Amaia Irazustabarrenak edo Nagore Martinek, bietako batek jokatuko dau gaur
2026-10-15 08:30 KirolaIbone Bengoetxeak Euskadiko Pelota Selekzinoa hartu dau Buenos Airesen.
Harrera ekitaldia Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxean izan da eta bertan selekzioko 60 kideak, federazinoko ordezkariak eta Argentinako euskal kolektibidadeko kideak batu dira.
Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxea buru izan da Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxean, Eusko Jaurlaritzeak Euskadiko Pelota Selekzinoari eskainitako harrera ofizialean, Munduko Pelota Txapelketan izango dauen lehenengo parte-hartze ofiziala dala eta.
Ekitaldian parte hartu dabe euskal espedizinoko 60 kideek, 40 pelotarik eta 20 teknikarik, Jose Mari Mitxelena Euskal Pelota Federazinoko presidenteak, Xavier Cazaubon Nazinoarteko Pelota Federazinoko presidenteak, Sara Pagola Eusko Jaurlaritzeak Argentinan eta Uruguain dauen ordezkariak eta Argentinako euskal kolektibidadearen ordezkariek.
Harrera ekitaldia Laurak Bat Euskal Etxearen trinketa historikoan egin da. Euskal diasporako erakunderik esanguratsuenetako bat da eta datorren urtean 150 urte beteko ditu. Bere berbaldian, Bengoetxeak topaketa hau Euskadiren eta Argentinaren arteko alkargunea izanik, gune batean ospatzearen sinbolismoa azpimarratu dau. Adierazo dauenez, Laurak Bat aukeratu izana ez da kasualidadea, Argentinako euskal diasporearen historiaren parte dalako eta gure herriaren historiaren zati banatuezina dalako.
Batzarraren izaera historikoa azpimarratu dau lehendakariordeak, Euskadik nazinoarteko euskal pelota txapelketa batean maila ofizialean parte hartuko dauen lehen aldia izango dala gogoratuz: bide luzea izan da honaino ekarri gaituana. Kirol selekzinoen ofizialtasunaren aldarrikapena ez da kirol burruka hutsa: kirol modalidade guztietan lehiatu nahi dauen herrialde baten burrukea da.
Bengoetxeak eskerrak emon deutsoz mugarri hori posible egiten lagundu daben persona eta erakunde guztiei, eta Euskadik Munduko Txapelketan dauen presentziari kirol-legez, anbizinoz eta normaltasunez aurre egiten jakola nabarmendu dau. Era berean, pelotariek Euskadi lehen aldiz nazinoarteko txapelketa handi batean ordezkatuko daben harrotasuna nabarmendu dau: gureak eta gure pelotariak gogoz ganezka datoz eta harro lehen aldiz euren herria, Euskadi, ordezkatzeaz, zehaztu dau.
Lehendakariordeak konfidantza mezua helarazo deutso euskal selekzinoari txapelketearen hasierearen aurrean: espero dot kamiseta berdea duintasunez eta harrotasunez jazten jakingo dozuela, emozinoz begiratzen deutsuen herrialde oso bat ordezkatzen zagozielako, adierazo dau espedizioko kideen aurrean.
Euskadik Munduko Pilota Txapelketan izan duen parte-hartze ofiziala mugarri bat da euskal kirolarentzat eta euskal gizarte osoarentzat, pelotearen munduak eta Euskadiko kirol-erakundeek luzaroan landutako nahia gauzatu baitau. Bengoetxeak azpimarratu dauenez, benetako mugarria da bere kirolarientzat, baina baita herrialde osoarentzat be.
Munduko Euskal Pelota Txapelketeak diziplina honetako nazinoarteko selekzino nagusiak batuko ditu urriaren 15etik aurrera, Argentina eta Uruguaiko egoitzatan, eta Euskadiren debuta markauko dau, bere ordezkaritza propioagaz, munduko txapelketa batean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
