Joseba Agirreazkuenaga: 'Euskal Herriko historia lantzeko preminazkoa da euskerea'

Dabi Piedra 2020-03-30 08:02   Barriketan

Ikerlaria eta irakaslea.

Euskadi Ikerkuntza Saria emon deutsie, Gizarte Zientzien eta Humanidadeen alorrean, Joseba Agirreazkuenagari, ikerketan eta irakaskuntzan egin dauen ibilbide oparoagaitik, argitalpenen kalidadeagaitik, talde lana bultzatzeko gaitasunagaitik eta ezagutzea euskal gizarteari transmitiduteko gogoagaitik.

1970eko hamarkadan hasi zan ikerkuntzan Agirreazkuenaga, eta Historia Garaikideko katedraduna da EHUn gaur egun. Foru ogasunak, legebiltzarrak eta ordezkaritza-batzarrak, biografiak, memoria historikoa eta euskerearen historia soziala aztertu ditu besteak beste. Euskal Herria dau aztergai, baina nazinoarteko ikuspegia galdu barik, 1990ean Oxfordeko unibersidadean ibili zanetik. UEUn aitzindari, Eusko Ikaskuntzan Joxemiel Barandiaranen lekukoaren hartzaile be izan zan. Euskaltzale sutsua da, alkarrizketa honetako galdera-erantzunetan garbi geratu dan legez.

 

1.- Ikerkuntzako Euskadi Saria emon deutsue, bultzadea da hori zuretzat?

Aurrera jarraitzeko bultzadea da, bai. Bardin-bardin jarraituko neban, baina holako errekonozimendu bat beti da babes handia. Ganera, oraingo ikerketa taldean belaunaldi askotako jentea gagoz, eta gazteenentzat bultzadea eta erreferentea da saria, erronka eta proiektu barriei ekin behar deutsienerako.


2.- Orain dala 40 urte baino gehiago hasi zinan ikerketan, Joxemiel Barandiaran maisuetako bat zenduala, tesia Julio Caro Barojak zuzendu eutsun... Eredu bikainak izan zenduzan.

Zelanbait, maisu klasikoak esango neuke. Euskal Herrian, Gizarte Zientzietako ikerketetan abiapuntu bat hartu behar dogu, eta hori da 1918ko Eusko Ikaskuntzearen kongresua Oñatin. Han egon zan Joxemiel Barandiaran. Ni seminarioan ibili nintzan ikasle eta, berez, arkeologian hasi nintzan. Irakasle bikainak izan nebazan, Jesus Altuna eta Juan Mari Apellaniz. Orduan sortu zituan Barandiaranek Etniker taldeak, inkesta etnografikoak egiteko, eta Bizkaian Ander Manterola zan arduraduna, Gurutzi Arregigaz. 1972an, Historia eta Soziologia ikasle nintzala, Busturiko etnografia aztertzen hasi nintzan euren agindupean. Berebiziko esperientzia izan zan niretzat. Gerra Zibileko jazoerak be jorratzen hasi nintzan, etnografiatik historiarako saltoa eginaz.

Ganera, Deustuko Unibersidadeko Euskal Kultur Mintegia be garrantzitsua izan zan gutako batzuontzat, Euskal Herriko ikuspegia eta euskal unibersidadearen nahia biztu euskuzalako. Udako Euskal Unibersidadea, UEU, handik etorri zan, eta nire formakuntzearen zati bat zor deutsat. Bestetik, sasoi haretatik, Anaitasuna aldizkaria be aitatuko dot, han hasi nintzan euskeraz gauzak argitaratzen.


3.- Historiarako zaletasuna ez eze, euskal kontzientzia erne jatzun.

Ikerketa giroa nabarmentzekoa zan, baina euskaltzaletasuna, Euskal Herriko giro hori be bada nire formakuntzearen parte. Karrerea amaitu ostean ikerketa proiektu baten bekadun izateko aukeratu ninduen, Maria Angeles Larrea irakaslearen bidez eta Julio Caro Barojaren zuzendaritzapean. Euskal gizartearen oinarri barriak aztertzea zan helburua. Doktorego tesia hortik abiatu neban, Caro Baroja zuzendari nebala.


4.- Tesia gaztelaniaz, baina horren aurretik euskeraz egin zenduan tesina, pausu arriskutsua sasoi haretan...

