Hizkuntza eskubideak berme barik eta herritarrei jaramonik egin barik dagoz
2020-04-23 11:32 Euskerea berbagaiHerritarrak hizkuntza eskubideen bermea eskatzeko giltza dira.
Hizkuntza eskubideen egoerea aztertzen dauen 2019ko urteko txostena argitaratu dau Behatokiak, izan be, bizi dogun osasun krisiak egunerokoa eraldatu arren, hizkuntza eskubideen urraketak bere horretan dagoz eta areagotu be egin dira hainbat kasutan.
Txostenak erakusten dauen errealidadea ez da ona: 2019an Behatokiak herritarren 737 keja aztertu ditu eta agirian itxi dabe hizkuntza eskubideen urreketak Euskal Herri osoan eta esparru guztietan jazoten dirala. 2019an nabarmentzekoak dira osasungintzan, segurtasun indarren arloan, turismoan eta hezkuntzan izandakoak.
Horrezaz gan, Behatokiaren azterketea preminazkoa dala be erakutsi dau Europako Kontseiluko Aditu Taldearen bosgarren ebaluazinoak, Behatokiaren salaketak eta proposamenak berretsi baititu.
Osasungintzan ondorio larriak
Koronabirusaren krisiak inoiz baino argiago itxi dau herritar jagoteko dauen aparteko garrantzia. Eta, ondorioz, baita osasungintzan hizkuntz eskubideak bermatzeak dauen inportantzia be.
Osakidetzako hiru langiletik batek dau ziurtatuta bere lanpostuari jagokon hizkuntza profila eta Osasunbidean langile euskaldunen kopurua ez da % 0,5era heltzen.
Osasun arloko urraketak kate osoan zabaltzen dira. Telefono bidezko arreta guneetatik hasi eta osasun langileen eguneroko errealidaderaino emoten dira, txostenean azaltzen denez.
Segurtasun indarrak
2019an segurtasunaren alorrean izandako hizkuntza eskubideen urraketakaitik herritarrek aurreko batzuetan baino ondorio latzagoak jasan ditue, batez be mozal legearen ezarpenarengitik. Holan erakusten dabe txostenean jasotako ertzainei, foruzainei, estaduetako poliziei zein herri desbardinetako udaltzainei
zuzendutako herritarren kejek: Herritarrek nabarmentzen dabe euskeraz komunikau nahi izatea eskatzeagaitik erantzun txarrak zein oldarkorrak sufridu dituela.
Justizia
Gaztelania da jaun eta jaube eta itzulpenak egiteko baliabideak ipinten diranean, euskalduna bereizkerian jausten da sortzen diran arazo eta denpora epeen ondorioz.
Turismoa
Turismoaren ikuspegi jakin batek gure herri eta urietako hizkuntza paisajea eraldatu dau. Erakunde publikoek bultzatutako egitasmoei ingelesezko izena jarteko ohiturea zabaltzen doa, esaterako (BBK Live, Bay of Biscay Festival, Tuna World Capital, Biarritz Film Festival...). Ostalaritzan be antzekoa da jokerea taberna, jatetxe zein alojamenduetan gero eta urriagoa baita euskerearen erabilera.
Hezkuntzea
Egoereak ez dau hobera egin. Nafarroako ikasleentzat ia ezinezkoa da euskerazko hezkuntzea jasotea, Ume Hezkuntzan ez dabelako murgiltze eredua bermatuta eta ondoren, euskerazko eskaintzea murrizten doalako ia desagertu arte. Ipar Euskal Herrian are gordinagoa da egoerea.
Europarentzat be herritarrak giltzarri
Behatokiak egiten dauen txostena beharrezkoa dala dakar Europako Kontseiluko Aditu taldearen bosgarren ebaluazinoak, izan be, Espainiak Europako Kontseiluaren Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna sinatu arren, hau da, hizkuntza gitxituakazko konpromisoak hartu eta berretsita izanda bere, Espainiak konpromiso horreek bete barik jarraitzen dauela dino Europako aditu taldearen ebaluazinoak.
Gainera, Europako Aditu Taldearen ondorio eta gomendioak Behatokiaren txostenean jasoten diranen oso antzekoak dira.
Horregatik guztiagaitik, herritarrak hizkuntza eskubideen bermea eskatzeko giltza dirala azpimarratu dau Agurne Gaubeka, Behatokiko zuzendariak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!