Bilbao BBK Live, bertan behera

Bizkaie! 2020-05-14 08:20   Musikea

La Polla Recordsek bagilaren 13an Gasteizen emon behar eban kontzertua be urtebete atzeratu dabe.

BBK Live jaialdia, Kobetamendin, aurreko edizino baten. | Ikusi handiago | Argazki originala

2020koa ez da izango udarik oparoena musika-jaialdi handien zaleentzat, Covid-19aren erruz zuzeneko hitzordu guztiak bata bestearen atzetik bertan behera ixten dabiz eta. Gasteizko Azkena Rock Fest-ek bagileko edizinoa urtebete atzeratuko dauela iragarri eta ordu gitxira, Bilboko BBK Live jaialdiak iragarri dau aurtengoa ezin izango dala egin.

Ohar labur baten emon dabe horren barri Kobetamendiko jaialdiko arduradunek, detaile askorik emon barik. Agindu dabenez, hilaren amaieran zehaztuko ditue airean geratu diran zalantza asko: Aurtengo programazinoa 2021eko edizinora aldatzen ahaleginduko diran (Azkena Rockek egin dauen legez), sarreren dirua berreskuratzeko zaleek zer egin behar daben...

Kontuak kontu, udako jaialdi esanguratsuenetako batek ezin izan deutso Covid-19aren krisiari eutsi, milazak lagun batzen dituan kontzertu sorta baten ezin diralako osasun neurriak bermatu, aire librean dan arren. Garagarrilaren 9tik 11ra egin behar zan 2020ko BBK Live, eta fetxa horreetan Covid-19aren zabalkundea zelan egongo dan ezin da aurreikusi.

Kartela guztiz zehaztuta euki dau BBK Livek, egunez eguneko egitaraua eginda eta sarrerak saltzen hasita egon da. Kendrick Lamar, The Killers eta Pet Shop Boys izan dira egun bakotxeko kartelburuak, eta Bilbora etortekoak izan dira Placebo, Bad Bunny, Blood Orange eta beste asko. Euskal taldeen artean, Xabi Bandini, Omago eta Amorante aitatu leitekez.

Beste alde batetik, La Polla Records taldeak iragarri dau Gasteizko Mendizabalan bagilaren 13an emon beharreko kontzertua urtebete atzeratu dauela, 2021eko bagilaren 26ra. Urte batzuk oholtzara igon barik egon eta gero, gogo handiz hartu dabe zaleek Aguraingo bandearen itzulerea. Ni descanso ni paz izeneko birea hasi eban La pollak, baina Covid-19ak hankaz gora jarri deutse dana.

Sekulako jaia euki dabe preparauta Gasteizko kontzerturako. La Pollagaz batera, talde konbidaduak Lendakaris Muertos, Kaotiko eta Cerveza Suicida izan dira, eta El Drogas be oholtzan agertzekoa izan da. La Polla Recordsek azaldu dauenez, urtebete itxaron beharko dabe zaleek artista mitiko horreek guztiak Gasteizen entzuteko.

Gasteizko kontzertuaren kartel barria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu