Amagoia L. de Larruzea Zarate: 'Gernikar bati Marijesiak aitatu ezkero, begiak biztuten jakoz'
2019-12-16 08:06 BarriketanGernikako Marijesietako kidea.
Bart goizaldean hasita, Gabon Gauera arteko bederatzi gauak kantuz beteko ditue Gernikako Marijesiek, ohitura zaharrari eutsita. Busturialdeko herri batzuetan gorde da tradizinoa, eta Gernikan indartsu dago, goizaldero talde ederra batzen dalako, bakarlaria gidari dabela.
Aurten sorpresea dakarre, Marijesiak 4:00, bederatzi gau hotzetan proiektu multimedia plazaratu dabe eta. Oier Plazak zuzendutako ordubeteko dokumentala eta material osogarria dakarz, hau da, liburua, kantuen liburuxkea, diskoa eta webgunea. Amagoia Lopez de Larruzea Zarate, marijesi beteranoa izateaz gan, proiektu multimediaren bultzatzaileetako bat da eta dokumentazinoaren arloan lagundu dau batez be.
1.- Aspaldiko ohiturea da Marijesiena, dokumentala egiteko asmoa nondik dator?
Orain dala urte batzuk sortu zan hau guztia, pentsau genduan Marijesien inguruko dokumentazino guztia batzeko ordua zala, artxibo on bat eukiteko eta erakusteko. Horren kontura, horri ze forma emon erabagi behar izan genduan, eta igazkoa izan zan urte erabagiorra. Kontaktu batzuk egin genduzan, serioago hasi ginan beharrean, eta proiektua martxan jarri genduan.
2.- Pilo bat jente agertzen da dokumentalean bere lekukotzea emoten. Zelako personak bilatu dozuez?
Eskerrak emon behar deutseguz parte hartu dabenei, ze danek borondate onez lagundu gura izan deuskue. Lehengo Marijesietako jentea zein gaur egungoak dira, edo ospakizuna modu bereziren baten bizi dabenak. Batzuek 80 urte daukiez, eta badagoz 15 urteko gaztetxuak be. Bakotxak bere ikuspuntua kontau dau, zelan bizi daben edo zelan gogoratzen daben Marijesietan parte hartu izan dabeneko momentua. Horregaz guztiagaz puzzlea osotu behar izan dogu gero, kontakizunari zentzuna emoteko.
3.- Talde teknikoan nortzuk ibili dira?
Hor profesionalen laguntzinoa izan dogu, FMK Filmak izeneko enpresea ibili da horretan, gernikarrak dira eta oso ondo konpondu gara. Erraza izan da, ze gernikarrak diranez, ez jake azaldu behar izan Marijesiak zer diran. Autzaganetik hara zoazanean beti ibili behar zara zer dan kontetan, baina hemen inguruan danok dakigu. Oier Plaza da zuzendaria, gidoia Iñaki Gonzalezek idatzi dau, bien artean egin dabe gehiena. Beste batzuk be ibili gara, esaterako, nik dokumentazinoaren arloa landu dot. Alkarregaz egindako lana izan da, batzar asko egin doguz. Marijesion partetik taldetxu bat ibili gara, eta profesionalek guk esandakoa gorpuztu dabe.
4.- Dokumentalagaz batera, beste material batzuk be atera dozuez. Zuk dokumentazinoa batu dozu.
Bai, ze Marijesien zabalkunderako proiektu hau multimedia da, eta badago liburu bat, 90 orrialdekoa, neuk idatzitakoa. Urte askoan ibili naz Marijesien inguruko materiala batzen. Kantak nondik datozan, ze argitalpen egon diran, tradizinoa non kokatzen dan... aztertu dot. Hori guztia sistematizau dot orain. Dokumentalagaz batera atera dot liburua, osogarri lez, Marijesietako oinarrizko gauzak kontetako, XXI. mendean Gernikan zelan egiten diran, eta ze balio kultural eta etnografiko daben erakusteko.
5.- Zuen esanetan, Marijesien identidade-balioa azaltzea da proiektuaren helburua. Zein da, ba, identidade-balio hori?
Gernikarrontzat, Gabonak hurreratu ahala, Marijesien sasoia hasten da, hilaren 16an ekiten deutsegu gaueko errondei. Herritarrok bizi izaten dogun fenomenoa da, gure etxe albotik pasetan dalako edo parte hartzen dogulako. Emozino moduko bat izaten dogu gernikarrok, gure identidadearen ikur bihurtu da. Gernikar bati Marijesiak aitatu ezkero, begiak biztuten jakoz beti. Erlijinoaren zentzunetik harago doan zeozer da gaur egun, erlijinoarena ez da inportantea Marijesiak bizi izateko, oinarria hori dan arren. Ez dakit ze alkartasun edo zer sortzen dauen, badaukie zeozer Marijesiek, sentimendu positibo bat da. Batek esan eustan behin, Marijesiak gernikartasunaren seinaleetako bat dirala, asko gustau jatan esaldi hori.
6.- Ahalegina da Marijesietan urtetea, goizaldean izaten dalako. Baina gustura egiten da, ezta?
Bai. Dokumentalaren izena da Marijesiak, 4:00, hain zuzen be ordu horretan hasten dalako errondea. Baina merezidu dau, ze Gernikako Marijesiak ederrak eta politak dira, guretzat pozgarriak.
7.- Herri gehienetan era horretako ospakizunak galduta dagoz. Hortaz, Gernikako Marijesiek badabe balio etnografiko eta historiko handia be, ezta?
Hori be bai. Inguruko beste herri batzuetan be egiten dira, baina guk bederatziurren osoa egiten dogu, abenduaren 16tik 24ra. Hori Gautegiz Arteagan eta Ean baino ez da egiten, Gernikaz gan. Baina hareek beste melodia batzuk erabilten ditue, eta letrak be diferenteak dira.
8.- Abenduaren 24ra arte, gauero ibiliko dira Marijesiak. Zelan dator aurtengoa?
Betiko martxan, egin doguz betiko batzarrak, preparau dogu nondik ibiliko dan, entseguak be egin doguz. Halandabe, bada nahikoa nobedade proiektuarena, dokumental eta guzti aurkeztu dogu, horrek beste inplikazino bat eskatu dau. Fetxetan, bat dator estreinaldia Marijesiakaz: 13an Gernikan erakutsi genduan, eta 19an Bilbon proiektauko dogu.
9.- Gazteak animetan dira?
Bai, egunaren arabera izaten da, baina batzuek urteak daroez. Etxean ikusi dabelako, gustuko dabelako, edo dana dalakoagaitik, baina egon badagoz. Egia esan, edade guztietakoak dabiz, zahar eta gazte, eta gizonak zein andrak.
10.- Aurten bakarlari hasiko da 24 urteko gazte bat, Alex Uriarte. Gurean, Bizkaie!-n, idazten dau berak, gure blogarietako bat da. Kontaiguzu zer dala eta hasiko dan bakarlari, horrek dakarren erantzunkizunagaz.
Orain dala urte batzuetatik da marijesia, taldean kantetan sarri etorri da. Ganera, familiatik jatorko, ze aita be bakarlaria da aspalditik. Kontua da ze, zemendiaren 29an egin genduan batzarrean, esan euskun bakarlari izan gura ebala, eta, duda barik, gauza pozgarria izan zan, ze ez da erraza gazte batek pausu hori egitea. Pare bat entsaio egin ditu, eta etxean be ibiliko zan.
Baina bakarlariak ardura handia dauka, kantau ez eze, talde osoa gidatu behar dauelako. Horregaitik, Denis Azkarate gure bakarlari beteranoagaz urtengo dau, biak alkarregaz joango dira bakarlari. Aurten gau bakarrean izango da Alex bakarlari, lehenengoan [bart goizaldean], hurrengo urteetan ikusiko da. Edozelan be, arazoren bat euki ezkero, Denisek lagunduko deutso.
11.- Hortaz, transmisinoa ziurtauta dago hurrengo urteetarako.
Nik uste dot baietz. Honelako gauzei eusteko konpromisoa behar izaten da, eta urte baten urteten dabenek beharbada hurrengoan ezin dabe, beharragaitik edo kanpoan dagozalako. Batzuk denpora batera bueltau egiten dira, gorabehera hori badago, baina talde sendoa daukagu azken urteotan. Gero, inportantea da bakarlariak egotea, ze koruan joatea ondo dago, baina aurretik doan bakarlariak erantzunkizun handiagoa dau.
12.- Emakumezko bakarlariak be badaukazuez orain, lehen gizonak izaten ziran danak.
Aurrerapausu sinbolikoa izan da. Apurka-apurka, gero eta andrazko gehiago sartzen joan gara, eta igaz, Ane Miren Arejita lehenengoz izan zan bakarlari. Tradizinoaren bilakaerea egin dogu, modu trankilean, zarata handi barik. Jakina da beste leku batzuetan zelakoak izaten diran andrazkoen parte-hartzea dala eta ez dala.
13.- Marijesiak entzuten leihoetara urteten daben herritarrak, ohetik koplak entzuten dituenak... horreek be gogoratu dozuez.
Kaleetan dabilenak badaki ez dagoana bakarrik munduan. Gaueko orduetan ibilten zara kantetan, eta pentsau zeinke bakarrik zagozala, baina badakizu etxeetatik jentea entzuten egoten dala. Han ikusten dozu persona bat, han argi bat. Batzuek kantau, besteek entzun, danok gara honen parte.
14.- Goizaldean kantetako indarra emongo dau horrek.
Ni ez naz egunero-egunero joaten, baina batzuk egunero joaten dira, bederatzi gauetan. Halako orduetan altzetea, samea martxan ipintea kostau egiten da. Baina behin konpromisoa hartuta, ba aurrera, motorra lez, hor zoaz apurka-apurka. Bakotxak bere erara egiten dau, bakarlariek be euren prestakuntzea egingo dabe, izartu eta kantetan hasteko.
15.- Zergaitik gorde da Gernikan Marijesien ohiturea horren ondo?
Tradizinoz, 1970eko hamarkadara arte, bost-sei laguneko talde txikiak izaten ziran Marijesiak, baina orduan be estimazino handikoak ziran. Euzkadi egunkarian badagoz horren lekukotzak, Marijesiak gauza eder moduan aitatzen ditue. Gernikan zergaitik gorde dan ohiturea? Hor Sebero Altubek euki eban garrantzia, nire ustez. Arrasatetik hona etorri zan, Marijesiak entzun, eta harrituta geratu zan. Armonizazino batzuk egin zituan, koplak berreskuratzen hasi zan... sustatzailea izan zan. Bultzada horregaz, sasoi haretan hasi ziran eskuz idatzitako kopla asko agertzen, eta gero inprentakoak be bai.
Hemen ondo zuztartuta dagoz Marijesiak, eta herriak jakin izan dau hori gordeten. Antropologo bati entzun neutsan, Marijesiek hartu dituen elementu barriei esker mantenidu dirala. Taldeak bostekoak izatetik handiagoak izatera pasetea, adibidez, 1970etik aurrerakoa aldaketea da. Ibilbideak be, urterik urtera aldatu egiten dira, hainbat lekutatik pasetako.
16.- Jatorrizko zentzun erlijiosotik aparteko beste balio batzuk be hartu ditue Marijesiek, ezta?
Badauka erlijinoaren oinarri hori, berez kopletako berbak badira erlijiosoak. Baina horren ganetik, ohitureari eusteko gogoa dago, gernikarrok ondare hori badaukagu eta gure ezaugarria bada, zelan ez dogu gordeko? Eta holan ailegau da guganaino, sendo, eta aurrera egiteko moduan dago gauzea, antza.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!