'Oizpeko pantolluk' taldea nagusitu da azken kanporaketan
2025-11-13 08:00 BertsolaritzeaFinalaurrekoen lehen saioa Mungian izango da, hilaren 17an.

Lehen lau saioak jokatuta, Bertsolari Gazteen XXXIII. BBK Sariketeak amaitu dau kanporaketen fasea. Laugarrena eta azkena Durangon izan da, Jesuitak Durango ikastetxean. Bertan, Minberatu zaizkigu eta Oizpeko pantolluk taldeek abestu dabe, bigarrenak irabaziz. Ondoko bertsolariek hartu dabe parte:
- Minberatu zaizkigu: Izaro Pagaldai, Joseba de Rueda eta Pello Muguruza.
- Oizpeko pantolluk: Haizea Rotaetxe, Jon Abasolo eta Malen Ibarzabal.
Gai-jartzaile lanetan Ander Aldazabal Olabarri ibili da. Epaileak, barriz, Beñat Romero Maguregi, Juanjo Respaldiza Ozaeta eta Miriam Juaristi Urizar izan dira. Idazkari beharretan Igor Menika Bengoetxea ibili da.
Hurrengo saioak
Datorren astelehenean izango da finalaurrekoen lehenengo saioa, Mungiako Mugire Txokoan, arratsaldeko 18:00etan. Bertan, Ari garela, ari garela eta Etazetak taldeak ibiliko dira. Bigarren finalaurrekoa Gernikan izango da, Elai-alai Aretoan, zemendiaren 19an. Saio horretan, Oizpeko pantolluk eta Txikitin parian taldeak ibiliko dira bertsotan.
Nagusienen mailan, barriz, Maiixo eta Zerobi taldeak hartuko dabe parte Mungiako finalaurrekoan; Gernikakoan, barriz, Bizkaiko kopla gaztiek, Mabe eta Piromanak taldeak ibiliko dira kantuan. Finalaurrekoetan sailkatzen diran taldeak aurrez-aurre izango dira Zornotzan, Zelaieta Zentroan, abenduaren 4an jokatuko dan finalean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
