'Marijesiak 4:00', azken emonaldia Gernikan
2020-01-03 09:14 KultureaElai Alai aretoan izango da proiekzinoa, gaur 19:30ean.
Gabon sasoia agortzen doa, eta Gernikako Marijesien inguruan egindako dokumentala erakusteko birea be amaierara helduko da gaur, barikua. Marijesiak 4:00, bederatzi gau hotzetan, Oier Plazak zuzendu eta alkarlanean sortutako ordubeteko dokumentala, barriro ikusi ahal izango da Gernikan, kasu honetan Elai Alai aretoan, 19:30ean.
Gernikan egindako hirugarren proiekzinoa izango da hau. Estreinaldia Lizeo Antzokian izan zan, abenduaren 13an, eta hil horren 20an barriro ikusi ahal izan eben gernikarrek. Asteotan herritik kanpo be ibili da Marijesiak 4:00: Bilbon, Foruan, Durangon eta Baionan, beti ikusmin handia eraginez. Ganera, Argentinako euskal diasporara heldu zan, Tandil herriko Gure Etxea Euskal Etxean abenduaren 29an egindako proiekzinoari esker.
Aurretik Gernikan egindako proiekzino bietan sarrera guztiak agortu ziranez, hirugarren emonaldi hau antolatzea erabagi eben Marijesiek, poz handiz antolatu be, ohar baten azaldu dabenez. Sartzea libre izango da, Elai Alai aretoko aforoa bete arte.
Dokumentalean, Gernikako Marijesietan modu baten edo bestean parte hartzen daben 37 lagunen lekukotzak batu ditue: Kantuan ibilten diranak, antxina ibili ziranak, etxetik entzuten dabenak... Testigantzen eta Marijesietan igaz grabautako irudien bidez, tradizino honen atzean dagoan altxor kulturala eta gernikarrakan sortzen dauen sentimendua batu ditu Oier Plaza zuzendariak.
Proiektu multimedia zabal baten parte da dokumentala, Gernikako Marijesien ondarea eta herritarrakan eragiten dauen sentimendua hainbat euskarritan gorde eta ezagutzera emoteko asmoz. Filma ez eze, liburua, webgunea, kantuen liburutxua, audioa eta abar dakarz. Marijesiek gogora ekarri dabe produktu multimedia osoa salgai dagoala Gernikako liburudendetan (Gaubeka, Obaba, Berezi, Samaitz), Euskal Souvenirsen eta Turismo Bulegoan, 20 euroan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!