Euskarabentura datorren urtera atzeratu dabe
2020-06-02 09:10 Euskerea berbagaiUda honetarako beste alternatiba batzuen bila dabiz.
Hasiera baten, garagarriletik abuztura atzeratu eben 2020ko Euskarabentura, Covid-19ak eragindako osasun larrialdia kontuan hartuta. Ekimenaren Batzar Orokorrak, baina, behin betiko erabagia hartu dau orain: 2020ko Euskarabentura 2021eko udan egingo da, aurreikusitako egunetan egitea ez dalako segurua.
Horrek zera esan nahi dau, aurtengo edizinorako aukeratu dituen gazteei datorren urtean parte hartzeko aukerea emongo deutsela. Edade aldetik, 2004an jaiotakoek ez dabe horretarako arazorik izango. 2003an jaiotakoen kasuan, ostera, berez Euskarabenturan egoteko edadea gaindituta izango dabe 2021ean, baina antolatzaileek aztertu egingo dabe zer egin, eta parte-hartzaileakaz banan-bana jarriko dira hartu-emonetan.
Hirugarren edizinoa betetekoa izan da Euskarabentura aurtengo udan, eta Euskal Herri guztiko ehun gazte baino gehiago hilabetez alkartzeko asmoa izan dau, euskal kultura, ondare eta hizkuntzearen inguruan. Mauletik Getxora oinez joatekoak izan dira, etapaka eta begiraleen laguntzinoagaz.
Aurtengo edizinoan parte hartzeko 300 gazte euskaldunek baino gehiagok emon eben izena: Heren bat inguru bizkaitarrak, lauren bana gipuzkoarrak eta nafarrak, eta Araba, Lapurdi eta Zuberoakoak be egon dira, diasporako bigaz batera. Antolatzaileek 120 aukeratu ditue, lurraldetasunaren eta interesen araberako erispideak erabilita. 2020an barik, 2021ean ezagutuko dabe alkar.
Edozelan be, Euskarabenturako antolatzaileek ez dabe udea guztiz galdutzat jo nahi. Alternatiben bila dabizala adierazo dabe, eta sare sozialetan emongo dabela horren barri. Euskarabentura ez da amatauko, dinoe. Ganera, irailean, 2021eko espedizinoa inoiz baino gogo handiagoagaz prepareteari ekingo deutseela agindu dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!