Uste dot Deustuko Unibersidadean euskeraz aurkeztutako bigarren tesinea izan zala nirea. Lehenengoa Patxi Ezkiagak egin eban. Sasoi haretan tesina esaten jakon, baina gaur egungo tesi baten antzekoa zan, zeregin gogorra eta tribunal baten aurrean aurkeztu behar zenduan. Ez zan erraza izan euskeraz egitea, ze, hasteko, tribunala zelan osotzen dozu? Irakasleen eretxiaren kontra egin neban euskeraz tesinea.

Tesirako, neure burua konbentzidu behar izan neban gaztelaniaz egiteko, halabeharrez. Bizkaiko finantza publikoak XIX. mendean aztertu nebazan, 1985ean aurkeztu neban tesia. Bizkaiko erakundeak estadu moduan egituratu zirala defendidu neban, harik eta 1877an hori guztia desegin zan arte. Kostau jatan, ba, tesia amaitzea, ze orduan oso mardulak izaten ziran.


5.- Harrezkero, Kontzertu Ekonomikoa, foruak, Bizkaiko eta Euskal Herriko erakundeak... aztertu dozuz sakon.

Esan behar dot, tesia amaitu eta gero, Eusko Ikaskuntzan ibili nintzala, Historia sailburu, eta barriro egin neban topo Joxemiel Barandiaranegaz, ze bera zan Eusko Ikaskuntzako presidentea. 1990ean, ganera, beka bati esker, unibersidade global batera joateko aukerea sortu jatan. Oxfordera joan nintzan eta nire ikuspegi historiografikoa aldatu egin neban. Biografiak, erakundetzeak eta historia sozialago bat egitera bihurtu nintzan. Konturatu nintzan ondo dagoala ikerketak gure artean egitea, baina ikerketok nazinoarteko eztabaidetan sartu behar doguzala. Euskal Herria ikertzen dogu, Europan dagoan herrialde bat, eta, beraz, Europako ikuspegian txartatu beharrekoa, ze gu ez gara aparte bizi.

Aurretik landutako idea batzuetara bueltau nintzan, baina ikuspegi barritik. Zergak kudeatzeko sortu ziran Batzar Nagusiak, eta hareetatik gobernua. Baina hori ez da hemengo berezitasuna, beste leku batzuetan be bardin da. Nazinoartekotze horretan, 1990eko hamarkadan, erakunde bat ezagutu neban, Batzar Nagusien eta Parlamentuen Historiarako Nazinoarteko Komisinoa, 2015etik neu naz erakundeko presidentea, ganera. Nazinoarteko giro horretan sartzean, bertoko ikerketak nazinoarteko emoitzakaz konparau behar dozuz, eta nazinoartean sortzen diran galderei erantzun. Kontua ez da gurea nazinoarteran erakustea, ezpada gurea be nazinoarteko ikerketa kasu bihurtzea. Nazinoarteko ikerketa sareetan egon behar dogu.


6.- Hortaz, gure erakundeak ez dira horren bereziak, askotan kontrakoa esan dan arren.

Europa guztian dagoz halako kasuak, gurea ohikoa da, Britainia Handian adibidez. Hemengo erakundeen balioa ez da bakarrak izatea, iraunkortasuna baino. XVI. mendean sortu ziran eta 1877ra arte iraun eben, eta ehun urte geroago barriro berregituratu.


7.- Erakunde publikoen babesa be badaukazu proiektu batzuetan, ezta?

Batez be Bizkaiko Foru Ogasunaren babesa aitatu eta eskertu nahi dot, ze 2007tik laguntzen deusku agiritegi bat egiten. Bertan batzen dira Kontzertu Ekonomikoaren eta antzeko sistemen inguruan agertzen dan informazinoa. Beste proiektu bat be badaukagu Foru Aldundiagaz, www.bizkaikodiputazioa.com webgunea, eta hor Bizkaiko historia batzen dogu. Bizkaiko Foru Aldundiaren historia aztertzeko taldea sortu genduan, diputadu nagusiaren onespen eta guzti, eta liburu baten batu. Papelean kabiduten ez zana dago webgunean. Bilboko Udalagaz batera, Bilbaopedia be egiten dogu.


8.- Ikerketeak ez dauka zentzunik gizarteari horren emoitzak ez bajakoz erakusten?

Ikerketea egiten dogunok ez dogu gustuagaitik bakarrik egiten, gure lanak praktikotasuna izatea nahi dogu. Zelanbait, gizarteari bueltau behar deutsagu ikerketearen kostua, nik oso sartua daukat ikerketearen zentzun soziala. Antza danez, Euskadi Sariko epaimahaiak be garrantzia emon deutso alderdi horri. Ikerketea ez da bat-batean eta burutazinoetatik abiatuta egiten; ezagutza praktiko bat sortu behar dau.


9.- Orain 17 kideko lantalde baten zabiz, edade askotako ikerlariak batu zarie. Bakarkako bidea baino oparoagoa izaten da talde lana?

Zer esanik ez. Historiari ikuspegi zientifikoa emon gura badeutsazu, jakin behar dozu lan kolektiboa askoz be eraginkorragoa dala, eta erronkak, potoloagoak. Hiztegi biografikoak sortu doguz guk, Bizkaiko agintarienak eta euskal parlamentuko ordezkarienak, eta hori guztia bakarka egitea ia ezinezkoa da. Atera kontuak, 400 edo 500 biografia dira. Ganera, lehen aitatutako transmisinorako be aproposa da taldean lan egitea. Gure taldean belaunaldi guztietako jentea dago, oraintxe sartu barri jaku doktoretzea egiteko persona barri bat.


10.- Asko dozu gazteei erakusteko, baina hareekandik be ikasten dozu zuk?

Tesi bat zuzentzen dodanean, gaztetu egiten naz, galdera eta erronka barriak agertzen diralako. Tesia hobea edo txarragoa izango da, baina beti dago zeozer ikasteko. Hogei bat doktorego tesi zuzendu dodaz nik, eta bidean geratutakoak gogoratzen ez naz hasiko! Lan gogorra eta sistematikoa da tesiarena, eta kasu arrakastatsuak badagoz badakizu beste batzuek huts egin dabela.


11.- Nazinoarteko erakundeetan eta unibersidadeetan ibili zaren arren, euskerea beti izan dozu lanerako tresna nagusietako bat.

Kontu bat badago hor, ze euskeraz ikerlan bat egiten dozunean, zure produkzinoa euskerea dala emoten dau, baina hori ez da nire kasua. Nire lehenengo euskerazko liburua Bizkaiko errepideen inguruko azterlan bat izan zan, atera kontuak. Tesinako gaia hori izan neban. Niretzat, euskerea eduki batzuk transmitiduteko bitartekoa da. Ez da bardin Euskal Herriko historia euskeraz egitea edo ingelesez. Iturri hobeak eta zehetasun gehiago topetan dozuz leku bateko historia bertako hizkuntzan ikertuta. Erreferenteak eta irakurleak be diferenteak dira kasuan kasuan.


12.- Beti hizkuntza poteretsuak erabili behar dirala esaten dabenak ez dira gitxi...

Hara, Euskal Herriko historia euskerea ezagutu barik herren geratzen da. Ezin dot ulertu Ingalaterrako historia ingelesez jakin barik idaztea, edo Espainiakoa gaztelaniaz jakin barik. Ba, euskerearen kasuan, bardin. Euskal Herriko historia lantzeko preminazkoa da euskerea. Azken baten, iragana aztertzen dogu, baina gaur egungo herrikideontzat idazten dogu, oraingo eta hemengo euskaldunentzat be idatzi behar da.


13.- Euskerearen historia soziala be aztertzen dozu. Zer egiten jatzu deigarri?

Esate baterako, gogoko dot gai bat, XIX. mendeko Bilbori lotua. Uria euskalduna zan mende haretako lehenengo erdian, eta euskaltzaletasun gune inportante bat sortu zan Abandon, orduan udalerri independentea zan, baina orain Bilbo da. Astarloatarrak, Ullibarri, Bizenta Mogel... batu ziran han. Matxinoak izeneko liburuko kapitulu baten aztertu neban gaia, deigarria da jakitea Astarloak panfletoak euskeraz banatzen zituala Bilbon. Bestetik, bertsoak modu sistematikoan sartzen dodaz nire iturrien artean ikerketak egiteko orduan.

Nire beste gai kutunetako bat Eguna egunkaria da. 1937an sortu zan, euskera hutsean. Subertea izan neban, ze Zubikarai eta Erkiaga ezagutu ahal izan nebazan bertatik bertara, alkarrizketatu egin nebazan. Lehen esan dodanez, euskerea lan tresnea da niretzat, bitartekoa. Baina kasu honeetan euskerea aztergai be izan dot.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu