Marijesien inguruko proiektu multimedia prest

Dabi Piedra 2019-12-12 13:18   Kulturea

Gabon aurreko tradizino hori jorratu dabe dokumental, liburu, disko eta webgune banatan.

Bilboko BBK Salan egin dabe aurkezpena. | Ikusi handiago | Argazki originala

1919an plazaratu eban Pedro Bidagurenek Marijesiak, burus euquiteko diranac izeneko liburutxua, Gernikan Gabonen aurreko goizaldeetan kantetan diran koplen lekukotza idatzia. Argitalpen haren mendeurrena, beraz, momentu aproposa da Marijesien ondare eta jakingarri guztiak batu eta gaur egungo formatuan publikoari eskaintzeko.

Holan jaio da, beraz, Marijesiak 4:00, Bederatzi gau hotzetan, Gernikako Marijesiek eurek alkarlanean eta ahalegin handiz sortutako proiektua. Urte batzuk ideari bueltaka ibili eta gero, igaz emon eutsien behin betiko bultzadea eta orain ikusi dau argia produktu multimedia itxuran. Benetan da multimedia, ganera: Dokumentala, liburua, kopla-liburutxua, diskoa eta webgunea dakarz.

Gernikako Marijesiak ondare inmaterialaren parte dirala azpimarratu dau Bizkaiko Foru Aldundiko Andoni Iturbek, Bilbon egindako aurkezpenean. Belen Bartolome Marijesietako kideak azaldu dauenez, tradizino honen funtsezko nondik norakoak aurkeztea da proiektuaren helburu nagusia. Aparteko erronkea izan dan arren, erakunde publikoen eta Gernikaldeko enpresa txikien laguntasunari esker, aurrera egin dabe.

Ganera, dokumentala egiteko, FMK Filmak enpresearen eta Oier Plaza zuzendariaren lan profesionala erabili dabe. Hori bai, enpresea eta zuzendaria gernikarrak diran ezkero, lan profesionala baino gehiago egin dabe, Bartolomeren esanetan.

49 minutuko dokumental horretan, Gernikako Marijesietan modu baten edo bestean parte hartzen daben 37 lagunen lekukotzak batu ditue: Kantuan ibilten diranak, antxina ibili ziranak, etxetik entzuten dabenak... Testigantzen eta Marijesietan igaz grabautako irudien bidez, tradizino honen atzean dagoan altxor kulturala eta gernikarrakan sortzen dauen sentimendua batu ditu Plazak.

Filmaren osogarri, liburu baten azaldu ditue Marijesien iragana eta oraina, dokumentazino zehatz eta sakon baten bidez. Amagoia Lopez de Larruzea Zaratek idatzi ditu testuak, eta argazki ugarigaz horniduta dago. Dokumentaleko edukiei kontestua emoteko aproposa da 90 orrialdeko liburua, eta gernikarrek zein kanpokoek Marijesien inguruko datu asko topauko ditue.

Liburutxua, aldiz, 1919an Bidagurenek argitaratutakoan oinarrituta dago, diseinuari jagokonez. Itxura apaleko azal urdinaren atzean, baina, sekulako altxorra ipini dabe irakurleen esku: Gaur egun Gernikan kantetan diran 44 kopla eta horreen partiturak.

Audiodiskoan entzun leitekez kopla horreetako batzuk, Gernikan 2018an benetako errondetan grabauta dago eta. Goizaldean Marijesiek eragiten daben sensazinoa bete-betean jasoko dau entzuleak: Kantuak eurak, urruneko zaratak, koplatik koplarako soinu eta alkarrizketak eta abar. Musika aldetik, Gernikan ohikoak diran hiru doinu nagusiak agiri dira diskoan. Azkenik, mapa baten jaso dabe grabazino bakotxaren kokalekua, eta datu gehigarri batzuk erantsi deutsiez, irakurleak jakin deian nor zan bakarlaria, momentuko tenperaturea, zenbat kantari egozan...

Proiektua biribiltzeko, laster ipiniko dabe martxan Gernikako Marijesien inguruko webgunea. Han erakutsiko ditue argazkiak, dokumentazinoa eta Marijesien zabalkunderako beste atal batzuk. Bizkaiko beste Marijesi batzuei be lekua egingo deutsie.

Interesa daukien guztientzako baina, batez be, gernikarrentzako proiektua da hau, Gernikan ulertzen dabelako ondoen zer diran Marijesiak. Gernikan danok gara Marijesiak, goizaldean urteten dogunak eta ez dogunak, ze koplen kantua hurreratzen entzuten dogunean, danok hasten gara urduri jarten, adierazo dau luzaroan bakarlari ibili dan Denis Azkaratek. Bihar, barikua, proiektauko dabe dokumentala lehenengo aldiz, Gernikako Lizeo Antzokian, 20:30ean.

Ondoren, proiekzinoak egongo dira Bilbon (19an), Gernikan barriro (20), Foruan (23), Durangon (26) eta Baionan (28). Proiektu multimedia osoa dakarren karpetak 20 euroan dagoz salgai Gernikako liburu-dendetan.

Oier Plaza, zuzendaria

Gernikarra danez, berezia izan da Plazarentzat Marijesiak 4:00 dokumentala zuzentzeko enkargua. Filmaren inguruko kontuak kontau deuskuz.

1.- Zelan eregi dozu dokumentalaren haria?

Marijesien azalean jarten ahalegindu naz. Marijesiek eurek mugarri jakin batzuk pentsauta eukiezen, eta horreen ganean eregi dot istorioa.

2.- Off ahotsik ez dozu sartu, 37 lekukoen ahotik kontau dozu dana.

Jentea agertzen da berbetan, koplen grabazinoak be tartekatu doguz... Hortaz, off ahotsik ez zala behar pentsau neban. Egia da horrek lan handiagoa eskatzen dauela, batez be muntaian, baina aukerarik aproposena da.

3.- Zuk ondo ezagutzen dozuz Marijesiak lehendik be.

Txikitan etxetik entzuten nebazan, goizaldean. Gauza berezia zan, ze urrunetik etorten entzuten zenduzan, gero etxe azpitik pasetan ziran... Gernikar guztiok ondo ezagutzen doguz Marijesiak, gure identidade markea diralako. Oinarri erlijiosoa dauka tradizinoak, eta ez da ahaztu behar, baina pisu hori galdu egin dau, orain beste modu baten bizi dogu. Teknologia barrien eta interneten sasoian, halako ohiturak herri baten identidadea gordeteko inportanteak dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu