Parte-hartze kulturalak gora egin dau EAEn

Bizkaie! 2019-12-09 12:31   Kulturea

Bilakaera positiboena antzerkian, kontzertuetan eta jantzan izan da, Jaurlaritzearen azterlanaren arabera.

Joxean Muñoz eta Bingen Zupiria, azterlanaren barri emoten (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Kulturearen Euskal Behatokiak parte-hartze kulturalaren inguruko azterlana egin dau, Euskal Autonomia Erkidegoko publiko kulturalaren ohiturak eta bilakaerea ezagutzeko. Bilbon egindako agerraldian, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Joxean Muñoz sailburuordeak txosten horretako ondorio nagusiak aurkeztu ditue.

Azken hamar urteotan, parte-hartzeak gora egin dau praktika kultural gehienetan, eta antzerkia nabarmentzen da gehien, % 21etik % 45era igon dau eta. Kontzertuetra eta jantza ikuskizunetara doazanen kopuruak be gora egin dau % 20 baino gehiago.

Danetara, hamabi praktika kultural neurtu ditue azterlanean, eta gehienek izan dabe bilakaera positiboa. Baina, hiruk behera egin dabe: Egunkariak irakurtea, aldizkariak irakurtea eta museo zein galerietara joatea.

Liburuak irakurtea, zinemea eta kontzertuak dira praktikarik zabalduenak, biztanleen % 60 baino gehiagok egiten dabe horreetako bakotxa. Ondoren, % 40tik % 50era bitarteko portzentajeetan dagoz museoetarako bisitak, antzerkia eta liburutegira joatea.

Txostena lotuta dago zemendiaren 29an aurkeztu zanagaz, biak inkesta berean oinarritzen diralako, baina kasu honetan EAEko datuak baino ez dira jaso, beste haretan Euskal Herri osokoak izan ziran bitartean. Ganera, neurtutako aldagaiak ez dira bardin-bardinak. Parte-hartze kulturalaz gan, asoziazionismoa, praktika artistiko amateurrak, praktika kultural digitalak... jorratu ditue.

Kultureagaz lotutako alkarteren baten hartzen dabe parte EAEko herritarren % 13k. Bestetik, herritarren heren bat inguruk modu amateurrean egiten dau praktika kulturalen edo sormenezkoren bat. Arlo digitalari jagokonez, internet kulturara hurreratzeko bide aproposa dala dinoe datuek, batez be egunkariak eta aldizkariak irakurteko, informazinoa topetako eta musikea entzuteko.

Horrezaz gan, inkesteak agertzen dauenez, eduki kulturala daben plataformak aurrera doaz. Hamar biztanletik hiruk kontu bat daukie halako plataforma digitalen batean. Gazteen artean proportzinoa bikotxa da.

Zupiria sailburuak azaldu dauenez, herritarren parte-hartze kulturalaren argazki zehatza emongo daben adierazleak lortzea izan da helburua. Horrek aukerea emoten deusku zehatz-mehatz jakiteko zein puntutan gagozan, azken hamarkadan parte-hartze kulturalak izan dauen bilakaerea behatzeko, eta, aldi berean, indarguneak eta ahuleziak aztertzeko. Txosten honetan, lagina 15 urte edo gehiagoko personei egindako 3.800 alkarrizketa dira. Inkestatuen bizilekuaren tamainua, sexua, edadea, euskera-mailea eta abar kontuan hartu ditue, datuen banaketa soziala hobeto ezagutzeko.

Kulturearen konsumoa euskeraz egiten ete dan be jaso dabe azterlanean. Zupiriak zehaztu dau, zemendian aurkeztutako Euskal Herri osoko datuen antzekoak dirala EAEko honeek be. Kasu bietan, bilakaera positiboa egon da, eta, batez be, bertsolaritzeak eta musikeak egin dabe gora. Euskaldunen artean, % 82k euskerazko musikea entzuten dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu