Donostiako 55. Jazzaldia desbardina izango da

Bizkaie! 2020-04-30 10:09   Musikea

Aurreikusitako egitaraua bertan behera itxi daben arren, bertoko artistakaz kontzertuak egingo ditue.

Silvia Pérez Cruz, Toquinho eta Javier Colinaren kontzertua, Trinidade plazan, 2019ko edizinoan (argazkia: Heineken Jazzaldia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Garagarrilaren 22tik 26ra egitekoa dan Donostiako 55. Jazzaldiari be eragin deutso Covid-19aren pandemiak, nazinoarteko zein bertoko izarrakaz programauta izan dituen emonaldiak bertan behera itxi behar izan ditue eta. Halandabe, antolatzaileek aurreratu dabe Jazzaldia egingo dabela, formatu desbardin eta apalagoan bada be.

Osasun larrialdiagaitik hartu beharreko neurri zorrotzak dirala eta, ezin da espero atzerritik jente askorik etorriko danik, eta zalantzan dago kanpoko musikariak hona etorteko baldintzak beteko diran garagarril amaierarako. Hortaz, 2020ko Jazzaldi berezian bertoko artistak eta publikoa izango dira ardatza. Trinidade plazan egongo da oholtza nagusia. Entzule gitxiagorentzako lekua egongo da, segurtasunagaitik.

Jazzaldi bereziaren inguruko zehaztasun gehiago geroago emongo ditue, osasun egoerea zelan dagoan ikusi eta egitaraua lotu ahala. Edozein kasutan, osasun arduradunen eta Eusko Jaurlaritzearen aginduetara dagozala adierazo dabe antolatzaileek. Ez dabe baztertu Jazzaldia egiteko baimenik edo bermerik ez jasotea eta formatu txikiko hau be ezin egitea. Azken baten, pandemiaren bilakaerea ezin da aurreikusi.

Urtero legez, ospe handiko musikariak egon dira 55. Jazzaldiaren egitarauan, besteak beste, John Zorn, Kenny Barron, Abdullah Ibrahim, Dave Holland eta Kurt Elling. Sarrerak saltzen hasita be egon dira, eta antolatzaileek azaldu dabe maiatzean bueltauko deutsiela dirua internetez erosi zituenei. Victoria Eugeniako txarteldegian erosi zituenei, barriz, antzokia atzera zabaltzen dabenean emongo deutsie pagautako dirua.

Getxoko Jazzaldia Donostiakoa baino lehen egingo da, garagarrilaren 1etik 5era. Nazinoarteko artista bi, Ron Carter eta Cyrille Aimée, etorriko dirala iragarri eben orain dala aste batzuk. Edozelan be, Donostian hartu daben erabagia ikusita, Getxokoa be zalantzan dago, Udalak oraingoz ezer ofizialik esan ez dauen arren.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu