Manifestua, euskal selekzinoak nazinoartean lehiatzearen alde

Bizkaie! 2020-03-09 12:45   Kirola

Goi mailako 750 kirolarik babestu dabe Gu ere bai! ekimena.

Ekimena aurkezteko ekitaldia, San Mamesen (argazkia: Gu ere bai!) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herriko kirol selekzinoak eta kirolariak modu ofizialean lehiatu ahal izan daitezan pausuak egitea da Gu ere bai! egitasmo barriaren helburua, kirola munduaren aurrean agertzeko bitartekoa dalako. Euskal Herriak beste nazinoen pareko autortzea eta eskubideak izatea nahi dabe. Aldarrikapen hori batzen dauen manifestua 750 kirolari, teknikari eta kirolari ohi inguruk sinatu dabe dagoeneko, eta beste guztiei be bat egiteko deia egin deutsie.

Sinatzaileen artean kirolari ezagunak dagoz. Esate baterako, futbolariak (Ainhoa Tirapu, Mikel San Jose, Asier Illarramendi...), txirrindulariak (Pello Bilbao, Igor Anton, Amets Txurruka...), pilotariak (Oinatz Bengoetxea, Patri Espinar...), mendiko kirolariak (Oihane Azkorbebeitia, Zigor Iturrieta...) eta beste asko. Zerrenda osoa hemen.

Yaser Hamed futbolari euskal-palestinarrak irakurri dau manifestua, San Mames zelaian egindako ekitaldian. Ez dakarrela ezer barririk azaldu dau, luzaroan eskatutakoa betetea dala euren asmoa, hau da, euskal selekzinoak ofizial bihurtzea. Kirolari gehienen eskaria da hori, Hameden arabera.

Gure herrian kirolaren bitartez hainbat balore landu eta transmitiduten dira, begirunea, parte-hartzea, aniztasuna eta integrazinoa. Nortasun kolektiboak sortzeko tresna funtsezkoa da, dino manifestuak. Munduaren aurrean agertzeko bidea da kirola, nazinoarteko ordezkaritzea eta gure nazinoaren markea erakusteko.

Azkenaldion hemen inguruan egin diran kirol ekitaldi handiak gogora ekarten dira testuan (errugbi finalak, Vuelta eta Tourra, laster datorren Eurokopea...), eta horreetan guztietan Euskal Selekzinoaren hutsunea dagoala ikusita, ofizialtasuna aldarrikatu dabe. Ez dogu inoren kontra egin nahi, gurea babestu eta aldarrikatu nahi dogu. Nazinoarteko autortzea, gure selekzinoek lehiatzeko eskubidea izan deien, eta guk euskal selekzinoa eta gure kirolariak babestu eta animeteko.

Lan diplomatiko eta juridikoa beharrezkoa dala dino manifestuak, nazinoartean lehiatzeko gogoa munduari adierazoteaz gan. Hain zuzen be, hurrengo kirol ekitaldi handietan (batez be, Eurokopan) euren mezua eta ikurra zabalduko dituela aurreratu dabe Gu ere bai! ekimenekoek. Udabarrian antolatuko diran ekitaldietan hartuko dabe parte manifestuaren bultzatzaileek, euskal selekzinoaren eta kirolaren aldekoak izango diralako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu