euskadiko Orkestreak. Horrezaz gan, Elkano: Mundubira musika bidelagun egitasmoaren hurrengo pausuak egingo ditue.

Nazinoarteko birei jagokenez, Italia izango dau jomugan Orkestreak: Udine, Bergamo eta Bresciara joango da 2021eko apirilean, eta Kroaziako Zagreb uriburua be bisitauko dau.

Robert Treviño izango da Euskadiko Orkestrako zuzendari titularra 2020-21ean, eta emonaldi batzuetan hartuko dabe parte Hans Graf, Michel Tabachnik, Ruth Reinhardt, Gemma New eta Anja Bihlmaierrek be. Bakarlari konbidaduei jagokenez, Pablo Ferrández biolontxelojolea, Vadim Gluman biolinjolea, Nikolai Lugansky pianojolea, Behzod Abduraimov pianojolea eta Manuel Walser baritonoa dagoz egitarauan.

Lankidetzetan be oparoa izango da denporaldi barria. Batetik, Kalakan taldeagaz Xalbadorren inguruko grabazino bat egingo dabe, Aire Ahizpak eta Amets Arzallus kolaboratzaile eta Unai Urretxo zuzendari dirala. Bestetik, erakunde laguntzaile batzukaz dituen konpromisoei eutsiko deutse (OLBE, Musika-Música, Miramongo Matinéeak...).

Ohiko moduan, Donostian, Bilbon, Iruñean eta Gasteizen izango dira programako emonaldi nagusiak, irailaren 25ean hasi eta 20201eko bagilaren 17an amaituta. Lehenengo hiru urietan 19:30etara aurreratu dabe kontzertuen ordua, zaleek holan eskatu dabe eta. Gasteizen, 20:00etako betiko orduari eutsiko deutsie.

Denporaldi barrirako asmoak bideo honetan batu ditu Orkestreak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu