Mendebaldeko Sahara gogoan izan dabe erakunde ugarik
2020-02-27 11:09 Pil-pileanEstadu independentea aldarrikatu zanetik 44 urtera, adierazpena onartu dau Bilboko Udalak.
Euskal Herriko hainbat erakundek, baita norbanakoek be, alkartasun mezuak bialdu deutsiez Mendebaldeko Saharako herritarrei, gaur, zezeilaren 27an, Saharar Errepublika Demokratiko Arabiarra aldarrikatu ebeneko 44. urteurrenean. 1976an hartu eban burujaubetzarako bidea Afrika iparraldeko herrialde harek, baina Marokok ez eban onartu, eta gatazkea, errepresinoa eta errefuxiatuak dagoz orain, estadu independentea barik.
Efemeridea gogoan, Bilboko Udaleko alderdi guzti-guztiek aho batez onartu dabe Saharako herriaren aldeko adierazpen instituzionala. 44 urte pasauta, gatazkea ez dala konpondu gogoratu dabe udal taldeek, eta Mendebaldeko Saharan bertan zein Tindufeko kanpamenduetan giza eskubideak urratzen dirala.
Oraintsu, Marokoko Erresumeak aldebakarrekotasunez itsas eremua mugatzeko lege bi onartu ditu, NBEren Itsasoko Zuzenbideari buruzko Konbentzinoan ezarritakoa urratuta. Lege barriak, Nazinoarteko Zuzenbidea urratzeaz gan, Mendebaldeko Saharako Lurralde Itsasoa barruan hartu dau, Udalak salatu dauenez.
Halako probokazinoak amaitzeko eta nazinoarteko erakundeen ebazpenak beteteko eskatu deutsie Bilboko alderdi politikoek Marokori, sahararrak kaltetuko ez dituan urtenbidea topau ahal izateko. Era berean, Espainiari be dei egin deutsie, jagokon erantzunkizuna hartu deian, Mendebaldeko Sahara herrialde haren kolonia izan zalako luzaroan. Euskal erakundeei laguntzino solidarioa bialtzen segidu deiela eskatu deutsie.
Adierazpenean hainbat puntu batzen dira. Lehenik eta behin, Bilboko Udalak berresten dau Fronte Polisarioa dala sahararren ordezkari zilegi bakarra. Maroko legez kanpoko okupatzailea dala eta Mendebaldeko Saharak autodeterminazino eskubidea behar dauela aldarrikatzen dau testuak.
Era berean, Marokoren hainbat lege eta jarrera txarresten dira, preso sahararrak askatzeko eskatzeaz gan. Ganera, Marokori Sahararen baliabide naturalak ustiatzeari ixteko exijidu deutsie alderdi politikoek.
Dana be ez da kritikea adierazpen horretan. Izan be, euskal gizartearen jarrerea txalotu dabe Bilboko Udaleko alderdiek, sahararrei laguntzeko sortu diran alkarte, kolektibo eta proiektuakaitik. Beren-beregi gogoratu dabe ume sahararrak udan Euskal Herrira ekarteko programea.
Getxo
Bilbotik kanpo be, erakunde ugarik egin dabe bat Mendebaldeko Saharagaz, gaurko efemeridearen harira. Esate baterako, Getxoko Udalak Mendebaldeko Sahararen banderea esegi dau udaletxean, urtero egiten dauen legez. Bihar, barikua, errefuxiaduen kanpamenduetako bizimodua agertzen dauen Palabras de caramelo filma proiektauko dabe Romoko Kultur Etxean.
Getxoko Udalak Euskal Karabaneagaz kolaboretan dau, produktuak Aljeriako errefuxiatuen kanpamenduetara eroateko; Oporrak Bakean programea sustatzen dau, saharar umeek udea familia getxotarrakaz pasau deien eta, 1997tik, ATFAL alkartearen proiektu baterako diru-laguntzinoa emoten dau, aniztasun funtzionala daben personen zentro baterako.
Korrikalari solidarioak
Azkenik, ez da ahaztu behar Saharako Maratoi Solidarioa jokatu dala egunotan, basamorduko hondarretan. Euskal Herritik joandako hogei bat korrikalarik hartu dabe parte, batzuek emoitza bikainagaz: Ainhoa Lendinez hirugarren izan da, eta Begoña Beristain, bosgarren.
Horrezaz gan, euskal kirolariek bertoko alkartasunaren barri sahararrei emoteko erabili dabe bidaiea. Bide batez, laguntzinoa eroan eta proiektu solidarioak sendotu ditue. Jon Salvador erandioztarrari omenaldia be egin deutsie maratoiaren antolatzaileek, hamar urtean hutsik egin barik hartu dauelako parte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!