Ingurumenaren Egunagaz bat egin dau Elhuyar aldizkariaren zenbaki barriak
2020-06-02 07:58 Pil-pileanAzalean Martin Etxauriren obra artistiko saritua ipini dabe.
Bagilaren 5ean izango da Ingurumenaren Munduko Eguna, eta hori gogoan hartu dau Elhuyar zientzia eta teknologia aldizkariaren 338. zenbakiak, hiruhileko honi jagokonak. Bilgarri biodegradagarriz jantzita heldu jake harpidedunei, eta, barruan, ingurumen-gaiak dira nagusi: industria kimikoari buruzko erreportaje landua, etorkizuneko belaunaldiei arrisku nuklearraz ohartuarazoteko azterketea, mikroplastikoek osasunean daben eraginaren analisia...
Horrezaz guztiaz gan, alkarrizketa potoloak be badakarz ale barriak. Esate baterako, Ana Zubiaga Elordieta genetikan doktore eta ikerlari bizkaitarragaz luze eta zabal egin dabe berba Elhuyarrekoek, CAF-Elhuyar Ibilbidearen Saria emon deutsiela eta (Bizkaie!-n be egin geuntsan alkarrizketea, irakurri hemen).
Beste alkarrizketa bat Fernando P. Cossío Mora Ikerbasqueko zuzendari zientifikoari egin deutse. Ganera, Pecival Lowellen istorioak kontau, lurpeko irudi harrigarriak ekarri eta Aditu.eus plataformea aurkeztu deusku 338. Elhuyarrek.
Maminez ez eze, azalez be ondo jagondako alea da honako hau. Martin Etxauri Sainz de Murieta artisteak egindako Fossil Plastics-Alegiazko enborrak obrea ipini dabe aldizkariaren azalean. CAF-Elhuyar Sarietako igazko edizinoan eskuratutako bekeari esker sortu dau Etxaurik artelana. Gure gizartearen kontraesanak agirian ixten dituan piezea da, eta bat dator Ingurumenaren Munduko Eguneko mezuagaz.
Zenbaki barria eskuragarri dago dagoeneko, 5,90 euroan, baina harpidetzea be egin leiteke: Lau ale urtean 20 euroren truke. Elhuyar etxean jasoten dabe harpidedunek, eta webguneko eduki berezietarako sarbidea be badabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!