Ander Elosegi: 'Tokion, helburua podiumera igotea izango da'
2020-01-03 13:47 BarriketanPiraguistea.
Udan Tokion jokatuko diran 2020ko Joko Olinpikoetara begira dago BAT-Basque Teameko Ander Elosegi piraguista irundarra, iraileko La Seu d'Urgelleko (Katalunia) Munduko Txapelketan txartela eskuratu ebanetik. Ganera, zidarrezko dominea jantzi eban txapelketa haretan. Japoniarako helburua garbi dauka: Lehenengo aldiz podium olinpikora igotea.
Erronkeari aurre egiteko, eskarmentua izango dau lagun, berarentzat laugarren Jokoak diralako 2020koak. Pekinen, Londresen eta Rion, beti lehenengo hamarren artean amaitu eban. Sensazino aldetik, behinik behin, bete-betean dago, baina badaki balio dauen emoitza bakarra garagarrilaren 26koa dana.
1.- Abenduaren 23an, Basque Teamen urteroko Gabonetako Galan izan zinan, eta oroigarria emon eutsuen Tokiorako sailkatuta zagozalako. Atzera kontua hasi da?
Egia esan, Tokiorako atzera kontua Munduko Txapelketea amaitu nebanean hasi zan, irailean. Momentu haretan banekian plazea neurea zana, eta harrezkero Tokion pentsetan nabil. Abenduko Galea topaketa polita izan zan, Euskal Herriko kirolari askogaz topo egiteko modua izan neban.
2.- Seu d'Urgelleko Munduko Txapelketan zidarra irabazi zenduan bakarka zein taldeka. Emoitza bikaina dan arren, urrezko dominatik horren hur egon eta zidarragaz konformau behar izateagaitik penaz geratu zinan?
Sensazino txarrik ez eustan itxi, ze txapelketa horretako helburua Tokioko Joko Olinpikoetarako txartela lortzea zan. Hortaz aparte, egia da nik banekiala ondo egin ezkero dominen lehian egongo nintzala, eta holan izan zan, txapelketa ona egin neban. Behin zidarra irabazita, pozik geratu nintzan, baina egia da urrea hur izan nebala. Goi mailako kirola halakoa da, onartu behar da beste batek nik baino hobeto egin nebala.
3.- Munduko Txapelketan bakarka eta taldeka ibili zinan. Tokion, bakarka baino ez?
Bai, ze taldekakoa ez dago programa olinpikoaren barruan, beraz bakarkakoan baino ez naz lehiatuko. Guretzat, proba garrantzitsuena bakarkakoa izaten da, taldekakoa be polita dan arren, guk egunero entrenetan doguna banakoa da.
4.- Urte erdiren faltan, zelan ikusten dozu zeure burua Tokioko Jokoetan?
Nahiko ondo ikusten dot neure burua, oraindino asko falta dan arren ezer esateko. Dagoeneko bi aldiz egon gara Tokion, kanala ondo ezagutzen dogu eta nire gustokoa dala esan neike. Jenteari be gustauko jako, ze baditu tarte gatxak eta errazak. Beharbada ez da kanal ikusgarria, ze ez dauka ur-emari handirik edo pendiz ikaragarririk, baina gure kirola praktiketako aproposa da. Uste dot Joko Olinpikoetako probea oso lehiatua izango dala.
5.- Non egongo da giltzarria Tokion emoitza ona eskuratzeko?
Sekretu handirik ez dago, duda barik aurretiaz ondo preparau beharko dot guztia, ondo landu ibilbidea. Batez be, lehiaketa egunean inportantea izango da kontzentrauta egotea. Akats gitxien egiten dauenak egingo dau jatsierarik onena. Ez da erraza kanal zehatz baten giltzarria esatea, normalean urte osoan praktikautakoa lehiaketearen egunean egitea izaten da inportanteena.
6.- Azken baten, egun bakarrean ipiniko dozue jokoan urte osoan entrenetan ibilitakoa. Alderdi psikologikoa lantzea be ezinbestekoa da, ezta?
Denporaldian egiten dogun lana jatsiera baten jokatzen dogu, eta horrek zama psikologiko handia dakar. Beraz, urtean zehar hori lantzen dogu. Karta batean dana jokatze hori zelan kudeatu ikasi behar izaten dogu, goi mailako txapelketa batean hor egon leiteke diferentzia. Batzuek errazago galtzen dabe kontzentrazinoa, eta hori ordaindu egiten da.
7.- Zuk, behintzat, esperientzia dozu alde, laugarren Joko Olinpikoak dozuzalako honeek.
Urteakaz ikasten dozu lehiatzen eta barruko tensinoak kontroletan, zeure burua zelakoa dan ikusten dozu. 2016ko Jokoetan be honen moduko galderak egiten eustezan, eta nik baietz, eskarmentuak lagunduko eustala erantzuten neban. Orain, lau urte geroago, zer esanik ez. Esperientzia hori guztia neure alde dago, aprobetxetea da orain kontua.
8.- 2008an egon zinan lehenengoz Joko Olinpikoetan, Pekinen. Lehenengo aldia eta laugarrena ez dira bardin bizi izaten?
Jente askok esaten deust laugarrenak dirala, baina nik, egia esan, lehenengoak balira legez bizi dodaz, munduko ilusino guztiagaz. Nik badakit probea garagarrilaren 26an dana, helburua da egun horretarako ahalik eta ondoen preparetea. Nahiago dot horretan pentsau, eta ez lehenengo Jokoak diran ala laugarrenak.
9.- Pekindik Tokiorako hamabi urteotan, zu zeu asko aldatuko zinan.
Bai, gauza nabaria da hori. Baina esan behar dot gure kirola bera be aldatu egin dala, bai teknika aldetik eta bai erabilten doguzan piraguen aldetik be, orain beste modelo batzuk daukaguz. Bilakaerea egon da piraguen diseinuan, eta, horregaz batera, teknikea be egokitzen joan da pixka bat. Bideoan ikusi ezkero orain dala hamabi urteko jatsiera bat, aldaketak egon dirala nabarmena da. Uste dot ondo egokitu nazela aldaketa horreetara, eta horregaitik segiduten dot goi mailan honenbeste urte eta gero.
10.- Orain arte, Joko Olinpikoetan parte hartu dozun bakotxean diploma olinpikoa ekarri dozu etxera, beti podiumera igotetik hur, baina lortu barik. Tokion bai, podiumean ikusten dozu zeure burua?
Helburua, behinik behin, hori da: Benetan pentsetan dot badaukadala aukerea podiumean egoteko. Jakina, ezin dot ahaztu lehiakideak be hor dagozala, eta eurak be onena emoteko prest doazala. Baina nahi dodan moduko jatsierea egiten badot, badakit burruka horretan sartuta egongo nazela, horretara noa, helburua podiumera igotea da.
11.- Zein da zure plana hemendik eta Tokioko hitzordura arte?
Gabonak etxean pasau eta gero, urtarrilaren 23an Zelanda Barrira joateko asmoa daukagu, Aucklandera, hamar bat egunerako, eta gero Australiara, hogei egun. Hortik aurrera plana ez daukat guztiz zehaztuta, baina Tokiora joango gara behin baino gehiagotan. Ganera, bagilean eta maiatzean Europako Txapelketea jokatuko da Londresen, eta hori be preparau behar da. Helburu nagusia ez da Europakoa, Joko Olinpikoak baino, baina erritmoa hartzeko ederto etorriko jat.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!