Euskal hiztunen % 56k parte hartzen dabe euskerazko kultur jardueretan
2019-11-29 12:17 KultureaBertso-saioei jagokenez, asistentzia nabarmen igon da: % 17,3tik % 31,6ra.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Kulturearen Euskal Behatokiak euskerazko kultur parte-hartzeari buruz egindako ikerketako emoitzak aurkeztu ditu gaur, Donostiako Miramar Jauregian. Azterlana Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Erkidegoan eta Iparraldean egin da eta, horren arabera, euskal hiztunen % 55,7k parte hartzen dabe euskerazko kultur jardueretan. Parte-hartze hori nabarmena da honako sektore honeetan: musikan (euskal hiztunen % 83,5ek entzuten dabe euskerazko musikea, orain dala 10 urte baino 15 puntu gehiago), antzerkian (euskal hiztunen % 40 izan dira euskerazko antzezlanetan azken urtean, orain dala 10 urte baino 12 puntu gehiago) eta bertsolaritzan (euskal hiztunen % 31 izan dira bertso-saioren batean azken urtean, orain 10 urte baino 14 puntu gehiago).
Joxean Muñoz Kulturako sailburuordeagaz eta Aitziber Atorrasagasti Kulturea Sustatzeko zuzendariagaz batera, Zupiria sailburuak azaldu dau Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eginkizuna dala euskal kulturearen inguruko parte-hartzearen eta konsumoaren errealidadera hurreratzea eta balioa emon deutso norabide horretan Kulturearen Euskal Behatokiak egiten dauen lanari: Euskerearen Nazinoarteko Egunaren eta Durangoko Azokearen atarian, gure herriko praktika kulturalen errealidadea zein dan aztertu nahi izan dogu. Kasu honetan, herritarrek euskeraz egiten diran kultur jarduera eta ekimenetan daben parte-hartzea aztertu nahi izan dogu. Kulturearen Euskal Behatokiaren lanak eta gaur publiko egiten ditugun datuek aukerea emoten deuskue orain 10 urteko egoereagaz konparazino egiteko; eta lehenengo ondorioa da euskal hiztunek eta gizarte osoak neurri handiagoan parte hartzen dabela euskeraz egiten dan kulturan.
Aurkeztutako azterlanaren jatorria Kulturaren Euskal Behatokiak Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Iparraldean egindako parte-hartze kulturalari buruzko lan zabalago bat da, laster argitaratuko dana. Lan horren aurrekaria da 2008an egindako antzeko azterlan bat; lan hori funtsezko erreferentzia izan da gaur aurkeztutako irakurketa alderatua egiteko. Gaur aurkeztutako azterlanean, barriz, euskerazko kultur praktikak hartu dira erreferentziatzat (gainontzeko datuak datozen asteotan aurkeztuko dira). Inkestea egiteko EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko 15 urtetik gorako 6.296 lagunez osotutako lagina hartu da.
Ondorio nagusiak
Konparautako praktiken artean, gorakada argiak ikusten dira euskerazko antzerkirako eta bertso-saioetarako asistentziari jagokenez zein euskerazko musikeari jagokonez: Euskal musikariak edo musika-taldeak normalean entzuteari jagokonez, euskal hiztunen kasuan % 68,8tik % 83,4ra igon da euskerazko musikea entzuten dabenen portzentajea. Populazino guztiari erreparauta, % 46,4tik % 54,7ra.
Antzerkiari jagokonez, euskal hiztunen datuari erreparauta, % 12,6tik % 40ra igon da azken urtean euskerazko antzerkira gitxienez behin bertaratu dirala esaten daben personen portzentajea. Biztanleria osoari erreparauta, % 5,4tik % 17,8ra igon da.
Bertso-saioei jagokenez, asistentzia nabarmen igon da: Euskal hiztunen kasuan, % 17,3tik % 31,6ra; hau da, hiru euskal hiztunetik bat izan da bertso-saioren batean azken urtean. Biztanleria guztiari kontuan hartuta, % 7,6tik % 15,6ra igaro da.
Euskerazko liburuen irakurketako egungo datuak bardin antzekoak dira orain dala 10 urteko datuakaz alderatuta. EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko biztanleriaren % 11,8k euskerazko liburuak irakurri ditue azkeneko hiru hilebeteetan. Euskal hiztunen artean, % 34,5ekoa da portzentaje hori (hor beherakada bat ikusten da orain dala 10 urteko datuarekin alderatuta).
Filmak euskeraz ikustea da gitxien egiten dan praktika kulturala baina aurrera egiteko aukerea ikusten da. Euskal hiztunen % 3,7k ikusten ditue euskerazko filmak, orain dela 10 urte % 1,2 ziran.
Euskerazko komunikabideen artean irratia da gehien erabilten dana. Biztanleria osoa kontuan hartuta, euskerazko irratiak euskerazko telebistak baino publiko portzentaje handiagoa dau: % 20,7 eta % 19,4, hurranez hurran.
Kultura-sektore guztiak kontuan hartuta, euskal hiztunen % 55,7k sarri parte hartzen dabe euskerazko kultur jardueretan. EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko biztanleria osoaren % 22,8koa da euskarazko parte-hartze kulturala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!