Joseba Agirreazkuenagari emon deutsie Euskadi Ikerkuntza Saria

Bizkaie! 2020-03-12 09:30   Pil-pilean

Jakindurea euskal gizarteari transmitiduteko dauen gaitasuna azpimarratu dau epaimahaiak.

Joseba Agirreazkuenaga (argazkia: EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak urtero emoten dau Euskadi Ikerkuntza Saria. Urte bikoitietan Zientzia eta Teknologia gaietan dabizan ikertzaileak saritzen ditu, eta bakoitietan, Gizarte Zientziak eta Humanidadeetakoak. Azken horri jagoko 2019koa, eta Joseba Agirreazkuenaga aukeratu dau epaimahaiak, azken orduotan zabaldu danez.

Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea dau helburu, eta ikertzaileek eta talde kualifikaduek egiten dituen ahaleginak bultzatzea be bai, lan horreek eragin positiboa badabe Euskadin. 24. edizinoa da hau.

Epaimahaiak nabarmendu dauenez, Joseba Agirreazkuenagaren merituak dira ikerketa eta irakaskuntza ibilbidea, interes historiografikoen zabaltasuna, haren argitalpen ugarien kalidadea, dibulgazino-lana, taldeak sortzeko gaitasuna eta ezagutza euskal gizarteari transmitiduteko gogoa. Gizarte Zientzietan eta Humanidadeetan ibilbide akademiko oparoa daben lau kide egon dira epaimahaian.

Joseba Agirreazkuenaga Zigorraga (Bilbo, 1953) Historia Garaikideko katedraduna da EHUn, eta bertako irakasle eta ikertzaile da 1980tik. Agirreazkuenaga 1972an hasi zan ikertzen, Jose Migel Barandiaranen zuzendaritzapean. Doktore tesia Julio Caro Barojak zuzendu eutsan. 1988tik ikerketa-talde bateko zuzendaria da, gaur egun 17 ikertzailek osotua, eta euskal historiografia garaikidea berrikusten eta barritzen lagundu dauen ikerketa-kontzeptu bat aplikatzen dau. Foru-ogasunak, legebiltzarrak eta ordezkaritza-batzarrak, biografiak eta hiztegi biografikoak, memoria historikoa eta publikoa eta euskerearen historia soziala jorratu ditu.

Era berean, Joseba Agirreazkuenagak transferentzia zientifikorako hainbat ikerketa-egitura sortu ditu: Euskal Herriko Zuzenbide Historikoaren Institutua, Bidebarrieta Kulturgunea, eta bere ikerketa-arloagaz lotutako hainbat aldizkari eta entziklopedia.

Agirreazkuenagaren ibilbide luzean azpimarratzekoak dira ikerketa historikoak, euskaldunen kasua eta euren historia ikuspegi orokor eta konparatibotik. Ekarpen metodologiko eta teorikoak egin deutsaz biografien azterketeari. Euskal Autonomia Erkidegoko Ordezkaritza Batzarren eta Legebiltzarren izaerea eta historia nazinoarteko foro eta ikerketa-sareetara eroan ditu, eta horrek euskal historiografia nazinoartean zabaltzen lagundu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu