Hamabost egunekoa izango da 2020ko Euskaraldia

Bizkaie! 2019-11-21 08:53   Euskerea berbagai

Nobedadea izango dira entidadeek sortutako Ariguneak.



2018an egin zan lehenengoz Euskaraldia, orduko haretan hamaika egunez. Urte bi geroago, 2020ko zemendiaren 20tik abenduaren 4ra, bigarren edizinoa egongo da martxan, hamabost egunez, euskaldun eta ia euskaldun guztiak euskeraz egitera animauko dituan ariketa soziala. Urtebeteren faltan, hainbat erakundetako ordezkariek azalpenak emon ditue Donostian egindako agerraldi baten.

Lehenengo edizinoaren emoitza onak azpimarratu ditu Bingen Zupiria Jaurlaritzako sailburuak Donostian: Ikerketek eta partaideen bizipenek erakutsi deuskue herritarren ohitura, hausnarketa eta portaeretan aldaketak eragiteko balio izan ebala. Topaguneko Kike Amonarrizek aurrera begirako helburuak ezarri ditu: Komunidade zentzuna sendotu nahi dogu, eta herriz herri sortutako indar hori egonkortu.

Igazko moduan, bigarren edizinoan be Ahobizi edo Belarriprest izango dira herritarrak. Baina, ganera, 2020koan beste figura bat egongo da, Arigunea. Entidadeek sortutako eremuak izango dira Ariguneak, euskeraz egiteko babestutako lekuak, Euskaraldian taldean parte hartzeko aukerea emongo dauena. Dagoeneko, Ariguneak sortzeko asmoa daben entidadeek inskripzinoa egin leikie.

Lantokietan, enpresetan, administrazino publikoan, herrietako asanbladetan, kultura zein kirol taldeetan... Ariguneak makina bat lekutan sortu ahal izango dira, danetariko entidadeek parte hartzea bilatuko dabelako. Eremu barrietan inertziak apurtu eta hizkuntza ohitura barriak hartzeko espazioak egotea da Ariguneen asmoa. Euskeraz egiteko gune babestuak identifikau, sortu, sustatu eta jagongo dituen entidadeak ekimenera gehitzeko fasean gagozala azaldu dau Ana Ollo Nafarroako Gobernuko kontseilariak.

Era guztietako entidadeak inplikau nahi ditue Euskaraldian, sustatzaile izatetik funtsezko eragile izatera pasau daitezan. Horregaitik sortu dabe Arigunearen kontzeptua. Dana dala, bigarren edizinoan be Ahobizi eta Belarriprestak izango dira Euskaraldiaren ardatza, eta horreei formakuntzea emotean indar handiagoa egingo dabe antolatzaileek.

Pausuz pausu Euskaraldia sendotzeko asmoz, barritasun ugari ekarriko ditu bigarren edizinoak, 2018ko balorazinoak eta irailean plazaratutako ikerlanak kontuan hartuta. Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan izango da leloa, ondorio nagusietako bat izan zalako Euskaraldiak eragina zabaldu behar ebala. Hortaz, egun gehiago izango ditu Euskaraldiak.

Edizino barriak ariketearen dinamikan sakonduko dau. Ekimenera Ahobizi eta Belarriprest gehiago batu eta rolak ongi lantzen ahaleginduko dira. Ahobizi eta Belarriprest figurak zer diran azaltzen segiduko dabe: portaeran dago gakoa, eta ez euskeraz berba egiteko gaitasunean.

2018an legez, 2020an be herri eta auzoetako batzordeek zeregin garrantzitsua izango dabe. Irailean epea zabaldu zanetik, gero eta leku gehiagotan dabiz batzordeak sortzen, martxa onean doa prozesu hori, Donostian egindako agerraldian antolatzaileek adierazo dabenez. Getxo, Donostia eta Berako batzordeetako ordezkariak egon dira ekitaldian.

2020ko irailean Ahobizi eta Belarriprest izan nahi dabenen izen-emotea zabaldu baino lehen, beraz, martxan da Euskaraldira bestelako eragileak erakarteko ahalegina. Euskal Urigune Alkargoko Beñat Arrabitek dei egin deutse euskaltzaleei: Herrietako antolakuntzan, ariketea zabaltzeko lanean, ahoz aho egin beharreko zabalkundean, herritar euskaltzaleak behar beharrezkoak dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu