Jai handi bategaz ospatuko dau 15. urteurrena Harrapazank programeak

Bizkaie! 2020-02-05 13:09   Kulturea

Bilboko 10 eta 18 urte bitarteko gazteentzako egitasmo hau urtero egiten da 2006tik.

Koldo Narbaiza eta Itxaso Paia (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Egunotan hasiko da Harrapazank programea, Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak alkarlanean antolatzen daben ekimena, uriko gazteek astialdi aktibo, sortzaile eta euskalduna izan deien. Aurten edizino berezia izango da, 15.a, eta Bilborocken jai handi bat egingo dabe martiaren 20an.

Euren interesen arabera, Harrapazanken barruan aukera desbardinak izango ditue 10 eta 18 urte bitarteko neska-mutilek. Batetik, Harrapazank Arratsaldea dago, tailer interesgarri eta barritzaileen egitaraua: Graffitiak, zumba, malabareak, stop motion animazinoa, lightpainting, scratch, serigrafia... egiten ikasiko dabe gazteek.

Lantegiok kategoria bitan banatu ditue, parte-hartzaileen edadearen arabera: 10 eta 12 urte bitartekoak Junior izango dira, eta 12tik 16rakoak, Senior. Zezeilaren 27ra arteko epea dago izena emoteko. Informazino guztia hemen.

Bestetik, Harrapazank Eszena atala dago, ikuskizunak antolatu eta oholtza ganean agertzea gustuko daben gazteentzat. Talentu lehiaketa baten formatua izango dau, hor be Junior (12-14 urte) eta Senior (14-18 urte) ataletan banatuta.

Izena emoten daben guztiek entsegu eta casting-etan hartuko dabe parte, sormenaren munduko irakasleen laguntzaz, trebetasunak hobetu, trikimailu barriak ikasi eta euren gaitasunak erakusteko. Kategoria bakotxeko hamar talde edo bakarlari aukeratuko ditue, hurrengo faserako.

Finalak maiatzaren 29an eta 30ean izango dira, Bilborocken, publiko eta guzti, eta bakotxa 500 euroko sari bi emongo deutsiez irabazleei. Artista ezagunak izango dira epaile, eta publikoak sare sozialen bidez be hartu ahal izango dau parte. Finalean sartzen ez diran gazteek hobekuntza lantegia izango dabe apirilaren 24an, Begoñako udaltegian. Informazino gehiago hemen.

2020ko Harrapazank aurkezteko agerraldian, Bilboko neska-mutilak parte hartzera animau ditue Koldo Narbaiza zinegotziak eta Topaguneko Itxaso Paiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu