Euskadiko Orkestreak irudi barria estreinau dau

Bizkaie! 2020-06-03 08:36   Musikea

Betiko helburuei eutsita, gizartearen bilakaereagaz bat egitea da asmoa.

Orkestrako musikariak eta irudi barria erdian | Ikusi handiago | Argazki originala

Aro digitalean bere lekua egiteko, Euskadiko Orkestreak ikur edo logotipo sinplea, zuri-baltzezkoa, sortu dau, aurrerantzean bere euskarri guztietan erabili eta erakundea identifiketako modu erraza izan daiten. Marka barriak lema barria be badakar: Alkartzen gaituen zirrarea. Orkestrearen musikeak biztuten dauen sentimendua jasoten dau goiburu horrek, baita arte eta kulturearen pasinoa, lurraldeagaz dauen loturea eta bizitzeko modua be.

Izena be Euskadiko Orkestrea izango da aurrerantzean, orain arte erabili diran EO, EOS, OSE eta bestelakoak baztertuta, gizartearen aurrean markea indartzeko ez dalako aproposa horrenbeste izen izatea. Bere nortasun eta esentzia aldaezinen erakusle fidela da izena, Orkestrearen esanetan: tradizinoa eta etorkizuna, dotoretasuna eta garaikidetasuna, artea eta izakerea, batasuna eta aurrerabidea.

Nazinoartean erabilteko, ingelesezko Basque National Orchestra izenari be eutsi deutso. 

Izena eta itxurea aldatzeak ez dau ekarriko izana eta mamina aldatzea, Euskadiko Orkestreak ziurtatu dauenez. 1982an sortu zanetik izan dituan helburuei eutsiko deutse: Musikea ondasun unibersal eta kultural lez sustatu eta garatzea. 38 urteotan, baina, gizartea goitik behera aldatu da, baita kulturea kontsumiduteko moduak be. Gaur egun, euskal gizartea garatzen doan neurri berean Euskadiko Orkestreak misino horregaz konpromisoa izaten jarraitzen dau, eta gizarteagaz batera egin nahi dau eboluzinoa.

Arrazoi horregaitik ibili dira gogoetan orkestrako musikarien zein kanpoko kolaboratzaileen eta lagunen lankidetzeagaz. Prozesu horren helburua personakaz gehiago konektetea eta eragile kultural eta soziala izatea da. Hortik dator irudi barria.

Halandabe, itxura aldaketea bidearen hasierea baino ez da: Bide hau alkarregaz egin beharko da eta gizartearen inplikazinoa beharrezkoa izango da. Guztion artean eregi ahal izango dogulako geure amesetako markea.

Marka barria aurkezteko bideoa ikusi hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu