Gasteizko 44. Jaialdia bertan behera
2020-06-05 12:38 MusikeaAukera guztiak aztertu ditue antolatzaileek, baina ez dabe urtenbide hoberik topau.
Getxokoa ez dabe egingo, eta Donostiako Jazzaldiak aspaldi iragarri eban formatu apalagoko edizinoa izango dala aurtengoa. Gasteizen, ostera, orain arte ez dabe erabagirik hartu nahi izan, azken momentura arte aukera guztiak zabalik izateko. Antolatzaileek dinoe alternatiba posible guztiak aztertu dituela, baina Gasteizko Nazinoarteko Jazz Jaialdiaren 44. edizinoa bertan behera ixtea beste aukerarik ez dabela.
Covid-19ak ekarritako osasun larrialdia gogoan, segurtasuna eta osasuna beste gauza guztien ganetik dagozala azaldu dabe, eta erispide hori nagusitu da erabagia hartzeko orduan, azken momentura arte Gasteizko Jazz Jaialdia egin daiten burrukan ibili diran arren.
Hortaz, 2020ko udan ez da jazz jaialdirik izango Arabako uriburuan, lau hamarkada baino gehiagoko ohiturea apurtuta. Antolatzaileek zehaztu dabenez, 44. edizino hau ez dabe guztiz bertan behera itxi, atzeratu baino, 2021eko udan berreskuratzeko asmoz. Talde apala da antolatzaileena, danak dira boluntarioak, eta horregaitik, zentzunezko erabagia 2020koa baztertu eta 2021ekora lanean hastea dala dinoe.
Pandemia hasi baino lehentxuago Gasteizko Nazinoarteko Jazz Jaialdiko egitaraua ia guztiz zarratuta egoan, eta sarrerak saltzen be hasi ziran. The Charlie Parker Legacy Band, Branford Marsalis, Anne Paceo eta Antonio Sánchez ezagunak egozan kartelean, besteak beste. Ilusinoa eragiten euskun proiektua geunkan, adierazo dabe antolatzaileek ohar baten.
Eskerrak emon deutsez Gasteizko Jazzaldia egiteko ezinbestekoak diran laguntzaile guztiei: Publikoari, babesleei, teknikariei, garbitzaileei... Hau ez da erraza izan. Sufridu be egin dogu, negarrez eta, 20:00etan, txaloka. Baina ezin izan gaitu menperatu. Animo. Eutsi goiari... eta maitasunik gorena. 2021ean ikusiko dogu alkar!.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!