Agurne Gaubeka: 'Oinarrizko eskubidea da hizkuntzearena, hori bermatzea danon esku dago'

Dabi Piedra 2020-05-04 08:01   Barriketan

2019ko irailetik Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria da Agurne Gaubeka Erauskin bermeotarra, Garbiñe Petriatiren lekukoa hartuta. Lan munduaren inguruko ikasketak egin zituan Bartzelonan eta EHUn, eta alor horretan ibili zan euskaldunen eskubideen aldeko lanari ekin aurretik. Sindikalgintzan eta feminismoan batutako esperientziak Behatokiko lanean lagunduko deutsala uste dau.

Apirilean aurkeztu eban Behatokiak urteko txostena, Akuilari aplikazinoan eta Euskerearen Telefonoan 2019an jasotako 737 kejen inguruko azterlana. Osasungintzan, administrazinoan, justizia arloan... hizkuntza eskubideak urratzea ohikoa dala salatu dau Gaubekak, eta Covid-19aren izurriak gehiago okertu dauela egoerea.

 

1.- Behatokiaren txostenaren arabera, 737 keja aztertu dira 2019an, arlo eta lurralde guztietakoak. Ze gogoeta eragiten deutsu horrek?

Kopurua adibide bat baino ez dala. Garrantzitsuena kejek azalaratzen dituen egoerak dira eta horreetan argi gelditzen da urte honeetan hizkuntza eskubideetan hartutako neurriak, askotan, ez dirala egokiak edo nahikoak izan.

 
2.- Zelako kexak izaten dira? Adibiderik ipini zeinke?

Danatarik egoten da, bai sektore publiko zein pribadukoak, eta oso ohikoak danak be. Adibideak asko dira, pediatrearenera joan eta umea euskeraz artatzeko profesionalik ez egotea, telefono konpainiako bezeroen arreta zerbitzuan euskeraz erantzun ahal deuskun inor ez egotea, jatetxe baten kartea hizkuntza danetan egotea euskeraz izan ezik…

 
3.- Alde positiboari begiratuta: Behatokiaren bitartekaritzeari esker lortu da, oro har, salatutako egoerak konpontzea?

Bai, erakunde eta enpresa batzuek neurriak hartzeko konpromisoak hartzen ditue. Askotan, hizkuntzeari ez jako emoten behar dan lehentasuna, ez da erakundeetako funtzionamendu, tresna edo zerbitzuetan euskerea behar bezela txertatzean erreparau edo ez da langileria behar bezela formau. Horren guztiorren kontzientzia hartu daiten saiatzen gara kasu batzuetan, baina beste askotan erakunde publikoak edo honeei lotutakoak diranean, zerbitzua euskeraz emoteko betebeharra dabela be gogorarazoten deutsiegu. Emoten dan zerbitzuaren kalidadeaz gabiz baina ezin dogu ahaztu personon oinarrizko eskubideen barruan dagozala hizkuntza eskubideak eta hori bermatzea danon esku dago.

 
4.- Covid-19 gaixotasunak irauli egin dau gizartea. Hizkuntza eskubideen errespetuan be igarri da?

Bai, erabat, igarri da. Esan dogun legez, hartzen ez diran neurriek edo nahikoak ez diranek, egungoa lako egoeretan urraketea larritu egiten dabe. Pentsau behar dogu hizkuntza eskubideen errespetua oso baliotsua dala jendartera heltzeko.

Hainbat sektore eta alorretako urraketak helarazo deuskuez herritarrek, danak be osasuna eta seguratasunagaz zerikusi zuzena izan dabenak; beste batzuen artean: Agintarien mezuak, administrazino publikoetako baliabide eta jakinarazpenak, segurtasun indarrak, mezularitzea eta elikagai enpresa handiak.

 
5.- Halako egoera larri eta ezohiko batean kaltegarriagoa da hiztunen eskubideak baztertzea?

Erabat, halako egoeretan zer, noiz eta zelan esaten dan inoiz baino garrantzitsuagoa da. Herritar guztiakana helduko garela ziurtatu behar da, bardintasunean, eta horretarako berezko hizkuntzak erabilteak badauka garrantzia. Zaintzea, hurrekotasuna, enpatia eta esan nahi doguna herritarrek bere horretan eta osotasunez jasoko dabela ziurtatzea ezinbestekoa da. Personen ondoizatea behar bezela bermatu behar da.

 
6.- Alor publikokoak dira hiztunen keja asko (osasungintzea, polizia, justizia...). Egiten diran euskalduntze planak eta eskatzen diran egiaztagiri linguistikoak ez dira nahikoak?

