Durangaldea be BBK Sariketako finalaurrekoetan sartu da

Bizkaie! 2020-03-04 13:48   Bertsolaritzea

Igorreko saioan Arratiari irabazi deutso.

Bertsolariak eta publikoa gazte-gazteak izan dira Igorren (argazkiak: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Sariketako bigarren kanporaketea jokatu da gaur goizean Igorren, Arratia BHI ikastetxean. Etxeko taldea, Arratia, eta Durangaldea izan dira aurrez aurre, lehia eder eta bizian. Ikastetxeko ikasleak egon dira publikoan.

Ariketa puntuagarriak amaituta, epaileek puntu gehiago emon deutsiez Durangaldeari. Hortaz, arratiarren ibilbidea amaitu da aurtengo BBK Sariketan. Durangaldekoek, ostera, finalaurrekoak ditue zain. Xabier Irakulis izan da saioko aurkezlea. Epaile Juanjo Respaldiza, Ander Arrien eta Beñat Romero ibili dira, eta idazkari, Idoia Anzorandia.

BBK Sariketan seiko taldeak aurkezten dira, Bizkaiko eskualdeen ordezkari. Arratiako seikotea hau izan da: Izaro Mazo, Oier Mendiolagoitia, Lur Olabarri, Urko Iurrebaso, Unai Intxausti eta Amaiur Atxa. Durangaldearen izenean honeek egon dira oholtzan: Leire Vargas, Ander Sarriugarte, Irune Basagoiti, Iruri Altzerreka, Ander Elorriaga eta Iker Maguregi.

Finalaurrekoa martiaren 16an jokatuko dau Durangaldeak, atzoko kanporaketea irabazi eban Busturialdearen kontra. Iurretako Orobiogoitia BHIn izango da saioa, eta, beraz, Durangaldeak etxean kantauko dau. Beste finalaurrekoko parte-hartzaileak datorren asteko kanporaketetan ezagutuko doguz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu