Zientzia gizarteratzeko ahalegina saritu dabe CAF-Elhuyar Sarietan

Bizkaie! 2020-04-29 10:35   Pil-pilean

Galder Gonzalez, Leire Sangroniz, Josu Lopez Gazpio eta Ana Zubiaga dira irabazleak.

Galder Gonzalez, Leire Sangroniz eta Josu Lopez Gazpio (argazkiak: Elhuyar) | Ikusi handiago | Argazki originala

Kultura zientifikoaren beharra agiri-agirikoa dan egunotan emon ditue ezagutzera aurtengo CAF-Elhuyar Sarietako irabazleak. Zientzia eta teknologia gizarteratzeko lanak eta egitasmoak autortzea da sariketearen helburua, eta oraingoan hiru izen nabarmendu ditu epaimahaiak, aurkeztutako 41 lanen artean: Galder Gonzalez, Leire Sangroniz eta Josu Lopez Gazpio. Horreei gehitu behar jake Ana Zubiaga Elordieta genetikan katedraduna, Merezimenduzko Saria emon deutsie eta.

Neiker sari berezia (lehen sektoreko lan onena saritzen dauena) eta Zientzia Gizartean sorkuntza-bekea emon barik itxi ditu epaimahaiak, erabagi dabelako aurkeztu diran lanek ez dabela sarituak izateko nahikoa kalidaderik.

- Dibulgazino-artikulu orokorren kategorian irabazi dau Galder Gonzalezek, Io eta argiaren abiadura izenburuko testuagaitik. Euskerazko Wikipedian argitaratu eban artikulua. Epaimahaiaren eretxian, egileak ikuspegi historikoa aukeratu dau zientziak aurrera zelan egiten dauen azaltzeko, eta lan irakurterraza, erakargarria eta bitxia osotu dau, irakurlearen arretea atrapetan dauena.

- Egileen doktore-tesian oinarritutako artikuluen atalean, ostera, Leire Sangroniz Agudo kimikan doktorea izan da irabazlea, Polimero birziklatu aurreratuen garapena: plastiko-hondakinei bizi berri bat emanez lanagaitik. Epaimahaiaren arabera, gaur egun ahoz aho dabilen arazo bati erantzuten saiatzen da tesia. Ganera, egindako lan zientifikoa oso modu dibulgatiboan dago azalduta.

- Zientzia-kazetaritzako lanen kategorian Josu Lopez Gazpio saritu dau epaimahaiak, Musikaren zientzia artikuluagaitik, zientzia-dibulgazinoaren adibide aproposa dalako. Entretenigarria eta erakargarria be begitandu jake epaimahaikideei.

Ezohikoa dan osasun-larrialdian, antolatzaileek ezohiko moduan emon ditue jakitera aurtengo saridunak, ez dalako sari-banaketarako ekitaldirik izan. Halandabe, saridunek bardin-bardin jasoko dabe irabazle bakotxari jagokon 2.000 euroko diru-saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskulturea.

Merezimendu Saria

Ana Zubiaga Elordieta genetikako katedradun eta Jakiundeko kideari emon deutso Elhuyar Fundazinoak aurtengo Merezimendu Saria, bere alorrean euskerea normalizetan eta zientzia gizarteratzen egindako ahaleginagaitik

Zubiagak Giza Genetikako eskola teorikoak eta praktikoak emoten ditu EHUn. Ikertzaile be bada, eta Minbiziaren Biologia Molekularra ikerketa-taldearen arduraduna. Horrezaz gan, EHUko Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorretako Adierazpen Genikoko Unidadearen arduraduna da, eta Animalien Ongizaterako Etika Batzordeko kidea, besteak beste.

Dibulgazinoan be badabil Zubiaga, besteak beste Elhuyar aldizkarian eta Teknopolis saioan agertu izan dira bere azalpenak, euskeraz, baita komunikabide orokorretan be. Ohiko parte-hartzailea da Kultura Zientifikoko Katedrearen egitasmoetan.

Ana Zubiaga, Merezimendu Sariaren irabazlea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu