Itxaso Paia: 'Talentudun gazte asko dagoz, eta guk espazioa emoten deutsegu'
2020-02-17 07:59 BarriketanHarrapazank programako arduraduna.
Bilboko 10 eta 18 urte bitarteko gazteentzako egitasmoa da Harrapazank, urtero Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak lankidetzan antolatua. Uriko gazteek astialdi aktibo, sortzaile eta euskalduna izatea helburu, atal bitan banatzen da egitaraua: Harrapazank Eszena talentu lehiaketea batetik, 12 eta 18 urte bitarteko neska-mutilentzat; eta Harrapazank Arratsaldeak izenburupeko tailerrak bestetik, 10 eta 16 urte artekoentzat.
2020ko edizinoa hasi barri da, gazteek doban emon leikie izena. Berezia da aurtengoa, programearen 15. edizinoa dalako, eta ez dabe ospatzeko aukerea galduko, martiaren 20an Bilborocken jai ederra antolatu dabe eta. Badaukiez pozik egoteko arrazoiak, urteroko arrakastea ikusita. Itxaso Paiak emon deuskuz azalpenak, egitasmoa barru-barrutik ezagutzen dau eta.
1.- Gazteak euskerazko astialdira erakarten dituan programa batek 15 urte bete ditu, non eta Bilbon. Hori bada ospatzeko modukoa.
Guretzat pozgarria da, bai. Bilboko Udalak egiten dauen apustua da, ez da ohikoa udal batek halako zeozer antolatzea. Apustu handiak egiten diranean, arrakastarako aukerea egoten da, eta hori da gure kasua, ze oihartzun handia izaten dau Harrapazankek urtero.
2.- Gazteek zergaitik emoten dabe izena Harrapazank Eszenako jardueretan, zein da zuen arrakastearen giltzarria?
Haien zaletasunak lantzen dituenez, oso motibatuta etorten dira. Ganera, ez daukie antzeko beste lehiaketarik inguruan, ezta gaztelaniaz be. Jantza lehiaketak eta halakoak egoten dira, baina talent-show itxurakorik ez, eta gitxiago diszilpina ugari buztartzen dituanik. Bestetik, lehiaketan izena emote hutsagaitik, Bilborockeko oholtzea probetako aukerea izaten dabe, eta polita da eurentzat.
Euren motibazinoa ez da euskerea izaten, euren zaletasunak aurrera eroateko espazio bat topetea baino. Kirolariek eskaintzea dabe leku guztietan, baina artistek ez dabe horrenbesteko aukerarik, ze musika eta jantza eskolak badagoz, baina metodologia klasikoak baino ez dagoz horreetan. Gurean, ateak zabal-zabalik ditue nahi dabena probetako, taldeka zein bakarka.
3.- Ezkutuko talentu asko agertu dira Harrapazanki esker?
Hori ikaragarria da, zenbat talentu topau dogun! Batzuk aitatzearren, Ane Zugaza bilbotarra jatort burura, 16 urtegaz aurkeztu zan lehenengoz Harrapazankera, hori ez da normalena, ze 12 urtegaz apuntetan dira gehienak, baina Anek berehala harritu gintuan. Euskeraz idazten zituan berbak, musikea be berak sortutakoa zan... Gaur egun, urte gitxi batzuk pasauta, kontzertuak emoten dabil han eta hemen. M&M taldekoak be, Maddi Gutierrez eta Maddi Urkijo, Harrapazanken hasitakoak dira. Eta aitatzekoa da, zelan ez, Enkore musika taldea sortzeko atxakia Harrapazank izan zala. Xabi Hook eta lagunek taldean aurkeztu nahi eben lehiaketara, eta holan hasi ziran. Talentu asko dagoz, eta guk espazioa emoten deutsegu plazaratzeko, eta antzeko zaletasunak daukiezan beste gazte batzuk ezagutzen ditue.
4.- Harrapazanken alkar ezagutu daben bikote edo talde artistikoak be egongo dira.
Hori behin baino gehiagotan pasau da, lehen aitatutako M&M taldekoen kasuan, esaterako, Ane Zugaza hemen ezagutu eben, eta orain emonaldiak egiten ditue alkarregaz, euskeraz. Azken baten, euskeraz ezagutu dabe alkar, eta modu naturalean jo dabe euskerazko sorkuntzara. Batzuk bakarka aurkezten dira lehenengo aldiz, baina antzeko gustuak dituan baten bat ezagutu eta hurrengo urteetan alkarregaz etorten dira.
5.- Beste eremu batzuetan be euskerea da lan-hizkuntzea, baina gazteek euskeraz egin deien lortzea nekeza da. Zuek helburu hori ondo beteten dozue, zein da giltzarria?
Lanketa txiki bat egiten dogu parte-hartzaileakaz, euren egoerea ezagutzeko. Askoren erreferenteak erderazko sorkuntzak dira, eta normala da; berbarako, Nazareth izeneko neska bat etorri jakun behin, flamenkoa pilo bat gustetan jakon eta gaztelaniazko artistak baino ez zituan ezagutzen. Ba, guk euskeraz flamenkoa egiten dabenen barri emon geuntsan, Sonakay taldea eta halakoak. Aukerea emoten deutsegu euskerazko taldeak, artistak... ezagutu deiezen.
Kontua ez da euskeraz berba egite hutsa, euskerazko erreferenteak emotea be bada. Gero, eurek hartzen dabe erabagia. Bestetik, Harrapazankeko lantalde osoa jente gaztea gara eta geure artean euskeraz egiten dogu. Hori be eredu da parte-hartzaileentzat. Azken baten, ezin deutsegu gazteei euskeraz egin deien eskatu guk ez badogu egiten. Nik oso ondo pasetan dot euskeraz, eta zuek be euskeraz ondo pasauko dozue nigaz, hori da mezua. Ez dogu inor derrigortzen euskeraz berba egitera edo euskeraz kantetera, giro informalean gabizalako, baina giro euskalduna sortzen dogu, ereduak eta erreferenteak emonaz.
6.- Gazteak horren motibauta ikusita, gustuko dabena egiten, euren onena emoten... ze pentsamendu jatortzu?
Ni oso erraz hunkitzekoa naz, batez be euskerearen gaiagaz. Kontuan izan ni Algortakoa nazela, ez da lekurik euskaldunena, eta horregaitik, ikastolan Euskaltzaindia deitzen eustien, euskerearen inguruko gaiak interesetan jatazalako, euskerearen friki bat nintzala pentsetan eben. Ikusten dodaz gazteak sortzen, aurrera egiten, euskeraz... asko hunkitzen naz. Galen grabazinoak behin eta barriro ikusten dodaz etxean. Zuzenean han egon arren, gustetan jat gero barriro ikustea, Harrapazanken fan hutsa naz.
Momentu politak dagoz, adibidez, Dance 21 taldekoek urte asko daroez funk doinuak lantzen, beti ingelesez, eta igaz, azkenean, Lola Indigoren Yo ya no quiero ná abestia euskeratu eta haregaz egin eben jantzan. Edo Vera Alonsoren ahalegina, Ekai lagunari abesti bat egin eutsan, euskeraz, oso lan politak eta indartsuak ateratzen dira. Antolatzaileok badakigu altxor bat daukaguna esku artean, eta gazteak be hunkitu egiten dira eta eskerrak emoten deuskuez, euren zaletasunetan aurrera egiteko lekutxua emoten deutsegulako.
7.- Antolatzaileak batetik, gazteak bestetik. Harrapazank Eszenaren hirugarren zutabea coach eta epaile dabizan profesionalak dira. 2020ko edizinoan nortzuk ibiliko dira zeregin horreetan?
Harrobi lana egiten dogu horretan be. Horregaitik, Harrapazanken luzaroan ibili diran eta, edadeagaitik, gehiago parte hartu ezin daben gazteak kontratau egiten doguz, lagundu deien. Lehen aitatutako M&M, esaterako, lantaldean dagoz orain. Miriam Lujua, Asier Ostolaza... parte-hartzaile ohiak be bai. Beste alde batetik, euskeraz sortzen daben Bilboko beste gazte batzuk be etorten dira: Pabilioi 6ko Aritz Mendiola eta Ainhoa Artetxe aktoreak, Go!azen-eko Nerea Mazo, Iholdi Beristain... Azkenik, Xabi Hoo, Ugaitz Alegria eta Ylenia Baglietto mitikoak daukaguz, ia hasieratik egon dira geugaz.
8.- Harrapazank Arratsaldeak atala be antolatzen dozue, tailerren eta ikastaroen zikloa. Bestelako interesak daukiezan gazteen txokoa da hori?
Oholtzara igotea maite dauenarentzat perfektua da Harrapazank Eszena. Baina beste askok nahiago dabe ordenagailu atzean egotea edo beste gustu batzuk daukiez. Horreentzat da Harrapazank Arratsaldeak, hain zuzen. Light painting tailerrak, edo graffitiena, hip hop, zirkua, bitxigintzea... era horretako gauzak lantzen doguz. Zumbaren kasua be aitatzekoa da, ze jantza horren ikastaroak edonon dagoz gaur egun, baina beti gaztelaniaz eta gaztelaniazko musikeagaz. Guk euskeraz emoten dogu eta zumbarako aproposak diran euskerazko abestiak bilatzen doguz. Hemen be musika jantzagarria daukagula ikusten dabe parte-hartzaileek.
9.- Barritzaileak eta deigarriak dira antolatzen dozuezan tailer gehienak. Zelan aukeratzen dozue programazinoa?
Mapa moduko bat daukagu, eta geltoki bakotxean daukaguz teknologia, sorkuntzea, artea, gorputza mobidutea... Alor batzuk aukeratu eta bakotxerako tailerrak bilatzen doguz. Gure helburuak beteteko beren-beregi sortutako tailerrak dira batzuk, beharbada erderaz badagozanak, baina guk euskeraz emoteko modua topetan dogu. Jarduera bakotxak dauen erantzuna be kontuan hartzen dogu; adibidez, grafiti tailerra urtero egiten dogu, itzelezko arrakastea daukalako.
10.- Teknologia barriak eta sare sozialak erabilten dozuez Harrapazanken, gazteen beharrei erantzuteko. 15 urtean asko aldatuko zenduen lan egiteko modua...
Bai, gaur egun Instagram erabilten dogu asko, 1.500 jarraitzaile doguz, ez da zifra makala. Instagram erabilten dogu zozketak egiteko edo gure influencer-ei Harrapazanken aldeko kanpainetan laguntzeko eskatzeko. Lehen, ostera, Facebook zan gure lan tresnea. Orain gurasoakaz komuniketako baino ez dogu erabilten Facebook, ze gazteak ez dagoz sare horretan. Egokitzen goaz, urtero datozan barrikuntzei adi egon behar dogu.
11.- Harrapazanken 15. edizinoa ospatzeko, jaia iragarri dozue martiaren 20rako. Zelakoa izango da?
Gazteak ondo pasau deien ahaleginduko gara. Ez dau zerikusirik izango lehiaketako saioakaz, ze Txurru ipiniko dogu DJ, eta parte-hartzaileentzako olgetak preparauko doguz eta sariak banatu. Olgetan zein jantzan egin, disfrutau eta lagun barriak topetako jaia izango da.
Argazkiak: Topagunea eta Bilboko Udala.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!