Ingumak 25 urte bete ditu
2025-11-14 12:45 BertsolaritzeaEuskerazko produkzino zientifikoa jasoten.
Bilborocken alkartu dira euskereren produkzino zientifikoa jagoten eta sustatzen daben hainbat eragile, baita Bertsozale Alkarteko Xenpelar Dokumentazino Zentroko kideak be. Halanda ze, 2000. urtean, UEUk euskal komunidade zientifikoaren datu basea sortu eben: Inguma. 25 urte bete ditu aurton.
2000. urtean sortu arren, euskera batuaren arauak finkatzen hasi ziranetik euskerazko produkzino zientifiko-intelektuala jasoten dabe, gizartearen eskura jarri eta ikertzen jarraitu ahal izateko. Hiru helburu nagusi ditu Ingumak: unibersidade mailan euskerazko produkzinoa erregistrau eta sarbide digitala bermatzea; euskal komunidade zientifikoari ikusgarritasuna emotea eta sarea eskaintzea; eta, kultura zientifikoa hedatzea.
Egindako bideaz harro agertu dira, baina atzera begira baino, aurrera begiratu gura izan dab: euskerazko produkzino zientifikoa areagotzeko politika eraginkorrak behar dira. Izan be, euskerazko produkzinoak beherazko joerea dau, gainera, nazinoarteko datu base handietan, euskerazko produkzinoek neurgarritasun eskasa dabe. Horregaitik, Inguma ezinbesteko baliabide estrategikoa da, euskerazko ezagutzearen transmisinoa eta prestigio akademikoa bermatzeko.
Helburu eta bide horretan, bidelagun asko ditu Ingumak. Horren erakusle izan dira ekitaldira joandako alkarte eta eragileak. Esaterako, bertan izan dira Xenpelar Dokumentazino Zentroko kideak, bertsolaritzearen eta bertsogintzearen euskerazko ikerketa sustatzeko baliabideak eskaintzen.
Bidea eta helmuga alkarbanatuak diranez, erronkea be holakoa da. Euskerearen garapen zientifikorako politika baten gabezia aitatu baitzuten ekitaldian eta horretan indar egitea ezinbestekoa da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
