'Diskorik personalena' atera dau Eñaut Elorrietak
2019-11-19 13:05 MusikeaBizitzeari, heriotzeari eta maitasunari kantau deutso Irteera Argiak-en.
Ken Zazpi taldean eta beste kolaborazino batzuetan ibilbide luzea dauen arren, Irteera argiak (Elkar) Eñaut Elorrieta gernikarraren bakarkako bigarren diskoa da. Deserriko kantak izan zan lehenengoa, 2013an, eta orduan hasitako prozesuari bueltea emon deutso: Bere buruaren dekonstrukzinoa bilatu eban orain dala sei urte; oraingoan, barriro eregi dau bere burua, bidean pilotutako esperientzian oinarrituta.
Beste argi guztiak amatatzen diranean biztuten diran argiak dira urteera argiak, eta kontzeptu hori disko honetan kontau nahi izan dodanagaz bat dator, azaldu dau Eñaut Elorrietak, Bilbon egindako aurkezpenean. Hori da Irteera argiak izenburuaren arrazoia. Iluntasunaren eta argitasunaren arteko orekea bilatu dau, gai latzenetan be urteerako argia bilatuz.
Deserria, gai unibersal eta politikoak... Deserriko kantak lanaren oinarria hori zan. Irteerako argiak, ostera, gai intimoetan dabil hara eta hona: Bizitzea, heriotzea, maitasuna, guraso izatea eta abar. Nire diskorik personalena da hau, azpimarratu dau Elorrietak. Gai horreek sortzen deustezen emozinoak agertu nahi izan dodaz, gordin, baina hor geratu barik, argitara joz. Gai guztiei ertzak topau nahian ibili da gernikarra, baina errazkeriatan galdu barik, kontzeptu bakotxa larregi nabarmendu barik.
Argiaren eta ilunaren arteko eten bako kontrastea baliabide ugariren bidez adierazo dau disko barriko bederatzi kantuetan. Aurreko proiektuetan baino tonu bajuagoak erabili ditu Elorrietak, estilo ilunagoa, landutako gaiak be sakonak dira. Baina melodia argitsuek dakarre kontrapisua.
Musikari talde bikaina euki dau inguruan Elorrietak Irteera argiak diskoan: Maite Larburu, Fernando Neira, Rubén Caballero eta Borja Barrueta. Estudioan bakar-bakarrik luzaroan landutako melodiak beste dimensino batera eroan ditu lantalde horrek. Hori bai, gitarra eta ahots hutsez defendiduteko kantuak izatea ondo jagon dau Elorrietak, baina estudioko talde lanean sortutako magia gehituta.
Berbak, ostera, Eñaut Elorrietak idatzi ditu, eta, kasuren baten beste idazle batzuei hartu deutsaz: Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Uxue Alberdi eta José Luis Otamendiren idatziak erabili ditu.
Kantu barriak zuzenean aurkezteko gogoz dago Eñaut Elorrieta. Lehenengo kontzertua Andoainen joko dau, zemendiaren 22an; Urruñan hilaren 24an egongo da. Emonaldi berezienetako bat abenduaren 1ekoa izango da, Bilboko Arriaga Antzokian. Hori ez da kontzertu bat gehiago izango, etxean legez sentiduten naz Arriagan, erantzunkizuna eta ilusinoa sentiduten dodaz. Zuzenean, Ander Zulaika egongo da Borja Barruetaren ordez.
Disko barriko Hariak kantuaren bideoklipa ikusi hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!