Ipar Euskal Herrian euskerea bultzatzeko adostasuna
2020-03-31 11:33 Euskerea berbagaiIa miloe bi euro inbertiduko ditue Eusko Jaurlaritzeak eta EEP-k.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Beñat Arrabit Euskerearen Erakunde Publikoko presidenteak euskerea bultzatzeko konpromisoa berretsi dabe, ezinbestean bide telematikoz egindako batzarrean. 2017-2022 hitzarmen markoa oinarri, 2020rako asmoak eta egin beharreko diru ekarpenak zehaztu ditue erakunde bietako ordezkariek.
Helburu guztiak beteteko, 1.930.000 euro inbertiduko ditue aurten Ipar Euskal Herrian euskerea bultzatzeko egitasmoetan. Horreetatik, 400.000 euro Jaurlaritzeak ipiniko ditu, ganerakoa EEP-k. Igazkoaren aldean, ez da aldatu diru partidea.
Badira 13 urte Eusko Jaurlaritzeak eta Euskerearen Erakunde Publikoak euskerea sustatzeko bide barri bati ekin eutsiela. Harrezkero, urtero-urtero lehentasunak adosten doguz eta alkarlanari eusten deutsagu. Eta nabarmendu behar da bide hori oso emonkorra dala, adierazo dau Bingen Zupiria sailburuak. Hartu-emonak sendotuz, informazinoa trukatuz, baliabideak bateratuz eta proiektuak konpartiduz, pausu garrantzitsuak egiten gabiz.
2020an, bost ildo edo alor nagusi zehaztu ditue:
- B2 mailako egiaztagiri barriak sortzea, HABEgaz lankidetzan.
- Helduen euskalduntzean, EAEko laguntzen dispositiboa egingo dau EEP-k.
- EAEn dagozan terminologia adituakaz alkarlana sendotzea.
- Jaurlaritzearen itzultzaile automatiko neuronalean euskerea/frantsesa eta frantsesa/euskerea bersinoak ipintea.
- 2021ean egin beharreko VII. Inkesta Soziolinguistikoaren prestakuntzea abiatzea.
Horrezaz gan, Ipar Euskal Herriko eragile pribaduek euskerea bultzatzeagaitik jasoko dituen diru-laguntzinoak zelan banatu adostu dabe batzar telematikoan. Deialdietara aurkeztuko diran erakunde eta alkarteei EEP-k eskatu deutse papelezko txostenik ez bialtzeko eta tramiteak posta elektronikoz egiteko. Covid 19 gaixoagaitik ipini dabe baldintza hori.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!