'Itzultzaile Automatiko Neuronala' erabilgarri dago

Bizkaie! 2019-10-16 13:24   Euskerea berbagai

Adimen artifizialetik abiatuta herritarren erabilerarako sortutako proiektu praktikoa da.

Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gaur aurkeztu dabe tresna barritzaile hau. Nabarmendu dabenez, hainbat urtez batutako itzulpen-memoriak erabiliz, kalidade handiko itzulpenak lortzen ditu.

Donostian egindako prentsaurrekoan adierazo dabenez, gaztelaniatik euskerara zein euskeratik gaztelaniara egiten ditu itzulpenak, kalitate handia lortuz. Itzultzaile barri hau herritar guztien eskura dago hemen

‘Itzultzaile Automatiko Neuronala’ hainbat urtetako lanaren ondoren sortu da eta 20 urtez IVAP-ek, Herri Arduralaritzearen Euskal Erakundeak, batutako itzulpen-memoriak erabiliz hobetu da. Erkoreka sailburuak nabarmendu dau urteetako esperientzia hori oso baliogarria izan dala itzultzailea hobetzeko: Euskadin esperientzia handia dogu itzulpengintzan, batez be euskera-gaztelania eta gaztelania-euskera itzulpenean. Munduan gehien berba egiten diran hizkuntzek baino ez dabe Euskadin dogun terminologia- eta hizkuntza-oinarria. Herri Arduralaritzearen Euskal Erakundeak 20 urte daroaz itzulpen-memoriak sortzen. 10 miloe segmentu baino gehiago dituen datu-baseak ditugu, itzulita, berrikusita eta eguneratuta. Balio kalkulaezina dauen itzulpen sistematikoko corpus bat dugu eta horrek ahalbidetu dau emoitzea: ’Quantum’ hori hartu eta algoritmo bat aplikau deutsagu, kalidade-maila altua dauen itzultzaile bat eskuratuz. Salto kualitatibo argia emon dogu.


Erabilera praktikoa

Bingen Zupiria sailburuak ‘Itzultzaile Automatiko Neuronala’-ren funtzionamendua eta erabilera praktikoa azaldu dau aurkezpenean. Itzultzaile barria www.euskadi.eus/itzultzailea webgunean dago, itzultzaile gramatikalagaz batera. Momentuz beta bersinoa jarri da, herritarrek probau deien eta itzultzailea bera trebatu daiten. Hile batzuen buruan behin betiko bersinoa jarriko da. Edozelan be, beta bersinoak kalidade handiko itzulpenak egiten ditu. Erabilerea oso erraza da. Erabiltzaileak itzulpenaren norabidea hautatu eta, horren ostean, testua sartu behar dau horretarako patondutako gunean. ‘Itzuli’ botoia sakatuz, segundo bakar batzuetan itzulpena eskura izango dau. Itzultzaileak 4.000 karaktereko testuak itzuli leikez erabilera bakotxeko.

Zupiria sailburuak azpimarratu dau tresna honen helburua laguntzea dala, eta ez itzultzaileen lana ordezkatzea: Makina batek egindako itzulpena beti gainbegiratu eta zuzendu behar da. Laguntza-tresnea da, eta laguntza-tresna moduan erabili behar dogu. Beste hizkuntzetako itzultzaileren bat erabili dauenak badaki zelan erabili holako tresna bat. Orain arte egondako sistemen aldean neuronalek testu koherenteak eta irakurteko errazak egiten ditu. Baina batzuetan akatsak egin leikez. Beraz, arretaz gainbegiratu behar da makinak egindako itzulpena. Helburua ez da itzultzaileak ordezkatzea, punta-puntako laguntza bat eskaintzea baino aitatu hizkuntzetan dabizenei, lan-munduan, arlo akademikoan eta bestelakoetan. Sailburuak nabarmendu dau jatorrizko testuak ondo idatzita eta puntuauta egon behar dauela emoitza onak lortzeko.

Bestalde, Zupiria sailburuak gaineratu dau ‘Itzultzaile Automatiko Neuronala’ positiboa izan daitekeela euskerearen erabilerearen aldetik: Uste dugu positiboa izan daitekeela euskerea gehiago erabil daiten hainbat arlotan eta, horregaz batera, erabilgarria izan daitekeela euskerea jakin bai baina menperatzen ez dabenentzako edota ikasten dabizenentzat. Azaldu dauenez, hizkuntzen teknologiak agertu ziranetik, Eusko Jaurlaritzearen ardurea izan da euskerea Informazinoaren eta Komunikazinoaren Teknologietan edo Ingurune digitalean sartzea, oso lagungarria izango baita euskerea indartzeko bidean.

Urtea amaitu baino lehenago eskuko telefonoetarako eta tabletetarako app-ak prest izango dira; gainera, telefonoetan posible izango da ahotsaren bidez itzulpenak eskatzea, hau da itzulpena diktatzea.


Giza-garunaren funtzionamendua

Sare neuronalen bidezko itzulpen automatikoa teknologia nahikoa barria da. Esan daiteke sistema horreek azken hiru urteotan hasi dirala erabilten modu produktiboan. Itzulpen automatikoakonparauta (gramatika-analisian eta –transferentzian oinarritutakoak, sistema estadistikoak edo horreen hibridoak). Zupiriak azaldu dauenez, giza garunaren funtzionamendua imitetan saiatzen dira, beraz, entrenamendua behar dabe ikasteko.

Urte batzuk joan dira Eusko Jaurlaritzea lanean hasi zanetik itzultzaile automatikoa garatzeko lehenengo pausuak emoten, 2007an, eta itzulpen automatikoaren alorrean sekulako saltoa emon dogu. Gramatikan eta analisian oinarritutako itzulpenak onak, zuzenak, diranean, badabe hlako kutsu ortopedikoa. Sare neuronalen bidez lortutako itzulpenak erraz irakurten dira, koherentzia dabelako, esaldiaren barruko elementuen arteko loturea ondo mantentzen dabelako, gaineratu dau.

Esan daiteke holako itzultzaileak etenbarik ikasten dagozala; alabaina, horretarako, corpus elebidun handiak behar ditue, hau da, itzulpen-memoriak behar ditue, kalidadekoak (kalidadea emoten hasteko 3 miloe itzulpen-unidade behar dira). Horregaitik, proiektu hau aurrera eroateko Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea ekimen honen atzean izan dira, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareagaz eta hizkuntzea lantzen daben beste erakunde batzuekaz batera, berbarako, EITB.


Eraldaketa digitala eta adimen artifiziala

Erkoreka sailburuak azaldu dauenez, aurrean dogun eraldaketa sozialaren gakoetako bat erronka teknologiko-digitalari erantzutea da. Eta erronkan dago aukerea: eraldaketa digitalaren boterea erabili, izan nahi dogun gizartea bilakatzeko. Adimen artifiziala da bilakaera hori lortzeko lehentasunetako bat. Honako hau adierazo dau: Teknologia hori modu eraginkor eta egokian txertatzea ongizatea modu jasangarrian hobetzeko, holan Giza Garapen Iraunkorra lortuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu