Eñaut Elorrieta: 'Iluntasuna bizi behar dozu argira heltzeko'
2019-11-25 08:01 BarriketanMusikaria.
Bakarkako bigarren diskoa aurkeztu barri dau Eñaut Elorrietak, Irteera argiak (Elkar). 2013an atera eban lehenengoa, Deserriko kantak, eta orduan hasitako prozesuari bueltea emon deutso: Bere buruaren dekonstrukzinoa bilatu eban orain dala sei urte; oraingoan, barriro eregi dau bere burua, bidean pilotutako esperientzian oinarrituta.
Lan barriko bederatzi kantuetan gai intimoak landu ditu: Bizitzea, heriotzea, maitasuna, guraso izatea eta abar. Berbetan zein doinuetan, argiaren eta iluntasunaren arteko orekea bilatzea izan dau helburu. Elorrietak sortutako melodiak jazten ibili dira Maite Larburu, Fernando Neira, Rubén Caballero eta Borja Barrueta musikariak, baina zuzeneko kontzertuetan Ander Zulaika dabil Borja Barruetaren ordez. Birearen barruan, abenduaren 1ean Bilboko Arriaga Antzokian joko dabe Elorrietak eta taldekideek.
1.- Iluntasun eta larrialdietatik onik urteten laguntzen dabe urteera argiek. Baina, nora urten?
Bederatzi kantu honeetan maitasunaz, heriotzaz, bizitzaz... gai gordinez egiten dot berba. Ez dot iges egiteko asmorik, gai gordin horreei aurrez aurre begiratu nahi izan deutset. Nire aita hil zan orain dala urte bi, hori niretzako galera handia izan zan. Baina sakontasuna galdu barik, sakonkeria barik landu nahi izan dodaz gaiak, kantu guztietan badago intentzino bat min horretan ez geratzekoa. Argirantz urteteko asmoa hor dago. Eider Corralek diseinau dau diskoaren azala, eta asko gustetan jat, ze zulo baltz bat ikusten da, eta atzean argia dago. Hau da, argirantz joateko, derrigorrez pasau behar zara zulo baltzetik. Iluntasuna bizi behar dozu argirantz joateko. Urteera argiek helmugea erakusten deutsue, baina derrigorrez pasau behar zara sensazino edo emozino batzuetatik, hori da, beharbada, diskoaren mezua.
2.- 2013an plazaratu zenduan Deserriko kantak, bakarkako lehenengo diskoa. Hau, bigarrena, zenbateraino da haren jarraipena?
Lan barri honek ez leuke zentzunik izango lehenago ez baneu bestea sortu. Deserriko kantak-en baneukan obsesino bat neure burua deseregiteko. Luzaroan Ken Zazpigaz lan egitetik nentorren eta egoera barri pilo bati aurre egin behar izan neutsan. Nire ordura arteko bide, baliabide eta zera guztiak zalantzan jarri nebazan. Irteera Argiak honetan, ostera, begitantzen jat kontrakoa dala: Behin biluztasun hori bete-betean bizi ostean, prest nago eregiteko. Horregaitik, ezinbestekoa izan zan ha, oraingo hau egiteko.
3.- Esan dozunez, zure ibilbidean batutako esperientzia igarri egiten da disko honetan. Zer ikasi dozu urteotan guztiotan?
Ken Zazpiren sasoian agirian geratu zanez, nik ohiturea daukat kantuei modu epikoan heltzeko, eta Deserriko Kantak-en horren deseraikuntzea egin neban, baina horregaz obsesino pixka bat be baneukan. Horrek mugatu egin eban nire sormen artistikoa, orain perspektibaz ikusi dodanez. Larregizko edizinoa egon zan, eta, ganera, deserriaren gaiaren atzean babestu nintzan. Ondoren, soka boskoteagaz batera martxan jarritako Harian proiektuan, pentsau neban ahalik eta biluzien heldu behar neutsela kantuei, ordura arte babestu ninduen gitarra elektriko, bateria eta halakoak alboratuta. Egoera barri baten gagozanean, sarritan, ezusteko modu baten erreakzionetan dogu, hori pasau jatan Harian-en, espero bako bide batzuk topau nebazan. Emozinoei aurre egiteko modu barria topau neban, euforiara jo beharrik barik, emozino bakotxa detaile txikiagoen bidez adierazota. Irteera argiak diskoan, azkenik, gauza handiak kontetan ahalegintzen naz berba txikiak erabilita; eta txikitasunean handitasuna topetan. Honaino heltzeko, asko ikasi neban Ken Zazpin, gero Deserriko Kantak-en, eta Harian-ek be leiho barriak zabaldu eustazan.
4.- Proiektu bat martxan jarten dozun bakotxean zer sentiduten dozu? Aurrerapausua da, erronkea, zeure burua biluzteko modua...?
Proiektu bakotxaren hasieran beti sentiduten dot bertigoa. Beharbada, badakidalako neure buruagaz aurrez aurre jarri beharko dodala, barriro zalantzan jarri beharko dodala orain arteko guztia. Ez da ariketa erraza; adibidez, beti pentsetan dot ez nazala barriro kantu bat sortzeko gauza izango. Hortik pasau behar izaten naz beti, modu sinbolikoan hiltea modukoa da, barriro hegoak astindu ahal izateko eta nahi dodanaren bila hasteko. Prozesu latza da, bai, baina aldi berean bizitzea emoten deust. Bizitzea interpretetako, gauzak ulertzeko bide bat da musikea niretzat. Pasinoz bizi dot musikea, eta bizitzeari aurre egiten laguntzen deust.
5.- Sortzen zabizanean, zeure burua dozu gogoan, ala entzuleak?
Nire ustez, sorkuntza prozesua intimoa izan behar da. Lehenengo, neure barrura begira jarten naz. Egia da, gero, publikoari helduko jakola, eta horregaitik, aukeratu egin behar dot sortutako guztiaren artean. Adibidez, Irteera Argiak honetan pilo bat kantu geratu dira kanpoan, niri balio izan deustenak. Gogoratzen naz, nire aita hil zanean, sei-zazpi kantu sortu nebazala, beharbada astunegiak eta dramatikoegiak, baina niretzat lagungarri izan zan horreek guztiak egitea. Ez dagoz diskoan, alde artistikotik ez diralako horren interesgarriak. Intimoan sortu eta gero, badago momentu bat begiradea altzau eta sortutakoari forma bat emon behar deutsazuna, publikoari eskaini ahal izateko.
6.- Diskoaren ezaugarrietara bueltauko gara. Alderdi estetikotik zelan erakutsi dozu ilunaren eta argiaren arteko orekea?
Hor be bilaketea egin behar izan dot. Kantu bakotxean gradu desbardinetan dago oreka hori. Elementu batzuk iluntasunera eroaten gaitue: Giro ilun batzuk nahita bilatu dodaz, tonu minorretan dagoz pasarte asko, gaiak eurak be sakonak dira. Aldi berean, melodiak argitsuak dira; gaien sakontasuna azpimarratu beharrean, arinak dira, airea emoten dabe. Alderdi musikalean disko honen ezaugarririk baliotsuena, hain zuzen be, elementuen oreka hori dala uste dot.
7.- Goi mailako artistak izan dozuz lagun. Zelan jantzi dabe diskoa?
Nire asmoa zera izan da, ahots eta gitarra hutsez kantua defendiduten dabilen bat entzun daitela kantu guztien sakon-sakonean. Holan sortu nebazan kantuak eta esentzia horri eustea izan da nire obsesinoa. Baina, egia da beste musikariek ekarpen ikaragarria egin dabela ilunaren eta argiaren arteko oreka horren bila. Maite Larbururen kasua da bereziena, proiektu honen aurretik baxu eta bateriagaz jo barik egon dalako. Bere logika ez da nirearen modukoa, ez da pop edo rocketik gatozenona. Bere barruan dauka ilunaren eta argiaren arteko orekea, erdibideko leku hori oso interesgarria begitandu jat. Rubenek, bestetik, gitarra elektrikoagaz iluntasunera joteko jokerea dauka, sinisgarritasuna irabazten dau kantuak beragaz. Fernando Neiraren kasuan, lerro melodiko luminosoak ditu, eten barik dabil modu sentiberan argirantz joten. Borja Barruetaren lana, azkenik, hori guztia batzea izan da, enpastea egitea. Esan euskun soinu rugoso, pantanoso eta arenoso bat nahi ebala, erderaz esan eban. Begitandu jatan elementu guztiak batzeko masa bat egoala asmo horretan.
8.- Kantuen berbak idazten zeu ibili zara batez be. Baina Joseba Sarrionandiaren, Uxue Alberdiren, Bernardo Atxagaren eta José Luis Otamendirenak be sartu dozuz. Zer bilatu dozu autore horreetan?
Neure ahotsa bilatzeko prozesuan nabil azkenaldion, gero eta gehiago idazten dot. Baina begitantzen jat beste idazleek aberastu egiten dabela diskoa, luma bikainak diralako. Uxue Alberdigaz, esaterako, melodiak eta kantuak sortu dodaz, alkarregaz egin dogu hori. Idazle bategaz lan egiten dozunean eta zeren bila zoazan esaten deutsazunean, bide interesgarriak zabaltzen deutsuz, ze, beharbada zu heltzen ez zaren leku batzuetara heltzen da. Leiho barriak zabaldu deustaz.
Beste hiruren kasuan, lehendik idatzitako testuak hartu deutsedaz. Sarrionandiaren Hariak, adibidez, Katamalok be musikatu eban bere sasoian. Diskoaren arimea edo bizkarrazurra da kantu hori, oso garbi neukan hasieratik sartu egin behar nebala diskoan. Bernardo Atxagaren Nevadako egunak liburuan irakurritako parrafo bat hartu dot Ezbeharra kanturako. Aitaren heriotzearen ostean, urte bi pasauta, doluak bilakaera bat izan dau, egunerokotasunak eragiten deusku minaz momentu batez ahaztea, gero egun batez, gero astebetez... Bernardo Atxagak bete-betean asmau eban nik momentu horretan sentidu nebana berbaz adierazoten. Amaitzeko, José Luis Otamendi ikaragarri gustetan jat, zelan lantzen dituan gaiak dramatik eta euforiatik iges eginaz, maisua da horretan.
9.- Zuzeneko kontzertuak joten hasiak zarie. Zelako emonaldiak dira?
Diskoko bederatzi kantuak dira zuzenekoaren ardatza, eta Deserriko Kantak-eko baten batzuk be tartekatuta. Lehenago nik sortutako beste kanta batzuk be badagoz, baina Irteera Argiak-en oinarriaren ganean beti. Kontzertuak jo ahala, uste dot eboluzionetan be joango dirala, beharbada hemendik urtebetara kantu zaharrei leku gehiago egingo deutset, ez dakit. Baina disko barri bat argitaratzen dodanean, hasieran behintzat, gustetan jat kantu barriak asko agertzea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!