Enkarterriko arkitekturearen inbentarioak nazinoarteko autortzea jaso dau

Bizkaie! 2020-01-20 09:08   Kulturea

Docomomo boletin entzutetsuan agertu da Bizkaiko Batzar Nagusien azterlana.

Bizkaiko mendebaldeko eskualdeen arkitekturearen inbentarioan, 1870 eta 1975. urteen arteko 1.500 eraikinen inguruko azterlana aurkeztu eben zemendian. Enkarterri da aukeratutako eremua, Meatzaldea eta Ezkerraldea sartuta, hiru zonaldeon arteko lotura historikoak sendoak diralako.

Nazinoarteko arkitektureaz arduratzen dan Docomomo aldizkariaren abenduko alean nabarmendu egin dabe Gorka Pérez de la Peña Oleaga ikerlariak Batzar Nagusien eskariz egindako lana, eta hori autortza handia da, mundu zabaleko argitalpen ospetsua dala kontuan hartuta, arkitektura eta urigintza modernoan espezializadua.

1990ean sortu zan Docomomo (Documentation and Conservation of Building, Sites and Neighbourhoods of the Modern Movement). Docomomo Ibérico izenburudun argitalpenean agertu da Enkarterriko aitamena, hau da, Espainiaz eta Portugalez arduratzen dan sailean.

Bizkaiko Batzar Nagusiek bultzatutako Enkarterri Museoak agindu dau azterlana egiteko, ondare historikoa, kulturala eta etnografikoa berreskuratzeko eta zabaltzeko egiten dauen behar garrantzitsuaren barruan. Inbentarioa lau urteko ikerketearen emoitzea da. Meatzaldea eta Ezkerraldea be sartu ditue.

1870 eta 1975 urteen artean eregitako eraikinak agertzen dira inbentarioan, 1.500 guztira. Gehienak, 1.200 inguru, lehenengo aldiz aztertu dira halako lan zorrotz baten. Ganerakoak, Portugalete, Sestao eta Barakaldoren inguruko monografietan agertu izan dira lehenago. Etxebizitzak, eleizak, eskolak, kanposantuak, jauregiak, txaletak... dagoz ikerlanean.

Inbentarioa udalerriz udalerri banatuta dago, eta, ganera, estiloaren araberako hamaika kategoriatan sartu ditue eraikinak. Bakotxaren fitxan datea, egilea, kokalekua eta arte eta ondare arloko azalpena datoz. Hortaz, eskualdeko ondare arkitektonikoa herritarrei hurreratzeko baliabide aproposa da, eta baita udalentzako edo profesionalentzako tresnea be, uri-plangintzetan edo ondarea zabaltzeko ekimenetan erabili ahal izango dabelako.

Inbentarioa hemen irakurri leiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu