Itzultzaile neuronala sekula baino gehiago erabili da martian
2020-04-08 11:38 Euskerea berbagaiItxialdiak eragina izan dauela erakusten dabe datuek.
Tresna iraultzailea da Eusko Jaurlaritzearen bultzadaz sortutako Itzuli itzultzaile neuronala, euskeratik gaztelaniara zein alderantziz egindako itzulpenetan emoten dauen kalidade onagaitik. Beste itzultzaile automatiko batzuek baino itzulpen hobeak egiten ditu, oraindino persona batek gainbegiratzea beharrezkoa dan arren. Badirudi dobako eta internet bidezko tresna hori ezagutzen hasi dirala norbanako, erakunde eta enpresak, martiko datuak aintzat hartu ezkero.
Izan be, itxialdia hasi zanetik nabarmen egin dau gora Itzuli itzultzaile neuronalari eskatu deutsiezan itzulpenak. Martian, danetara, 4,7 miloe erabiltzaile izan zituan, zezeilean halako bi. Alarma egoereak eragindako itxialdia noztik dagoan indarrean garbi ikusten da asterik asteko datuetan be: Martiko lehen astetik (konfinamendu barik) azken astera (konfinamenduan) bikoxtu egin dira erabiltzaileak.
Egunez egun begiratuta, martiaren 31 izan da erabiltzaile gehien izan dituana, 279.000 itzulpen egun bakar horretan. Datuek agertzen dabenez, apirilean hazkunde horri eutsiko jakola emoten dau, alarma egoerea indarrean dagoan bitartean, behinik behin.
Edozelan be, martiko datuak Itzuli itzultzaile neuronalak orain arte izan dauen jokerearen segidea be badira. Izan be, 2019ko urrian martxan jarri zanetik, hilabete batetik bestera datuak hazten joan dira beti. Dana dala, itxialdia ezarri zan ezkeroztik egon dan igoerea aurrekoak baino handiagoa izan da.
Bestelako datu batzuk be emon ditu Jaurlaritzeak ohar baten bidez. Esate baterako, asteburuetan behera egiten dauela erabiltzaile kopuruak. Horrek esan nahi dau itzultzaile automatikoa, gehienbat, administrazinoan, arlo akademikoan eta lanerako erabilten dala.
Itzultzeko eskatu diran berba, esaldi edo testuen artetik % 56 gaztelaniatik euskerara izan dira, eta ganerakoak, euskeratik gaztelaniara. Orain arte, horreek dira emoten dituan aukera bakarrak. Udea baino lehen, euskerea-frantsesa eta frantsesa-euskerea aukerak be gehituko deutsiez, Jaurlaritzearen aurreikuspenaren arabera, eta EEPgaz egindako hitzarmenean berretsi zanez.
EHUko Euskara Institutuak bere itzulpen-memoriak laga ditu frantsesa be itzultzaile neuronalean sartu ahal izan daiten. Itzultzaile neuronalek, kalidadea eskaintzeko, corpus elebidun oso zabalak behar ditue, itzulpen memoriak. Horri esker, euskera-frantsesa/frantsesa-euskera bersinoek be kalidade handia eskainiko dabe, adierazo dau Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.
Gogoan izan behar da, konsulta bakotxean gehienez 4.000 karaktereko testuak onartzen dituala Itzuli itzultzaile neuronalak, baina erabiltzaile bakotxak nahi beste bidar erabili leike, libre eta doban. Kontuan hartzeko beste gauza bat da tresna hau ez dala itzultzaile kualifikaduen lanaren ordezko, baina lan munduan, arlo akademikoan, administrazinoan eta kulturan hizkuntza biak erabilten dituenentzako baliabide barritzailea eta eraginkorra da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!