Herritarrek helarazoten deuskuezan bizipenen arabera, ez, ez da nahikoa eta kasu batzuetan dagozan erispide, araudi zein jarraibideak ez dira egokiak.

Zelan ez, Euskal Herrian bizi garen eremuaren arabera gehiago edo gitxiago daukaguz hizkuntza eskubideak bermatuak, baina adibidez, justizian danok marko antzekoa dogu, herritarrek ez ditue berme eta babes bardinak prozedimendu bat euskeraz aurrera eroan nahi badabe. Eskatzen diran egiaztagiri linguistikoak (Justiziako lanpostu batzuetarako ez dira eskatzen) ez dira sistema eta zerbitzuaren bermerako aproposak.

Aurreranzko pausuak be emon dira, baina oso geldoak, eskubideak ezin dira modu partzialean bermatu. Bitartean, hiztunen hizkuntza ohiturak be baldintzatu geinkez: Hau da, zerbitzu bat euskalduntzeko prozesuak 20 urte irauten baditu, denpora luze horretan herritarrek zerbitzu horretara egokitutako hizkuntza ohiturak hartzen ditue. Adibidez, hiru aldiz deitu eta telefonoaren bestaldean euskeraz dakien inor ez badago, agian hurrengoan zuzenean gaztelaniaz berba egiteko ohiturea hartuko dau herritarrak. Beraz, kontu handia izan behar da egiten diran planen eta jarten diran baldintzen egokitasunean.

 
7.- Hauteskunde giroan gagoz EAEn eta Ipar Euskal Herrian (Covid-19ak guztia pixka bat eten dauen arren). Hautagaiek eta alderdiek hizkuntza eskubideen aldeko konpromisoak hartu ditue?

Egia da hizkuntza eskubideek ez dabela zentralidaderik hartzen hauteskundeetan, baina halandabe, Iparraldeari jagokonean, Kontseiluak eta Konfederazinoak bultzatutako dinamikeari esker, hautetsi batzuek euren herrietan hizkuntza-politikea egiteko konpromisoa hartu dabe. Adibidez, Baionako kolore askotako hautagaiek, gehienek, hartu ditue konpromisoak eta hori bada aurrerapauso bat.

EAEko hautagaiei jagokenez, oraingoz programetan gai honen inguruko hutsune batzuk igarten dira, baina orokorrean alderdi batzuek konpromiso zehatzak hartzeko nahia erakutsi dabe. Halan eta guztiz be, hautagaien mezu zein kanpainetan sartzean, euskereak zentralidadea galtzen dau. Alderdien egunerokotasuneko mezuetan be gehiago erreparatu beharra erakusten deuskue herritarrakandik jasoten doguzan kejek.

 
8.- Irailean hasi zinan Behatokiko zuzendari. Zelan daroazu, egokitu zara postu barrira?

Bai, gogoz hartu neban erantzukizun hau, inplikazino handia eta konstantzia exijiduten ditu, Euskal Herrian oraindino gai korapilatsua dalako eta persona guztiek ez dabelako oinarrizko eskubidetzat hartzen hizkuntzearen gaia. Askok erasokor hartzen dabe hizkuntza-eskubideak erreklametea eta ikuspegi hori aldatzeko erronka handiak daukaguz aurrean.

 
9.- Lan mundua, bardintasuna, sindikalgintzea... ondo ezagutzen dozuz. Zertan lagundu deutsu horrek Behatokian hasi zarenean?

Gaia hainbat perspektiba edo begiradatatik aztertzen lagundu deust, hizkuntza-eskubideen bermerako neurriek jendarteko sektore guztietara bideratu eta egokitu beharra dabela erreparetan. Oinarrizko eskubideak alkarren artean lotuak egon behar dira jendartearen ongizatearen aldeko pausoak emon nahi badoguz. Adibidez, perspektiba feministeak hori ondo erakusten deusku.

 
10.-Aurrera begira, ze norabide emon nahi deutsazu Behatokiaren lanari?

Eragile sozialakaz alkarlana ezinbestekoa izango da, norbanakoa eta kolektiboa buztartzeko lana. Herri honetako hizkuntzearen gaia esparru zehatz batzuetako eztabaidetatik atera eta beste batzuei zabaldu, euren beharrizan, oztopo, arazo zein errebindikazinoak hizkuntza-politiketan be txertatzeko eragin beharra dago eta.

 
Argazkiak: Behatokia

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu