Patxi Gaztelumendi: 'Herri legez jagokun eskubidea da kirol selekzinoena'
2020-03-16 08:01 BarriketanGu ere bai! ekimeneko kidea.
Bilboko San Mames futbol zelaiko bedartzan agertu ziran jentaurrean lehenengoz Gu ere bai! ekimeneko ordezkariak, martiaren 7an. Euskal kirolari profesionalek zein amateur ugarik babestutako manifestua aurkeztu eben, euskal selekzinoak nazinoartean eta era ofizialean lehiatu daitezan eskatzen dauen idatzia. Kirolariek edo kirolagaz loturea dabenek sinatu leikie, eta dagoeneko 1.250 lagun baino gehiago agertu dira Gu ere bai!-ren alde (zerrendea hemen).
Eskatze hutsaz harago, ekitea be bada sinatzaileen asmoa. Kirol zelaietan ez eze, alderdi juridikotik egon leitekezan aukerak begiratuko ditue, eta nazinoarteko erakundeetara joteko asmoa dabe. Euskal kirolari arnasea emoteko bidetzat jo dabe ofizialtasuna, herrigintzan beharrezkoa dan pausotzat. Ekimenaren bultzatzaileetako bat da Patxi Gaztelumendi, eta berak azaldu deuskuz Gu ere bai!-ren nondik norakoak.
1.- Nondik sortu da Gu ere bai!, zerk bultzatu zaitue?
Euskal Herriko kirolarien artean sortutako kezkea da abiapuntua. Euskal selekzinoen ofizialtasuna aldarrikatzeko beharra dagoalako, kirol disziplina ezbardinetan, Euskal Herri osoan, eta genero aldetik be ikuspegi hori landuta.
2.- Lehen egoten ziran Esait, futbol selekzinoaren partidu jentetsuak eta abar. Orain ofizialtasunaren aldarrikapen sozialean hutsunea dagoala nabaritu dozue?
Garaian garaikoa. Orain, adibidez, gero eta gehiago dira gure herrian egiten diran nazinoarteko probak: Eurokopa bagilean, Vuelta edo Tourra txirrindularitzan, saskibaloi finalak, nazinoarteko rugby partiduak San Mamesen. Ebento eta ekitaldi handien garaia bizi dogu, baina gure kirolariak babestuko dituan herria ez bagara, alperrik gabiz. Selekzinoena eskaera garrantzitsua da, baina euskal kirola eta kirolariak babestu nahi ditugu. Eskaera jentearen artean dago, eta orain ekimen honegaz indartu nahi dogu hori. Kirolariak batu, federazinoetan eragin, nazinoartean landu eta gure selekzinoakaz nazinoartean lehiatzeko aukerak sortu eta baliatzeko. 2020an gagoz, urte olinpikoa da eta guk aldaketak eragin gura ditugu.
3.- Kirol ekitaldi handietan euskal kirolariak euren herriaren izenean agertzeak ze onura ekarriko leukez zuen ustez?
Euskal Herria herri txikia da. Baina kirol maila oso indartsuduna. Kanpora goazenean sarri aitatzen deuskue. Zaleak be holakoak gara. Pirinioetan, futbol zelaietan edota herri kirolak sustatzeko orduan. Herri legez iraun nahi badogu, kirola be kultura, hezkuntza edo hizkuntzearen pare jarri beharko geunke. Eta horretan saiatuko gara. Euskal Herriaren ordezkariak dira gure kirolariak, eta euskaltasuna bultzatzeko garrantzia itzela dabe mundu globalizadu eta garai likidootan.
4.- Aurretik be egon dira euskal selekzinoaren aldeko sinadura bilketak, baina oraingoan mila lagun baino gehiago batu zarie (eta zenbakia gora doa). Horrek konfiantzea emoten deutsue aurrera egiteko?
Konfiantzea eta ardurea. Kirolariak eurak dira behar handiena dabenak. Kirola lehia da, superazinoa, eta selekzino nazionalek hori bermatzen dabe, nazinoartekotzea, mundu mailako lehiaketetan jokatzea. Era berean selekzino batek herri bat jartzen dau nazinoartean, gure enbajadak dira. Eta behar ditugu.
5.- Norbanakoez gan, pentsau dozue beste kirol eragile batzuk be zerrenda horretan sartzea?
Pausoz pauso goaz. Eta eragin nahi dogu. Urte olinpikoa da -beraz, hauteskunde urtea federazinoetan- eta gai honi zentralidadea emon nahi deutsagu. Kirolaren esparrutik urten barik, klubak, entrenatzaileak, kirolari ohiak eta zaleak norabide berean jarriko gara. Hori da gure egitekoa, gu ere bai! aldarria gero eta ozenagoa izatea, eta bihotzetik zelaira eroan nahi dogu gure aldarria. Gauzatu, lehiatu. Eta kirolean bezela, alor honetan be irabaztea da gure helburua; behintzat parte hartu ahal izatea, kiroltasun handienagaz.
6.- Sinadurak sinadura, ofizialtasuna ez dago zuen esku. Ze ate joko dozuez?
Ate guztiak. Hemengoak eta kanpokoak. Sinadurek erakusten dabe eskaera bat dagoela. Kezka konpartidu horregaz bat egin dabe eliteko kirolariek zein oinarrian dagozanek. Munduko sokatira txapelketetatik dominak ekarri dituenak eta astero-astero gogor entrenatzen daben amateurrak. Nazinoartean be entzungo gaitue, ikusiko dozue.
7.- Euskal gizartea eta agintariak konbentzitzea posible da, baina Espainian eta Frantzian ez dabe ezer jakin nahi. Hor zer egin leiteke?
Guk nazinoartean onartu gaiezan nahi dogu. Kirol zehatz batzuetan lortu dogu, eta aurtengo udabarrian eskaera gehiago egongo dira. Euskal Herrian jente asko dabil honen alde lanean, federazinoz federazino, instituzinoetan, kirol zuzenbidearen esparruan… giro hori baliatu nahi dogu aurrera egiteko. Aukeren leihoak edegi dira, eta nazinoartean izango gara, herri sustengu handienagaz, herri legez jagokuzan eskubideetatik bat dalako kirol selekzinoena, eta gauzatzen saiatuko gara.
8.- Euskal selekzino batzuk nazinoartean lehiatzen dira (sokatirea, surfa...). Ze ikasgai atera daiteke lorpen horreetatik?
Herri ekintzailea da gurea. Ezina ekinez lortu izan da esparru askotan. Hutsuneak baliatu -garai batean Espainiak hutsunea eukan selekzinoetan posible zan Euskal Herrikoa sortzea; holan lortu zan euskal surf selekzinoa adibidez-, baina nazinoartean lehiatzeko, arlo juridikoan be burrukatzeko aukerea dago. Nazinoarteko alkarte batzuk pribaduak dira, eta lege aldetik oso ezbardinak. Horrezaz gan, esparru politikotik be eragin beharra dago. Legebiltzarretan dagozan gehiengo barriak aktibau behar dira kirolarien eskubideen alde. Gasteizko legebiltzarrean, Nafarroan, baita Ipar Euskal Herriko Herri Alkargoan be, gai hau mahai ganean jagokon garrantziagaz egotea bermatu behar dogu.
Nazinoartean kirol marka onak lortzen ditue gure kirolariek. Eta ganera, kirolariek esaten dabe, galtzeko aukerea be izan nahi geunke.
9.- Gure inguruko kirol ekitaldi handietan, Eurokopan-eta, zuen aldarrikapena zabaltzeko ekintzak iragarri dozuez. Zelakoak izango dira?
Eurokopan zer egin ahalko dan ez dago argi. Espainiak etxetzat hartu dau Bilbo, eta horrek zer pentsaua emon beharko leikigu guztioi. Guk bagilean ekitaldi handi eta herritarra egingo dogu Bilbon. Koloretsua. Bizia. Aldarrikatzailea. Eta kirolari jagokon zentralidadea emon, herri legez. Aldarrikapenetik haratago joan nahi dogu, hainbat kiroletan, kirolariak eta herritarrak alkarri eskutik hartuta.
10.- Ofizialtasuna eskuratzea zer litzateke zuentzat, ames bat betetearen parekoa?
Eskubide bat da. Emakumeen bardintasuna aldarrikatzen danean, zer da, amesa? Eskubideak dira. Herri eta kirolari legez jagokuzenak. Zapalduen logikan gabiz eten barik, erabat menperatuta gagozala emoten dau, galtzailetzat jotzen dogu geure burua. Baina alkartzen garenean, gauza ederrak egiteko gai da gure herria. Hizkuntzea zelan ekarri dogun XXI. mendera arte itzela da; teknologia barrien garaian Puntueus domeinua lortzea ames horren gauzapena izan da. Futbolean Athleticek eta Realak finala jokatzea amesa da? Saiatuz lortzen dira emoitzak. Eta eskubideak burrukatuz eskuratzen dira. Hori erakutsi deusku aurreko mendeak. Eta honetan gauzatuz joan beharko dogu, kirol esparruan be bai. Horretan ahalegintzen gabiz gu be bai, hau da, gu ere bai!.
Argazkiak Gu ere bai!-ko kideek lagatakoak dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!