Azkena Rock Fest ez da egingo aurten
2020-05-13 12:25 MusikeaKartelean egon diran talde asko 2021ean etorriko dira Gasteizera, baita Iggy Pop be.
Bertan behera itxi baino, 2020ko edizinoa atzeratu egin dabela adierazo dabe Azkena Rock Festibaleko arduradunek. Izan be, aurtengo egitarauan egon diran artista askok datorren urtean etorteko konpromisoa hartu dabe dagoeneko. 18 urte rock and rollagaz izan dogun hitzordura hutsik egin barik, eta edizino hau nahi baino gehiago atzeratuko dogu: Mendizabalako ateak ez dira 2021eko bagilera arte zabalduko, iragarri dabe ohar baten. Arrazoia, beste kultur ekitaldi askogaz pasau dan moduan, osasun baldintzak ezin bermatzea Covid-19a inguruan dabilen artean.
Edozelan be, Azkena Rocken oharra baikortasunez beteta dago, 2021erako jaialdi indartsua atontzen hasi diralako, urtebete lehenagotik. Aurtengo kontzertuak bertan behera geratu diran arren, egitarauko artista ugarik emon deutsie baiezkoa datorren urtean Gasteizen egoteari: Black Mountain, Brian Wilson, Fu Manchu, Patti Smith, Liher, Wicked Wizzard eta beste asko dagoz zerrenda horretan.
Hori gitxi balitz, antolatzaileek aurreratu dabe 2021ean Iggy Pop mitikoa izango dala kartelburuetako bat. Punkaren aitabitxia, rockaren eszenako beteranoetako bat, artista hutsa da, musikan ibilteaz gan, telebistako saioetan agertu dalako, eta produktorea be bada. 1967an sortutako The Stooges banda ezaguneko liderra izan zan, eta bakarka be arrakasta handia batu dau. Oholtza ganean ikuskizuna emoten dau beti, eta datorren urtean Gasteizera hurreratzen diran zaleek Iggy Popen ezustekoakaz disfrutau ahal izango dabe.
Ganera, jaialdiaren 20. urteurrena beteko danez, egueneko programazinoa berreskuratuko dabe 2021ean. Egun bat gehiagoko jaialdia izango da, bagilaren 17, 18 eta 19an, zaleei rock and roll egun bat gehiago eskaintzeko, oharraren arabera.
Hortaz, kartel ederra osotzen dabil dagoeneko 2021eko Azkena Rock Festibala. Antolatzaileek azaldu dabenez, aurtengo edizinorako erositako sarrerek datorren urterako balio izango dabe, beraz gordeteko eskatu deutsie zaleei. Halandabe, nahi dauenak dirua berreskuratu ahal izango dau, maiatzaren 18tik 31ra.
Aurtengo sarrerak saltzetik batutako dirua Covid-19ak gehien kaltetutakoei laguntzeko erabiliko dabe antolatzaileek. Behargin asko, batzuk autonomoak, lan barik geratu dira kulturgintzako geldialdiaren erruz: teknikariak, garraiolariak, produkzinoko jentea, hospitality atalekoak... batutakoaren erdia horreei laguntzeko izango da. Beste erdia Arabako Elikagai Bankuari emongo deutsie.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!