Joseba Etxebarria hil da

Bizkaie! 2025-09-24 09:05   Pil-pilean

Bertso munduko eragile nekatuezina.

Joseba Etxebarria Uriarte bertso munduko eragile nekatuezinak agur esan deusku. Larrabetzuarra, 69 urtegaz hil zan atzo, hilak 23. 

Larrabetzu eta inguruetako bertso munduko eragilea izan da Joseba, inguruko bertso-eskolen sortzailea. Inguru horretaz gan, Bizkaia osora be zabaldu da haren beharra: Bizkaiko Bertsozale Alkarteko sortzaile eta zuzendaritza batzordekide izandakoa da.

Batez be, Bizkaiko Txapelketako talde atontzailean egin dau behar gehien. 2000. urtean hasi zan taldean eta orain arte izan da talde horretako zutabe garrantzitsu. Talde horretan egindako beharra autortzeko, 2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean txapela jarri eutson Nerea Ibarzabal txapeldunari, Moises Enbeitagaz batera. Biek talde atontzailean eta eragiletzan egindako beharra ikusarazo gura izan zan.

Bertsoa afizino, baina hizkuntzea izan dau ogibide. Gaztetatik euskera irakasle ibili zan AEKn eta ETB sortu zanetik bikoizketeari lotuta ibili zan lanean, itzultzen, zuzentzen eta bikoizten, erretiroa hartu arte. Besteak beste, Son Gokuri jarri eutson ahotsa. Haren ofizino zein afizinoei buruz alkarrizketea egin eutsen Hitzetik Hortzera programan.

Behar handia izan da Josebak egindakoa, baina egindakoaz gan, bera izan dan modukoa izateagaitik maite izan dugu hainbeste alkartean bere ondoan ibili garenok. Lagun ona, beti ahots goxoz, laguntzeko prest, gazteenekaz zein nagusiakaz, gertuko eta maitagarri.

Txapelketearen atarian joan da Joseba, baina saioz saio bere beharra ikusiko da oraingoan be. Eredu izan zara, eskerrik asko guztiagaitik, Joseba! adierazo dau Bertsozale Alkarteak.

Beilatokia Galarzan izango da (Galdakao) gaur, hilak 24, goizeko 11:00etatik 13:00era eta 17:00etatik 20:00etara.

(Argazkiak: Bertsozale Alkartea).

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu