Astegoien honetan hasiko da 28. Teknopolis

Bizkaie! 2025-09-26 07:59   Pil-pilean

Denporaldi honetan be Iñaki Leturia Yurrita izango da aurkezlea.

Egunotan aurkeztu dabe Teknopolis zientzia, teknologia eta berrikuntzari buruzko programaren 28. denboraldia, Mondragon Unibersidadeko Bilbao As Fabrik campusean, Bilbon. Han izan dira Eli García Caballero Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko zuzendaria, Unai Iparragirre Torres ETBko zuzendaria, Garazi Andonegi Beristain Elhuyarreko Zientzia Unitateko koordinatzailea eta saioa babesten duten erakundeetako ordezkariak. Hain zuzen, astegoien honetan hasiko da denporaldia, eta ondko ordutegia izango dau: zapatuetan 13:30ean ETB1en eta domeketan 12:15ean ETB2n.

Denporaldi honetan be ikusleak leku eta gai interesgarrietan barrena eroango ditu Teknopolisek, eta gizartean jakin-mina biztuten daben gaiei begiratzeko asmoa dakar, Euskal Herriko arlo guztietako adituen laguntzaz. Donostiako Zinemaldiaren 73. edizinoa amaitzen dan egun berean hasiko danez, zinearen teknologiari buruzko programa berezi bategaz ekingo deutso denporaldi barriari, eta hurrengo asteetan protagonista izango dira, besteak beste, Antartikako paraje hotzetan egiten diran ikerketak, BasQ ordenagailu kuantiko barria, basoen kudeaketea, eltxo-tigrea, Vera Rubin behatoki harrigarria...

Euskal Telebistako programazioan klasikoa da Teknopolis eta urtez urte barrikuntzak sartuz joan da. Orain, bikoizketetan hiztunaren ahotsa imitetan dauen teknologia barri bategaz dator, izan be, Elhuyarrek Euskal Herriko bikoizketa automatikoko lehen plataformea aurkeztu dau oraintsu eta Teknopolisek teknologia hori erabiliko dau alkarrizketatuen berbak euskeratu behar diranean.

Irailaren 27an hasiko dan denoraldi honetan be Iñaki Leturia Yurrita izango da aurkezlea, eta zuzendariak, barriz, Alaitz Ochoa de Eribe Agirre eta Nagore Rementeria Argote.

Elhuyarrek produziduten dau Teknopolis zientzia, teknologia eta barrikuntza-saioa. Euskal Herriko zientzia eta teknologiaren erreferente handienetakoak dira Elhuyar eta Teknopolis bera. Hasiera-hasieratik komunidadea eregitea izan dau Elhuyarrek helburu nagusi eta Teknopolis saioarena be horixe bera da. Euskal Herrian egiten dan zientziaren erakusleiho izateaz gan, herritarrakan pentsamendu kritikoa sustatzeko egiten dau lan. Horretarako, komunidade oso baten laguntzea dau: babesleak, ikertzaileak, dibulgatzaileak, eta zientzia-edukietan interesa daben herritarrak.

Era berean, ezinbestekoa da Elhuyarren eta EITB Mediaren arteko lankidetza sendoa nabarmentzea, bai eta babesle eta lankide diran erakunde guztien laguntzea azpimarratzea be: Eusko Jaurlaritzea, Euskal Herriko Unibersidadea, Mondragón Unibersidadea, Tknika Lanbide Hezikeetari aplikautako ikerketea eta barrikuntzako zentroa eta BRTA Euskadiko Ikerketa eta Teknologia Aliantzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu