Ana Zubiaga: 'Goi mailako zientzia euskeraz be landu leiteke'

Dabi Piedra 2020-05-18 08:00   Barriketan

Zientzialaria, irakaslea eta dibulgatzailea.

2020ko CAF-Elhuyar Sarietan ibilbide osoaren autortzea egin deutsie Ana Zubiaga Elordieta bizkaitarrari, bere alorrean euskerea normalizetan eta zientzia gizarteratzen egindako ahaleginagaitik. Genetikako katedraduna eta Jakiundeko kidea da. Gaur egun, EHUn dabil beharrean, irakasle eta ikertzaile, Minbiziaren Biologia Molekularra taldearen buru. Mundu zabaleko beste unibersidade batzukaz sarri ibili da alkarlanean, eta artikulu ugari idatzi ditu nazinoarteko aldizkari zientifikoetan.
 
Euskal Herriko komunikabideetan kolaborazinoak idatzi eta publiko orokorrarentzako berbaldiak emoten ditu, dibulgazino zientifikoaren defendatzaile sutsua dan ezkero. Gai zientifikoak euskeraz lantzeko ahalegina egin dau beti, hasieran horrek burukomin batzuk eragin eutsazan arren.
 
 
1.- Ibilbide osoagaitik saritu zaitue, autortza handia da hori.
 
Esan gura dau urteetan ibili nazala honetan, eta pozarren jasoten dira halako sariak. Bultzadea emoten dau aurrera jarraitzeko.
 
 
2.- Batez be genetika arloan zabiz, minbiziari aurre egiteko moduen bila. Zer da egunero egiten dozuna?
 
Minbiziaren oinarri molekularra aztertzen dogu, jakin ahal izateko horreek molekulek zelako ekarpena egiten daben minbiziaren sorreran. Pentsau behar da, berez, molekulak ez dirala minbizirako sortzen, hortaz, aztertu behar dogu zelan jokatzen daben egoera normal baten, eta zer aldatzen dan gaixotasuna eragiten hasten diran kasuetan. Ikusi dogu molekula horreek beste batzuen jokabidea erreguletan dabela, jerarkia moduko bat dago. Bestetik, orain badakigu batzuetan minbizia sortzen dabela, baina beste kasu batzuetan kontrakoa, gaixotasuna ezabatzen laguntzen dabe. Jokabide batera edo bestera zerk bultzatzen dituan asmatzea da gakoa.
 
 
3.- Minbizia guztiz osatzeko modurik ez da topau oraindino. Zu baikorra zara?
 
Garbi dagoana da tratamendu bakarra ez dala nahikoa izango minbizi guztientzat, inondik inora be ez. Tratamendu konbinaduak behar doguz, minbiziari frente askotatik eraso egiteko, eta ni baikorra naz, ze eraso horretako parteren baten ekarpena egin leike gure lantaldeak.
 
 
4.- Genetikearen sekretuak arrotz egiten jakuz askori. Zu zelan heldu zinan alor hori ikertzera?
 
Askotan ez da izaten hasieratik aukeratutako gauza bat, bidea egiten gabizan neurrian hartzen dira erabagiak. Ikerlari izatearena aspalditik gustetan jatan kontu bat zan, gauzek zelan funtzionetan daben jakitea. Biomedikuntzeaz aparte, eboluzinoa, naturea... beti gustau izan jataz. Natur Zientzietako beste bide bat be aukeratu ahal izan neban, baina biomedikuntzan aukera batzuk sortu jatazan eta horrek eroan ninduan geneetan, genoman eta halakoetan sakontzera.
 
 
5.- Genetikan sakontzen hasi, eta nazinoarteko aldizkarietan idaztera eta atzerriko erakundeetan parte hartzera heldu zara. Mundura zabalik bai, baina euskerea ez dozu inoiz baztertu alor profesionalean.
 
Ez da erraza izan, ze pentsau, ni hasi nintzanean euskeraz Natur Zientzietan bide luzea egoan egiteko eta alfabetatze zientifiko moduko bat egin behar izan neban: Kontzeptu zientifikoak euskeraz zelan esan, azalpenak zelan emon... Baina gehien maite dodazan gauzen artean dagoz euskerea eta zientzia. Biok buztartzeko ahalegina egiten dot beti.
 
Badakit, eta onartzen dot, zientzian hizkuntza nagusia ingelesa dana. Ikasleei eta doktoregaiei esaten deutset ingelesa inportantea dala, ondo ikasi behar dabela. Baina gu Euskal Herrian bizi gara, eta euskeraz guk egiten ez badogu, nork egingo dau ba? Jakintza barriak zabaltzeko artikuluak ingelesez idazten dira gaur egun, baina gure esparru txiki honetako gauzez euskeraz be idatzi leiteke, eta beti ipini dot praktikan: Klaseak euskeraz emoten dodaz, hizkuntza zientifikoa ondo landu... eta gradu zein master amaierako lanak euskeraz izatea be bultzatzen dot. Ingelesa beharrezkoa da, bai, baina goi mailako zientzian badagoz eremu asko euskeraz landu leitekezanak. 
 
