Busturialdea aurrera BBK Sariketako lehenengo kanporaketan
2020-03-03 13:15 BertsolaritzeaBarakaldon jokatu dabe kanporaketea, Enkarterri-Ezkerraldearen kontra.
Lehenengo aldiz, Barakaldora heldu da Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Sariketea, Clara Campoamor kultur etxera hain zuzen. Herriko ikastetxeetatik joandako gazteen aurrean, giro bikainean, Enkarterri-Ezkerraldea eta Busturialdea taldeetako bertsolariek kantau dabe, Jon Martinez gai jartzaile dala. Epaileak Ander Arrien, Beñat Romero eta Juanjo Respaldiza izan dira. Idazkari Idoia Anzorandia ibili da.
Seikoteak dira BBK Sariketako taldeak, edadearen araberako hirukoteetan banatuta: Gazteak (18 urtera arte) eta nagusiak (24ra arte). Barakaldon, kategoria bietako bertsoaldiak entzun eta gero, epaileek erabagi dabe Busturialdea ibili dala ondoen, eta hurrengo faserako txartela eskuratu dau eskualde horrek.
Enkarterri-Ezkerraldeko seikotean honeek egon dira oholtzan: Ane Pico, Koldo Villanueva, Iker Portillo, Asier Alcedo, Ander Ucelay eta Leire Portugués. Busturialdeko seikotea hau izan da: Malen Aretxaga, Ismael Aomar, Jokin Ansotegi, Koldo Muniz, Janire Arrizabalaga eta Koldo Gezuraga.
Enkarterri-Ezkerraldeko taldeak hasi orduko amaitu dau bere bidea aurtengo BBK Sariketan. Busturialdeak, ostera, martiaren 16an jokatuko dau finalaurrekoa, Iurretan. Aurkaria zein izango dan bihar jakingo dabe Busturialdekoek, Igorreko Arratia institutuko saioan. Biharko kanporaketan Arratia eta Durangaldeko seikoteek kantauko dabe.
Beste kanporaketa biak datorren astean jokatuko dira, Mungian eta Markina-Xemeinen. Horko irabazle biek hartuko dabe parte beste finalaurrekoan, Sopelan, hilaren 18an. Finala 26an izango da, Bilbon.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!