Aitak jarri deutso txapela Beñat Gaztelumendiri

Bizkaie! 2019-12-16 08:42   Bertsolaritzea

Añorgarrak bigarren aldiz irabazi dau Gipuzkoako Bertsolari Txapelketea.

Beñat Gaztelumendi, irabazlearen txapela jantzita; atzean, beste finalistak (argazkiak: Gipuzkoako Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Goi mailako finalaz gozau ahal izan eben zapatuan Illunben batutako 6.000 bertsozaleek. Zortzi finalistak bete-betean ibili ziran, baina bakarrarentzat zan sari nagusia, irabazlearen txapela. Beñat Gaztelumendi nagusitu zan, lasaitasuna, eskarmentua eta bertsotarako gaitasun ikaragarria erabilita. Agin Laburu eta Alaia Martinen lana be nabarmentzekoa izan zan.

Lehenengo partean, zortzi bertsolariak egon ziran oholtzan. Agurretan erakutsi eben indar betean etozala, eta ariketa puntuagarrietan be bertsoaldi bikainak bota zituen. Puntuazinoak erakusten dauenez, batzuen eta besteen arteko aldeak ez ziran handiak izan. Buruz burukora Beñat Gaztelumendi eta Agin Laburu pasau ziran, baina Alaia Martin puntu bakarrera geratu zan.

Laugarrena eta hirugarrena, Nerea Elustondo eta Alaia Martin

Bi onenen arteko azken txanpa horretan, Gaztelumendik barru-barrutik kantau eban, batez be azken bakarkakoan, eta horri esker txapelerako bidean jarri zan, Labururen freskotasuna be aitatzekoa izan zan arren. Puntuka eta seiko motzean hobeto ibili zan Astigarragakoa, baina kartzelakoan alde dezente atera eutsan Añorgakoak, txapeldun izateko nahikoa eta sobran.

Hona azken puntuazinoak: Beñat Gaztelumendi, 940,5; Agin Laburu, 916; Alaia Martin, 576; Nerea Elustondo, 565,5; Oihana Iguaran, 560; Ane Labaka, 552; Beñat Lizaso, 541; eta Jon Maia, 533.

Sariak banatzeko ekitaldia hunkigarria izan zan. Xabier Gaztelumendiren ardurea izan zan irabazleari txapela jaztea, urte luzez bertsogintzearen alde egindako lan isilagaitik. Gauzak zer diran, Beñat semeari txapela jaztea egokitu jakon. Une berezia izan zan. Azken agurrean, Beñat Gaztelumendik gogoan izan eban aita, baina txapela Pili amari eskaini eutsan.

Ganerako finalistei sariak emoteko be, bertsolaritzearen munduko persona nabarmenak egon ziran oholtzan: Saroi Jauregi, Xabi Igoa, Mikaela Kortajarena, Unai Mendizabal eta Igotz Alkorta. Gipuzkoako bertsolari, bertsozale eta eragileen jaia izan zan Illunbekoa, txapelketea lau urtean behin jokatzen dan ezkero. Hitzorduaren mailan egon ziran parte-hartzaileak zapatuan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu