Enkarterri, Ezkerralde eta Meatzaldeko arkitektura inbentarioa egin dabe

Bizkaie! 2019-11-13 13:24   Kulturea

1.500 eraikinen informazinoa dago bertan.

Inbentarioan agertzen dan eraikinetako bat, Zallan (argazkiak: Bizkaiko Batzar Nagusiak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak mendebaldeko eskualdeen arkitekturearen inguruko inbentarioa aurkeztu dau, 1.500 eraikinen barri jasoten dauen ikerlan zorrotza. Enkarterriko, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko 20 udalerri hartzen ditu kontuan Azterlan-Inbentarioa: Enkarterriko Arkitektura Garaikidea (1870-1975) izeneko lanak.

Enkarterriko Museoak ondare historikoa, kulturala eta etnografikoa berreskuratzeko eta zabaltzeko egiten dauen behar garrantzitsuaren barruan dago azterlana. Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagoan museo horrek bultzatu dauen inbentarioa lau urteko ikerketearen emoitzea da. Meatzaldea eta Ezkerraldea be sartu ditue, ikuspegi historikotik Enkarterriko parte diralako.

Lan barritzailea da, gure iragana eta ondarea hobeto ezagutzeko aukerea emongo dauen eta kontsultau beharra daukien erakunde eta persona guztientzat erabilgarria eta eskuragarria izango dan tresnea da, azpimarratu dau Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, inbentarioa aurkezteko egin dan agerraldian. Javier Barrio Enkarterrietako Museoaren Zuzendariak eta Gorka Pérez de la Peña historialari eta azterlanaren egileak be hartu dabe parte.

Izenburuak dinoan legez, 1870 eta 1975 urteen artean eregitako eraikinak agertzen dira inbentarioan, 1.500 guztira. Gehienak, 1.200 inguru, lehenengo aldiz aztertu dira halako lan zorrotz baten. Ganerakoak, Portugalete, Sestao eta Barakaldoren inguruko monografietan agertu izan dira lehenago. Etxebizitzak, eleizak, eskolak, kanposantuak, jauregiak, txaletak... dagoz ikerlanean.

Inbentarioa udalerriz udalerri banatuta dago, eta, ganera, estiloaren araberako hamaika kategoriatan sartu ditue eraikinak. Bakotxaren fitxan datea, egilea, kokalekua eta arte eta ondare arloko azalpena datoz. Hortaz, eskualdeko ondare arkitektonikoa herritarrei hurreratzeko baliabide aproposa da, eta baita udalentzako edo profesionalentzako tresnea be, uri-plangintzetan edo ondarea zabaltzeko ekimenetan erabili ahal izango dabelako.

Inbentarioa hemen irakurri leiteke.

Inbentarioaren aurkezpena

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu