2020ko Ibilbideari Saria Seaskak jasoko dau
2020-05-07 12:49 Kulturea50 urte luzez euskerearen alde Ipar Euskal Herrian egindako lana autortzen jako Seaskari.
Urtero apirila edo maiatza inguruan egiten dan elkar sariak emoteko ekitaldia aurten ez da egingo, baina sariak bai emongo dira. Aste honetan jakinarazo dau Elkar Fundazinoak Joseba Jaka bekea Juanjo Olasagarre idazlean jasoko dauela, eta Ibilbideari elkar saria, barriz, Seaskak jasoko dau.
Euskera eta euskal kulturearen inguruan egindako lana ezagutu eta goraipatzea dau helburu sari honek eta Elkar Fundazinoak erabagi dau Seaskak merezidu dauela autorpena 2020an. Saria Seaskari emoteko arrazoiak ondokoak dira:
Elkar Fundazinoak erabagi dau 2020ko Ibilbideari saria Seaskari emotea, eskolearen bidez, 50 urte luzez euskerearen alde Ipar Euskal Herrian, Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoan, egindako lana autortzeko.
Guraso talde baten ekimenez, Baionan hasi eta 1969an ofizialki finkatu zan Arrangoitzen. Bost ikaslegaz zabaldu ebenetik, etenik bakoa izan da Ipar Euskal Herriko lurraldeetan egindako lana. Milaka ikasle eskolatu ditu euskeraz, eta hezkuntzea uskalduntzeko akuilu izan da Ipar Euskal Herrian.
Lan handia egin dau eta ez baldintza onetan, oraindino euskerea ofiziala ez dan eremu batean egin behar dauelako bere lana.
Trabak traba, guraso eta irakasleen atxikimendu eta indarrari ezker, Seaska indartzen eta zabaltzen joan da, gaur egun 37 ikastetxeko sarea dau eta 4.000 ikasle dabiz ikasten ikastetxe horreetan.
Seaskaren ekarpena ezelako duda barik ezinbestekoa izan da Ipar Euskal Herrian euskerea ez galtzeko.
Seaska herri ekimenaren emoitzea da hasieratik, baita iraupenean be. Adibide argia da ikusteko ze baliotsua izan daiteken herri gogoa, ondo artikuletan jakiten bada.
Hasieran, guraso batzuk seme-alabak euskeraz ikastea nahi eben, gogo hori ekimen bihurtu zan eta jarraipena emon jakon, eta beste askoren laguntzinoari eta herri baten babesari esker, posible da gaurko errealidadea.
Benetan txalogarria egindako bidea eta lortutako emoitzea.
Seaskari eta Ikastolen Alkarteari onena opa deutsegu euren ibilbideetaan. Jarraitu deiela euskerea bizibarritzeko eragile izaten, aldian aldiko egoera eta beharretara egokituz.
Sariaren barri jasotakoan, eskerrak emon deutsoz Seaskak Elkar Fundazinoari eta bertako lehendakaria den Peio Jorajuriak honako berbak izan ditu: Seaskarentzat ohore handia da, egun, Elkar Fundazinoaren autortzea jasotea, 50 urteko ibilbidea egin dogunean. Euskalgintzearen barruan, Elkarren zein ikastoletan, pausurik pasu aurrera goaz. Elkar eta Seaskaren arteko loturea aspaldikoa da eta beti izan da ona. 50 urtez, Elkarreko liburu eta diskoak gure umeen altxorra izan dira. Momentu larrienetan, alkar lagunduz lortu dogu trabak gainditzea; lehen bezela orain eta geroan be lortuko dogu. Mila esker, zinez, zuen babesagaitik.
Saria Gotzon Huegun eskulturagilearen artelana da eta, ohiko ekitaldiaren faltan, aukerea dagoanean emongo deutso Elkar Fundazinoko patronatuak Seaskari.
Aukerea aprobetxauta, Elkar Fundazinoak gogoratu nahi dau datorren domekan, maiatzaren 10ean, danok Senpereko lakuan batzeko hitzordua geunkala, Herri Urratsen beste edizio bat izan behar baizan bertan. Aurten ezingo da Herri Urrats egin, baina Ipar Euskal Herriko ikastolek euskaltzale guztion laguntzinoa beharko dau aurrerantzean be eta dei egiten dau Seaskako ikastolak laguntzen eta indartzen jarraiti daigun.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!