 
6.- Hasi zinanetik gaur arte, euskereak aurrera egin dau mundu akademikoan?
 
Upealako desbardintasuna dago. Lehen, berba zientifiko batzuk euskeraz zelan esan be ez genkian, eta erabagi behar genduan mailegua hartu, egokitzapenen bat egin ala zer. Bestetik, azalpenak zelan emon be asmau behar izan dogu. Lagunarteko hizkeran danok egiten dogu, baina gai zientifikoak azaltzeko moduak landu egin behar izan doguz. Asko aurreratu dogu.
 
 
7.- Gai zientifikoen inguruan idatzi izan dozu Elhuyar aldizkarian eta hedabide orokorretan, euskeraz.
 
Hor, batez be, Elhuyar ibili da gogor, nik miresmen handia deutsat, urteak daroazalako zientzia eta dibulgazinoa modu errazean jenteari hurreratzen, lan itzela da. Nik neure ekarpen txikitxua egiten dot.
 
 
8.- Berbaldiak be emoten dozuz, publiko orokorrarentzat zein eskoletan. Zientziarako zaletasuna gaztetatik bultzatu behar da?
 
Ni horren aldekoa naz, ze ikusi dot jenteak badauela interesa zientzian. Baina, askotan, kikildu egiten dira, ez dabe galdetzen. Zientzialariok gure bolatxuan sartuta egon beharrean, ahalegindu behar dogu kanpora urteten, jenteak eskatzen dauen hori emon behar deutsagu. Azken baten, guk egiten doguzan aurkikuntzak gizartearen onerako izan behar dira, gizarteak jakin egin behar dau, gero erabagiak hartzeko. Zenbat eta informatuago egon, errazagoa izango da erabagi zuzenak hartzea.
 
 
9.- Gizartean jakintzea zabaltzen ibilten zara, irakaslea be bazara... horrezaz gan, ikerketa-taldearen barruan be transmisinoa egiten da?
 
Lantaldea sortzea oso garrantzitsua da, ni ahalegintzen naz mentore izaten, ze gure atzetik datozanek segidu behar dabe guk egindako lana. Nire ikerketa-taldeko kideetako batzuk tesia egiten dabiz, edo tesi ondorengo prozesuan beste batzuk; nik ahalegina egiten dot zientziaren inguruko interesa eta jakinmina eurei sartzen. Horrezaz gan, dakiena zabaltzeko be esaten deutset, dibulgazinoa egiteko. Nire kide batzuek Berria-n idazten dabe eta berbaldiak emoten ditue. Norberak haziak erein, eta loratu egin dirala ikustea pozgarria da.
 
 
10.- Gaur egungo zientzian ezinbestekoa da taldean eta alkarlanean jardutea?
 
Oraingo zientzian ez dago modurik bakotxa bere txokoan egoteko, zientzialari bakartiaren sasoiak amaitu dira. Fisikariak hasi ziran taldeka lanean, uste dot. Batzuetan, artikulu zientifiko bat irakurten dozu eta pilo bat sinatzaile egoten dira. Genetikan be inportantea da alkarlana, horri esker lortu dogu giza-genomearen sekuentziazinoa egitea, minbiziaren genomak ezagutzea... proiektu batzuetan ehundaka edo milaka zientzialarik hartzen dabe parte.
 
 
11.- Covid-19aren gaia dabil bolo-bolo orain. Genetikeak ze ekarpen egin leike birusaren kontrako burrukan?
 
Lehenengo egin behar dana birusaren genomearen sekuentziazinoa da. Covid-19aren kasuan, urtarril-zezeilerako egin eben hori Txinan, eta mundu guztiko zientzialariei bialdu eutsiezen datuak. Antza danez, Txinako Gobernuari ez eutsan graziarik egin, ze informazinoa herrialdetik ez urtetea nahiago eban, baina zientzialariek pentsau eben holan jokatu behar zala. Ondoren, Europan informazino hori oso inportantea izan da, esate baterako, PCR test ospetsuak sortzeko. Tratamenduak, txertoak... egin ahal izateko, oinarrizkoa da informazino genetikoa izatea.
 
 
12.- Danok gagoz arduratuta Covid-19aren zabalkundeagaz. Aurreikuspenak egitea gatxa dan arren, zuk zelan ikusten dozu kontua?
 

Hasteko, uste dot test edo proba gehiago egin behar dirala, ahalegin handiagoa egin behar da horretan. Bestela ez dogu jakingo zer daukagun. Egunotan jakin dogu Espainian % 5 inguru kutsatu dirala, eta EAEn gitxiago, % 4 pasautxu. Hasieran uste genduan askoz gehiago izango zirala, baina proba asko egin diran arte ezin izan dogu benetan jakin. Halako gehiago eginda, eta badago horretarako modua, informazino zehatzagoa izango dogu eta erabagi zuzenagoak hartuko doguz.

 

Argazkiak Ana Zubiagak laga deuskuz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu