Itzultzaile neuronala eskuko telefonoan edo ahotsez be erabili daiteke
2019-12-20 12:31 Euskerea berbagaiWebeko bersinoak 50.000 itzulpen eskari jasoten ditu egunean.
Onarpen zabala izan dau Eusko Jaurlaritzeak urrian martxan jarritako itzultzaile automatiko neuronalak, bai jentearen erabilpen handiagaitik, bai itzulpenen kalidade bikainagaitik (kontuan hartuta tresna informatikoa dala, eta ez itzultzaile profesionala). Hortaz, aplikazinoa euskarri gehiagotara zabaltzea erabagi dabe bultzatzaileek, erabiltzaileei erraztasunak emoteko.
Batetik, mahai ganeko ordenagailuetarako ez eze, gailu mobikorretarako be balio izango dau aurrerantzean, itzultzaile neuronalaren app-a atera dabelako, eskuko telefono, tablet eta antzekoetarako. Android zein iOS sistema eragiledun gailuetan dabil, hau da, telefono adimendun gehien-gehienetan.
Bestetik, aplikazino horrek itzulpen-eskariak ahotsez emoteko aukerea emoten dau. Hau da, testua idatzi beharrean, itzultzaile neuronala ahoz agindua emonda aktibau ahal izango da. Hazkunde nabarmena izaten dabiz ahots bidezko aplikazinoak eskuko telefonoetan, eta jokera horregaz bat dator ahalegin hau. Halandabe, ahots bidezko aukereak hobetzeko tartea dauela onartu dabe.
Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aplikazino barriaren aurkezpenean adierazo dauenez, ezinbesteko pausua izan da telefono adimendunetara egindakoa: Badakigu mobikorrek ordenagailua gainditu dabela interneten sartzeko gailu nagusi lez, eta hori nabarmenagoa da belaunaldi gazteenen artean. Horregaitik, uste genduan zerbitzua app baten bidez be eskaini behar zala.
Euskeratik gaztelaniara zein gaztelaniatik euskerara egiten dituanez itzulpen automatikoak, tresnea egokia da euskaldunentzat zein euskeraz ondo ez dakienentzat. Hizkuntza biak eguneroko bizitzan erabilten dituenei tresna barritzaile eta eraginkor bat eskaintzea da helburua, Zupiriaren esanetan.
Webgunean legez, aplikazinoan be erraz-erraza da itzultzaile neuronala erabiltea. Jagokon koadroan testu bat idatzi edo beste dokumentu batetik kopiau baino ez da egin behar, edo bestela ahotsez esan, eta itzulpena segundu gitxian emongo deusku. Gehienez, 4.000 karaktereko testuak onartzen ditu, baina nahi beste bidar erabili leiteke.
Urriaren 16an martxan jarri zanetik, itzultzaileak erabilera zabala izan dau, miloe bat itzulpen egin ditu. Batez beste, 50.000 eskari baino gehiago jasoten ditu lanegunetan. Luzeak, laburrak... era guztietako testuak itzuli ditu, sektore ugaritako jenteak eskatutakoak. Halandabe, hau ez dala itzultzaile profesionalen ordezko ohartarazo dau Zupiriak, eguneroko jardueretarako laguntzaile baino: Hizkuntza biak egunerokoan, lan munduan, arlo akademikoan eta abarretan erabilten dituztenei tresna eraginkorra eskaintzea da asmoa, ez itzultzaileen kualifikazino handiko lana ordezkatzea.
Xabier Arrietak, Jaurlaritzako Informatika eta Telekomunikazino zuzendariak, jakitera emon dau gaztelaniatik euskerara itzulpen gehiago eskatu deutsiezala erabiltzaileek itzultzaile automatikoari, alderantziz baino; bitxia bada be, euskeratik gaztelaniara itzulpen hobeak egiten ditu. Batez be, Euskal Herrikoak dira erabiltzaileak, baina Argentinan, Bulgarian eta abar be egon dira tresna honetara jo daben persona batzuk.
Itzultzaile neuronala
Beste itzultzaile automatiko batzuen aldean, barriagoa da itzulpen neuronala, eta alorrean hobekuntzarik handiena ekarten dabilena da gaur egun. Sare neuronalen bidezko itzulpena azken hiru urteotan hasi da erabilten modu produktiboan. Gizakien garunaren funtzionamendua imitetan dabe itzultzaile neuronalek, eta, beraz, entrenamendua behar dabe ikasteko.
Eten barik ikasten dabizanez, corpus elebidun handiak behar ditue sistema honetako itzultzaileek, hau da, kalidadezko itzulpen memoriak. Horregaitik, proiektu hau aurrera ateratzeko, Eusko Jaurlaritzako hainbat sailek lagundu dabe, komunikazinoaren eta hizkuntzearen arloko beste erakunde batzukaz batera, esaterako, EiTBgaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!