Barakaldon hasiko da XXVIII. Bertsolari Gazteen BBK Sariketea
2020-03-02 13:05 BertsolaritzeaMartiaren 3tik 26ra, Bizkaiko eskualde guztietako zortzi talde lehiatuko dira.
Aste Santuaren aurreko asteetan ohitura bihurtu da Bizkaiko bertsozaleen artean BBK Sariketea. Aurten 28. edizinoa beteko dau, bihar, martiaren 3a, hasi, eta hilaren 26ko finalera arte. Zortzi taldek emon dabe izena, Bizkaiko beste horrenbeste eskualdetakoak, 48 bertsolari gazte danetara. Azken urteotan eskualde guztietako taldeak osotzea lortu dabe, baita oraingoan be, eta hori barri ona da antolatzaileentzat.
Bertsolaritzea eta lehiaketea bera ahalik eta txoko gehienetara zabaltzeko asmoz, saioak antolatzeko leku barriak topetan ahalegintzen dira urtero. 28. edizinoan, Barakaldora eta Iurretara helduko da lehenengoz BBK Sariketea. Hain zuzen be, Barakaldoko Clara Campoamor kultur etxean izango da lehenengo saioa, bihar (10:30). Busturialdea eta Enkarterri/Ezkerraldea izango dira aurrez aurre.
Final laurenetako beste hiru kanporaketak honeek izango dira: Martiaren 4an, Igorren, Arratia-Durangaldea; martiaren 9an, Mungian, Uribe Butroe-Hego Uribe; eta 11n, Markina-Xemeinen, Uribe Kosta-Lea Artibai.
Saio bakotxeko irabazleak finalaurrekoetara pasauko dira. Fase horretan, kanporaketa bi jokatuko dira, martiaren 16an Iurretan, eta 18an Sopelan. Irabazle biek jokatuko dabe martiaren 26ko finala, Bilboko BBK Salan, 18:00etan.
Talde bakotxean sei bertsolari dagoz, kategoria bitan banatuta: 18 urtera arteko hiru, eta 24ra arteko beste hiru. Ikastolen Alkarteko ordezkari Juanjo Respaldizaren esanetan, Bizkaiko bertso eskolen sare zabalari esker, erraza da taldeetako kideak topetea.
Bizkaiko Bertsozale Alkarteko Ione Narbaizak gogoratu dauenez, gazte askorentzat jentaurreko lehenengo plazea izaten da BBK Sariketea, hortaz, harrobia lantzeko ezinbesteko tresnea da. Bertsolariei ez eze, publikoari be arretea jarten deutsie, bertsozaletasuna zabaltzeko asmoz: Eskolan bertsoa lantzen daben ikasleen aurrean egiten doguz saioak, dino Narbaizak. Finala da salbuespena, eskola orduetatik kanpo izango dalako, era guztietako zaleak erakarteko.
Eneko Abasolo, Abarkas, BBK Sariketan hasi zan bertsotan, txapelketearen hasierako edizinoetan, eta gaur egun, bera dabil irakasle, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalista izateaz gan. Lehenengo plazetako bat izan zan BBK Sariketea, eta, gogoratu dauenez, formatuak gauzak errazten ditu, taldean joateak babesa emoten dauelako.
Gazteentzako akulu lana ez dau galdu BBK Sariketeak. Gure bertso eskolako lau ikaslek lehenengo plazea aurtengo edizinoan egingo dabe, azaldu dau Abarkasek. Bizkaiko eskualde guztietako bertsolari gazteen arteko hartu-emonak sendotzeko be aproposa da urteroko hitzordu hau.
Finaleko irabazleari emongo deutsien sari nagusiaz gan, bestelako sari batzuk be egoten dira, adibidez, bertso onenari eta bizkaiera dotoreenari. Aurten, sari barri bat sortu dabe, kantaerarik onena dauen bertsolariari emoteko. Juanjo Respaldizak azaldu dauenez, bertsoen maminaz aparte, kontuan izan behar da zelan esaten dan.
Bizkaian lan ona egiten da bertso eskoletan eta hezkuntza arautuan, adierazo dau Abarkasek. Aurtengo txapelketan maila ona egongo da seguru, gazteak dirala kontuan hartuta, jakina, baina ikusleek txalo egingo dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!