Hizkuntza-ohiturak 'astindu' ditu Euskaraldiak
2019-09-16 13:05 Euskerea berbagaiSoziolinguistika Klusterrak ekimenaren lehenengo edizinoaren eragina aztertu dau.
2018ko zemendian eta abenduan, hamaika egun hartu zituan Euskaraldia ekimen barritzaileak. Euskaldun osoak edo hizkuntzea pixka bat dakienak euskerea erabiltera enimau zituan ariketa sozial harek, eta, orain, gizartean izandako eraginaren azterketea aurkeztu dabe. Donostian egindako agerraldian, Soziolinguistika Klusterrekoek aurkeztu ditue datuak, erakunde publikoetako eta Topaguneko ordezkariek lagunduta.
Azterlanaren ondorio nagusia da, Euskaraldiak nabarmen astindu zituala parte-hartzaileen hizkuntza-ohiturak. Euskeraz jente gehiagok eta sarriago egin eben berba. Ganera, Euskaraldia amaitu eta hiru hilera, proportzino altuan eutsi jakezen ohitura barriei.
Irakurri txosten osoa hemen.
Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazo dauenez, ikerketea Euskaraldiaren lehen edizinoaren eragin praktikoen erradiografia bat da: Euskaraldia hizkuntza ohituretan eragin nahi dauen ekimen masibo eta barritzailea da. Ikerketeari esker neurtu ahal izan dogu zein neurritan izan dan eraginkorra. Topaguneko Elena Lakak ganeratu dauenez, hizkuntza ohiturak aldatzen hasteko aukerea izan zan lehenengo Euskaraldia. Hizkuntza ohiturak aldatzea epe luzerako lana da. Horregaitik, eragiten segidu behar dala uste dau Lakak, eremu barrietara zabalduaz eta eragile gehiagoren babesa lortuaz.
Soziolinguistika Klusterraren azterlanak ildo nagusi bi izan ditu, kualitatiboa eta kuantitatiboa. Kuantitatiboan, erabilerearen datuak batu ditue, Euskaraldian hasi baino lehen, bitartean eta ondoren, 18.000 lagunek erantzundako inkestetako datuei esker.
Ikerketa kualitatiboak, ostera, Euskaraldiaren inguruko diskurso sozialak jorratu ditu, parte-hartzaileen eta antolatzaileen lekukotzetan oinarrituta. Klusterreko Uxoa Anduagak azaldu dauenez, euskeraz berba egiteko gaitasun txikiagoa dabenek egin dabe aldaketarik handiena. Euskerazko gaitasun eta erabilera altua eukienek eta zonalde oso euskaldunetakoek ez ditue euren ohiturak horrenbeste aldatu.
Bederatzi ondorio nagusitan batu ditue ikerketearen emoitza guztiak:
1.- Ariketa soziolinguistikoa izan da Euskaraldia, eta alde horretatik, ondo egin da ariketea. Parte-hartzaileek ondo bete ditue euren eginkizunak, eta hartutako konpromisoak bete ditue, hobetzeko gauzak egon arren.
2.- Hizkuntza-ohituretan modu sakonean eragin dau Euskaraldiak, eta amaitu eta hiru hilera jarrera askori eutsi jake. Parte-hartzaile batzuei labur egin jake hamaika eguneko epea.
3.- Aldaketarik nabarmenenak eremu erdaldunetan egin dira, edo gaitasun linguistiko zein ohitura txikieneko jentearen artean.
4.- Ahobizi zein Belarriprestek egin dabe aurrera euskerearen erabileran. Gehien, Ahobizi euskaldun hartzaileek. Belarriprestak euskerazko alkarrizketetan modu naturalean sartu dira, Euskaraldiak sortutako dinamikei esker.
5.- Ahobizi euskaldun osoak izan dira parte-hartzaile gehienak. Baina beste kategoriek, batez be Belarriprest rolari lotutakoak, oso aberasgarri dira, eta hurrengo edizinoetan horreetan sakondu behar da.
6.- Mekanismo bi martxan jarri ditu Euskaraldiak: Gizarte-hitzarmena eta simetrismoa. Azken horri esker, euskerea entzuteak euskeraz berba egitera bultzatu ditu hainbat lagun.
7.- Euskeraz berba egiteko giro babesle eta edegia sortu da, hau da, euskeraz berba egiteko baldintza egokiak. Zailtasunak euki dituanari adorea emon deutso Euskaraldiak; euskeraz egiteko alferkeriaz ibili danari, motibazinoa.
8.- Euskerearen egoerearen inguruko ikuspegi errealistagoa emon deutse askori: eurek uste ebena baino euskera gitxiago erabilten ebela konturatu dira batzuk. Baina, euskeraz ulertu eta berba egiteko gogoz dagoan jente asko dagoala be ikusi dabe.
9.- Aurrerapen txiki ugari egon dira. Zailtasunak, hiru arlootan igarri ditue: gaitasun mugatua dabenakaz euskeraz berba egiteko jokabidea ez da asko zabaldu; alkarrizketa elebidunei luzaro eustea ez da erraza; eta besteei euskeraz egiteko eskatzean, deserosotasunak agertu dira.
Ondorioetan agertutako aurrerapausuetan sakontzeko eta alderdi negatiboak zuzentzeko, ekiten segitzea da giltzarria. 2020an Bigarren Euskaraldia egingo dala iragarri eben antolatzaileek ez aspaldi, eta urte birik behingo ariketa bihurtu nahi dabe.
Horrezaz gan, azterlaneko emoitzak zehatzago jorratzeko modua egongo da urriaren 9an, Tolosako Topic gunean. Aurtengo Euskal Soziolinguistika Jardunaldia Euskaraldia aztertzeko eta aurrera begirako ikasgaiak ateratzeko izango da. Hamaikagarren edizinoa izango da Tolosakoa, eta Eusko Jaurlaritzeak eta Soziolinguistika Klusterrak alkarlanean antolatu dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!